Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak kostaldeko eta itsasoko alerta laranja aktibatuko du biharko, 7 metroko altuerara irits daitezkeen olatuengatik

2015.eko urtarrilak 28
Dena den, kostaldean ez du beste batzuetan bezain eragin bortitza izango, marea hilekin bat egingo baitu
 
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du urtarrilaren 29ko 21:00etatik urtarrilaren 30eko 24:00etara, itsasoko eta kostaldeko arriskuagatik. Izan ere, baliteke olatuek 7 metroko altuera ere izatea. Hala ere, kostaldean ez da espero beste kasu batzuetan bezain ondorio bortitzak izatea, marea hilekin bat egingo baitu denboraleak.
 

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iritziz, biharko egunean zehar olatuak gero eta altuagoak izango dira, 3 metro ingurukoak goizean eta 5 metrotik gorakoak iluntzean. Ostiralean, hilak 30, baliteke olatuak altuagoak izatea, 7 metrotik gorakoak, batez ere, egunaren lehen erdian, haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko baitu 7 eta 8 arteko indarrarekin.

Egunaren amaiera aldean, olatuak txikiagoak izango dira, 5 metro ingurukoak, eta baliteke asteburuan maila horri eustea. Laburbilduz, itsasoaren egoeragatik eta mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko duen haize bortitzagatik, nabigatzeko baldintza oso txarrak izango dira. Hala ere, nabarmendu behar da olatu altuek marea hilekin bat egingo dutela eta, horrenbestez, ez dela aparteko ondoriorik espero kostaldean.

Prezipitazio ugariak

Euskalmeten arabera, hurrengo bost egunetako eguraldia oso nahasia izango da. Hala, bihartik aurrera, denborale gogor bat jasango dugu EAEn, ipar-ekialdeko korridore bat sortuko delako Azoreetako antizikloiaren eta Europako iparraldean dagoen depresio sakon baten artean.

Korridore horretan hainbat fronte sortuko dira eta bete-betean eragingo digute. Hala, prezipitazio ugariak eta iraunkorrak izango ditugu, baita ipar-ekialdetik joko duten haize bortitzak ere, eta elurteak, gero eta maila baxuagoetan asteak aurrera egin ahala.

Baliteke egoerak otsailaren 3ra arte, asteartea, irautea. Bihar, hilak 29, goizeko bigarren erditik aurrera prezipitazioak nabarmenagoak izango dira. Oro har, iraunkorrak eta intentsitate ertainekoak izango dira. Gainera, baliteke uneren batean intentsitate handikoak izatea, batez ere ostiralean.

Kantauri isurialdeari dagokionez, datozen bost egunetan, prezipitazio kantitate handiak metatuko dira. Batezbestekoa 150 mm ingurukoa izango den arren, baliteke momentu batzuetan 200-250 mm-koak izatea.

Arabako Lautadan ere bildutako kantitateak deigarriak izango dira, 80 mm ingurukoak 5 egunean. Gainera, ostiral gauetik aurrera eta asteburu osoan, txingor-zaparradak izango dira Kantauri isurialdean.

Prezipitazio kantitate handienak ostiralean, hilak 30, jasoko dira. Baliteke metatutako gehienekoak 60-80 mm-tik gorakoak izatea Kantauri isurialdean, eta 30 mm-tik gorakoak Arabako Lautadan. Prezipitazioek astelehenera arte, hilak 2, iraungo dute gutxienez.

Elurra

Euskalmenten iragarpenen arabera, lehen egunetan elur-maila 1.000 metroren inguruan kokatuko da, eta baliteke asteburuan jaistea. Horrenbestez, prezipitazioek elur-forma izango dute gero eta maila txikiagoetan: larunbatean, urtarrilak 31, 1.000 metrotik 600-800 metrora jaitsiko dira arratsaldean eta 500-600 metrora egunaren amaieran. Gainera, baxuagoak izango dira ekaitzen eremuetan.

Dena den, elurrari dagokionez, egunik zailena igandea izango da, otsailaren 1a. Elur-maila gehiago jaistea espero da, eta baliteke 300-500 metrora jaistea, baita 100-200 metrora ere ekaitzen eremuetan. Bestalde, igandean baliteke ekaitz-zaparradak ohikoak izatea, batez ere kostaldean.

Haizea

Haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko du, eta indarra hartuko du bihar, hilak 29, arratsaldean. Baliteke gune irekietan 100 km/h-tik gorakoak izatea, bereziki, kostaldean eta Kantauri isurialdeko mendietan. Gune ez irekietan 70-80 km/h-ko abiadura izango dute, batez ere, kostaldetik gertu. Horregatik, baliteke batzuetan 80 km/h-tik gorakoak ere izatea.

Ostiral goizean, egoera antzekoa izango da, baina haizeak indarra galduko du egunak aurrera egin ahala. Asteburuan, ordea, haizeak indarra hartuko du berriz, eta baliteke kostaldean eta mendi inguruetan 80-90 km/h-koa eta gainerakoan 60 km-h-koa izatea.

Funtsean, egoera aurreikusitakoa bada, denborale gogorra jasango dugu, eta prezipitazio ugari, haizea, egoera txarreko itsasoa eta elurteak izango ditugu. Elurteei dagokienez, asteburuan, igandean batez ere, elur-maila baxua izango da eta baliteke elur kantitate nabarmenak pilatzea. Alderdi positibo bat aipatzearren, olatu bortitzek marea hilekin bat egingo dute, eta horregatik, ez da ondorio larririk espero Euskadiko kostaldean.

Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da (http://www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko