Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritza eta Vicomtech-IK4, teknologiarik aurreratuena kirol tradizionalen sustapenaren zerbitzuan jartzea xede duen proiektu europarra zuzentzen ari dira

2015.eko urtarrilak 28
  • Pilotarien eta Irlandako hurling, camogie eta futbol gaelikoko jokalarien mugimenduak eskaneatu eta grabatu dira, irudien atzipen tridimentsionaleko eta mugimendu sentsoreetako azken teknologietan oinarritutako lehen prototipoa garatzeko
  • 2013an abiarazi eta 2016an osatuko den proiektu honek aurrekaririk ez duen lankidetza sustatu du komunitate zientifikoaren, kirol erakundeen, kultur erakundeen eta kirolarien artean
  • Kirol eta joko tradizionalak zaindu, babestu eta sustatu beharreko europar ondare ukiezinaren osagaitzat jotzea da Irlanda, Erresuma Batua, Grezia eta Suitzako beste sei bazkide partaide dituen proiektu honen filosofiaren ardatz nagusia
  • Gaur goizean aurkeztu dute Fadurako Hoberkuntza Teknikorako Zentroan, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok eta Vicomtech-IK4n proiektua koordinatzen duen Maria Teresa Linaza
  • Kirol bakoitzaren estiloak eta joko-teknikak aztertu eta horien irakaskuntza eta entrenamendua erraztea ahalbidetuko duen hiru dimentsioko softwarea garatzea da RePlay-ren helburua
  • Datozen egunotan, ehun entrenatzaile, kirolari amateur eta ikasle baino gehiagok pilotako modalitate desberdinetan jardungo dute Fadurako frontoietan prototipoa testatzeko
 Aurkezpenaren bideoa zintzilik dago, esteka honetan:  

http://youtu.be/x8fXQ9ZQ0Jg

2015eko urtarrilak 28

Teknologia berriak erreskatean atera dira, Europako kultu r ondarearen osagai diren kirol eta joko tradizionalak —batzuk desagertzeko zorian daude— salbatzeko asmoz. Eta euskaldunak eta irlandarrak, kirolzaleen artean berealdiko grinak eta ikusminak sorrarazten dituzten pilota eta hurling-a bezalako kirol tradizionalak dituzten kontinente zaharreko herri nagusietako bi diren aldetik, zientzia, kirola eta kulturaren arteko lankidetzatik mamitutako RePlay proiektuaren abangoardian kokatu dira.

Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok eta Vicomtech-IK4 euskal I+G zentroan proiektua koordinatu duen Maria Teresa Linazak aurkeztu dute ekimena gaur goizean, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan, Getxon (Bizkaia).

RePlay-ren helburua, atzipen tridimentsionalerako teknologietan eta mugimendu-sentsoreetan oinarritutako plataforma digital bat abian jartzea da, kirol tradizionalak irakatsi eta ezagutarazteko era berriak ahalbidetu eta jokoen estiloak eta teknikak aztertu eta kirolarien entrenamendu-tek nikak hobetzeko asmoz.

Proiektua 2013an abiarazi zen, jatorrizko herrialdeetan oso sustraituta dauden jarduerei begira, Euskal Herriko pilota jokoa eta Irlandako hurling-a edo futbol gaelikoa tarteko direla. Kirol horietako trebetasunen eta teknika tipikoen digitalizazioa pilotaz praktikatzen diren beste kirol tradizional askotara ere hedatu ahal izango dira, eskuz eta oinez jokatzen direnak nahiz bateak, stickak, pala, zesta eta bestelako tresnen laguntzaz praktikatzen direnak barne. Horren haritik, RePlay-ren aholkularitza batzordeko kideen artean, Italiako tamburello, Frantziako jeu de paume edota valentziar pilota bezalako kiroletako federazioak daude, baita Euskal Pilotaren Munduko Kontseilua ere.

Kamerak eta gorputzari itsatsitako sentsoreak
Kamera berezien bitartez eta kirolarien gorputzei itsatsitako doitasun handiko mugimendu-sentsoreen laguntzaz, pilotarien, hurling deritzon kirolaren (hockeyaren antzekoa da, hurley izeneko stickak erabilt zen baitira, eta emakumezkoen bertsioa camogie izenaz ezagutzen da) eta futbol gaelikoko (modalitate honetan, eskua erabil daiteke) jokalarien mugimenduak eskaneatu eta grabatu dira, gaur goizean Faduran aurkeztu den lehen prototipoa garatu ahal izateko.

Hiru dimentsioko eta kostu txikiko software-plataforma honek kirol bakoitzari dagozkion mugimenduen estiloak eta teknikak aztertzea ahalbidetzen du, Europako kirol tradizionalak ulertu, zaindu, babestu eta sustatzeko asmoz. Prozedurak irudi tridimentsionalen atzipena, zerrendatzea eta indexazioa biltzen ditu, baita metodologien analisia eta beste kirol batzuetako emaitzen proiekzioa ere. Gainera, RePlay-k joko-estiloetan izandako aldaketan konparatu eta horien eboluzioa zientifikoki aztertzeko aukera eskainiko du, bideo-edukien gaineko atzerabegirako azterketak barne.

Kirol eta joko tradizionalak Europako ondare ukiezinaren osagaitzat jotzea da, Eusko Jaurlaritza, Vicomtech-IK4 eta Irlanda, Erresuma Batua, G rezia eta Suitzako beste sei bazkide partaide dituen proiektu honen filosofiaren ardatz nagusia. Europan, 3.000 kirol eta joko tradizional baino gehiago daude, eta horietako asko gainbeheran edo desagertzeko zorian daude. RePlay-k kirol hauetako zenbaiten gaineko kalitate handiko filmaketak eskainiko dizkie kirol erakundeei, museoei eta bestelako kultur erakundeei, Europar Batasuneko 2.300 liburutegi, artxibo eta museotako objektu digitalen kultur ondarea osatu duen Europeana europar liburu digitala tarteko.

Horren haritik, RePlay-k —2016an amaituko da, Zazpigarren Esparru-Programan diruz lagundutako bi milioi euroko aurrekontuaz— aurrekaririk ez duen lankidetza sustatu du komunitate zientifikoaren, kirol erakundeen, kultur erakundeen eta kirolarien artean.

Datozen egunotan, ehun entrenatzaile, kirolari amateur eta ikasle baino gehiagok pilotako modalitate desberdinetan jardungo dute Fadurako frontoietan, gaur jendaurrean aurkeztutako prototipoa testatzeko. Kirolariek  kostu txikiko hainbat gailuren aurrean eta giltzaduretan itsatsitako sentsoreen laguntzaz frogatuko dituzte beren trebetasunak, gorputz osoaren mugimendua hiru dimentsiotan erregistratzeko asmoz.

Grabazio hauek pilotarien “mugimendu idealekin” alderatuko dira, iazko urrian Oxford-en (Ingalaterra), Mikel Egiguren zesta-puntako munduko txapelduna, Mikel Gonzalez eskularia eta Laura Saez eta Jon Arriaga palisten lankidetzaz lortutako eredutik abiatuta. Sistemaren lehen erabiltzaile hauek emandako erantzun eta iruzkinak balio handi-handikoak izango dira produktuari azken doiketak egiteko, datorren urterako aurreikusita dagoen merkaturatzeari ekin baino lehen.

Bazkideak
Proiektua aurrera ateratzen ari den partzuergoa Europako bost herrialdetako zortzi partaidek osatu dute, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritza barne. Hauexek dira gainerako bazkideak:

-    Vicomtech-IK4 Donostiako Miramon Teknologia Parkean finkatutako ikerketa aplikatuko zentroa da, konputagailu bidezko grafikoetan eta multimedian diharduena. Irabazi-asmorik gabeko fundazio hau 2011n sortu zen, INI-GraphicsNet Foundation-en eta EiTB euskal irrati-telebista taldearen arteko joint venture gisa.

-    Clarity Irlandako ikerketa-zentro nazionalak bi ikerketa-arlo hauen arteko intersekzioan dihardu: sentsore adaptatiboak eta informazioaren tratamendua. Clarityk pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko teknologia berriak garatzen ditu osasuna, ingurumen kudeaketa eta eduki digitalen esparruetan.

-    MIRALab University of Genev 1989an sortu zuen Genevan (Suitza) zentroaren egungo zuzendari Nadia Magnenat-Thalmann irakasleak. MIRALab-eko ikertzaileek pertsona eta mundu birtualekin, errealitate mistoarekin eta multimedia teknologiekin lotutako alderdiak ikertzen dituzte. Zentroaren helburu garrantzitsuenen artekoak ditugu diziplina-arteko lana (zientzia konputazionalak eta ingeniaritza elektrikoa, medikuntza, fisika eta matematika, sareak eta multimedia, arkitektura eta diseinua, psikologia) eta partekatutako lan horren sustapena, pertsonen gaitasunak ulertu eta errealismoaz estimulatu ahal izateko.

-    IN2 2005ean sortutako spin-off unibertsitarioa da, 2007an Erresuma Batuan enpresa gisa erregistratu eta Bremen-en (Alemania) marka independentea daukana. IN2k multimedia edukiekiko interakzioetarako soluzio eta zerbitzuak eskaintzen ditu.

-    Gaelic Athletic Association/Cumann Lúthchleas Gael delako 32 probintziatako kirol eta kultur erakundea 1884. urtean sortu eta bost kontinenteetan hedatuta dago. Irlandako kirol erakunderik handiena da, baita mundu osoan dagoen kirol elkarte amateur handiena ere.

-    Information Technologies Institute (ITI) (lehengo Informatics and Telematics Institute delakoa) irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa sortu zen 1998an, Greziako Ikerketa eta Teknologiako Idazkaritza Nagusiaren babespean, instalazio nagusiak Salonikan dituela.

-    Vicon Oxford-en (Erresuma Batua) sortu zen 1984an, eta Oxford Metrics Group Plc. taldearen enpresa subsidiarioa da gaur egun. Vicon-ek mugimendua atzitzeko doitasun handiko 3D sistemak garatzen ditu. Kameren arloko bere negozio-ildo nagusiak (Vicon T-Series) bereizmen eta doitasun handia eta frame rates delakoa eskaintzen ditu, ia-ia edozein ingurunetan kalitate handiko atzipena bermatuz.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @frankInnovacion
    2015.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @CyberEuskadi: Vicomtech lidera un proyecto europeo para promocionar los deportes tradicionales con tecnología #RePlay http://t.co/CAU3t

  • @mifulapirus
    2015.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @CyberEuskadi: Vicomtech lidera un proyecto europeo para llevar tecnología a la promoción de los deportes tradicionales http://t.co/CAU3

  • @CyberEuskadi
    2015.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    Vicomtech lidera un proyecto europeo para promocionar los deportes tradicionales con tecnología #RePlay http://t.co/CAU3tGcZlh

  • @CyberEuskadi
    2015.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    Vicomtech lidera un proyecto europeo para llevar tecnología a la promoción de los deportes tradicionales http://t.co/CAU3tGcZlh

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Maria Teresa Linaza (Vicomtech-IK4)