Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingok ukatu egin du ertzainentzat Osakidetzan sartzeko pribilegiozko baldintzak eskatzea aztertzen ari dela

2010.eko ekainak 17

Herrizaingo Sailak ukatu egin du Ertzaintzaren agenteentzat osasunaren sare publikorako pribilegiozko baldintzak eskatzea aztertzen ari dela sare horren gainerako erabiltzaileen kalterako, eta gure Polizian dagoen absentismoaren arazoari aurre egiteko sortutako mahai bereziaren bileretako batean sindikatuetako ordezkariei horren berri eman ziela gaineratu du. Ertzaintzaren osasun-zerbitzuaren eta lehen mailako arreta ematen duten zerbitzuen arteko harreman etengabea indartu egin nahi dute, baja hartuta dauden agenteen osasunari jarraipena hobeto koordinatuta egiteko. Herrizaingok, halaber, aurrekontu nahikoa eman nahi die titular pribatua duten kontzertatutako zerbitzu medikoei, beharrezkoa den kasuetan horiek aurreratu ditzaten proba diagnostikoak eta tratamenduak.

Neurri hauek guztiak absentismoari aurre egiteko mahaiaren konklusioak batzen dituen zirriborroan jaso dituzte. Lanerako agiri hori ez da behin betikoa eta paragrafoetako batean kasu puntualetan itxaronzerrendak arindu beharra aipatzen zuen. Sindikatuek jakin badakite Sailak ez duela inola ere eskatu nahi izan ertzainek lehentasuna izatea Osakidetzaren itxaronzerrendetan, baina paragrafo hori kendu egingo dute agiri horretatik dagoeneko sindikaturen batek egin dituen moduko interpretazio maltzurrak edo interesatuak saihesteko.

Ustez pribilegiozko baldintzak omen diren horiek ezartzea planteatu baino, Herrizaingo Sailak absentismoari aurre egiteko mahaian egin dituen proposamenek egun dauden baliabideak hobeto erabiltzea sustatu nahi dute, bereziki Sailak berak dituen baliabideak hain zuzen ere.

Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako kideek eta Ertzaintzaren Mahaian ordezkatuta dauden lau sindikatuetako kideek osatzen duten Batzordeak hilabeteak eman ditu lanean, eta horren  ondorioz, konklusio nagusiak biltzeko lehenbiziko agiri bat prestatu dute. Bertan, Ertzaintzan dagoen absentismoaren ezaugarriak aztertu eta horri aurre egiteko proposamen batzuk aurreratu dituzte...

Hasteko Ertzaintzan lan-absentismo handia egon badagoela eta azken urteotan etengabe hazi dela onartuta, Batzordeak konklusioak egin ditu hiru ikuspuntutatik begiratuta: bajei modu eraginkorragoan aurre egitea, agenteen artean motibazioa galtzea ekar dezaketen baldintzak aztertzea eta baja ziklikoak hobeto zaintzea.

Bajen kudeaketa hobea

Bajak hobeto kudeatzeko hartutako neurrien artean, agenteen osasuna eta beren lanak dituen osasun arriskuak hobeto kontrolatzeko proposamenak biltzen dira dokumentuan: prebentzio programak, laguntza psikologikoa eta lan arriskuei aurre egiteko ertzainen heziketa bultzatzea proposatzen da, besteak beste.

Era berean, eta Ertzaintzaren Hitzarmenak dioena betez, Herrizaingo Sailak, osasun publikoa alde batera utzita, itundutako osasun baliabideen erabilera bultzatzen du, 'beharrezkoa izanez gero, diagnostikoetarako frogak eta tratamenduak aurreratzeko, Osasun Zerbitzu Publikoan dauden itxaronzerrendak kontuan izanda'. Horretarako, Herrizaingok aurrekontu nahikoa eman nahi die kontzertatutako osasun zerbitzu pribatu hauei.

Motibazioaren galerari aurre egitea

Lanarekiko motibazioa galtzea eta ondorioz, baja hartzera daramatzaten egoeren harira, ertzainen lanarekin zerikusia duten faktore ezberdinak aztertzen ditu dokumentuak: lan egiteko sistema, txandak, langileen adina, lantokirainoko joan-etorriak, atseden aldiak, laneko giroa, lan aukerak, e.a. Sindikatuen ustez, guztizko langile kopurura heltzeko pertsonal nahikorik ez egotea da absentismoa eragiten duen faktore nagusia; gai honi eman dio dokumentuak garrantzia gehien. 

Zentzu honetan, Ertzaintzako langile kopurua % 100ean (8.000 agente) mantentzeko neurriak bultzatzen jarraitu behar dela azpimarratzen du dokumentuak. Horretarako, promozio berriak egitea proposatzen du, aurre jubilazioengatik galdutako agente kopurua murriztuko bailukete. Era berean, poliziak ez diren pertsonei administrazio arloetako lanak egiteko aukera eman beharko litzaieke eta horrez gain, bigarren jardueran dauden agenteak ez kontratatzea. 

Aipatutako neurrien barruan aipatzen den beste bat, Herrizaingo Sailak Hiritarren Segurtasunerako Laguntza Talde bat ezartzea da. Datozen asteotan jarriko da martxan talde berri hau, zerbitzutik kanpo dauden egunetan lan egiteko eskaerak murrizteko.

Gainera, sindikatuek egungo lan sistemaren aurka egindako kritikak ikusita, sistema aztertu eta ikertzeaz arduratuko den eta helburuak lortzen dituela eta behar bezala betetzen dela ziurtatuko duen batzorde bat sortu du Herriziango Sailburuak. Batzordeak ondorioztatzen duenaren berri emango zaio Ertzaintzako Kontseiluari. Hemen, sindikatuei beren ekarpenak egiteko aukera emango zaie.

Beste alde batetik, Herrizaingo Sailak lekualdatze eskaintza bat deitu nahi du aurki. Horretarako, hainbat urtetako egutegiak egingo ditu beharrezkoak diren espezialitateen arabera.

Absentismo ziklikoa

Batzordearen ondorioetan aztertzen den hirugarren gaia absentismo ziklikoarena da. Izan ere, azken urteotan halako absentismoa izan dutenen kopuruak gora egin du Ertzaintzako agenteen artean.

Dokumentuaren azken zatian agenteen osasunaren jarraipena eta kudeaketa hobetzeko zenbait proposamen ageri dira, esaterako, bajen kudeaketa, batez ere errepikakorrak edo iraupen luzekoak badira.

Ertzaintzaren Erregulazio Akordioan bildutako eskaerak betetzeko behar diren baliabideak abiatzea da aipatutako proposamenen helburu nagusia. Besteak beste, behin behineko ezintasun egoeran dauden agenteek beren egoeraren berri Osasun Zerbitzuari lehen egunetik ematea lortu nahi da eta baita, bajan dauden agenteek Osasun Zerbitzuko kontsultetara arrazoirik eman gabe joateari uztea ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan