Berriak Osasuna
Eu

Gripe kasuek gora egin dute Euskadin

2015.eko urtarrilak 28

Gripearen eraginaren tasa 100.000 biztanleko 363,71 kasutara iritsi da.

 Tasarik handiena 0 eta 15 urte bitartekoena da.

Gripearen eragina 100.000 biztanleko 363,71 kasutara iritsi zen joan den astean; tasarik altuenak 0 eta 4 urteko biztanleen artean izan dira, 1.275,5 kasurekin, eta 5 urtetik 14 urtera artekoetan, 1.312,3 kasurekin 100.000 biztanleko.

Mediku Jagoleen Sareak (sasoiko gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sarea, hiru lurralde historikoetako lehen mailako arretako zentroetako 38 sendagile generalistak eta 11 pediatrak osatua) emandako datuen arabera, egindako analisi mikrobiologikoek berretsi dute A motako birusari dagozkiola egindako isolamendu gehienak, eta, horren barruan, AH3 birusa gailentzen dela.

Lehen Arretako sarean gripearen sintomatologia zutela-eta 5.897 kontsulta izan ziren astean. Lurraldeka, Gipuzkoan izan dira tasa handiena, 294,6 kasu 100.000 biztanleko; hurrena Araba, 276 kasurekin 100.000 biztanleko, eta azkenik, Bizkaia, 100.000 biztanleko 254,4 kasurekin.

Gripe kasuen gorakada dela-eta, Osakidetzak hainbat neurri hartu ditu gripeak eragindako konplikazioak behar bezala artatzeko, bai ospitaleetan, bai larrialdietako zerbitzuetan. Horretarako, 465 ohe eta 346 profesional gehiago jarri ditu.

Gomendioak

Gripea gaixotasun birikoa da, hori dela eta, ez da antibiotikoekin tratatu behar.Antibiotikoek ez dute inolako efikaziarik birusen aurrean. Oso kasu puntualetan bakarrik, eta, nola ez, medikuaren aginduz, hartu behar dira antibiotikoak.

Gaixotasun hori desatsegina da, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez du tratamendu berezirik behar. Atseden hartzea eta likido asko eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko; horiexek dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin hitz egin beharko dugu.

Transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, ezinbestekoa da neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea, eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

Osasun Sailak gomendatu du gripearen sintomarik agertuz gero familia-sendagilearengana jotzeko eta haren azalpenei jarraitzeko.

 Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilak 28

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko