Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Inaziotar Bidea eta Donostia 2016 izango dira Euskadiren ekitaldi nagusiak 2015eko FITUR azokaren lehen egunean

2015.eko urtarrilak 28

Euskadiko erakundeetako ordezkariak eta turismoaren sektoreko 40 enpresa baino gehiago bilduko dira Euskadiren standaren inaugurazioan, eta erakundeen eta sektorearen arteko lankidetza izango da protagonista

 

Gaur, 13:00etan, inauguratuko dute Euskadiren standa FITURen. Hala gauzatuko da Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Countryren produktu turistiko nagusiak aurkezteko apustua, profesionalentzako urteko lehen azokan.

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzarekin, Turismoko zuzendari Mertxe Garmendiarekin eta Basqueourreko zuzendari Arantza Madariagarekin batera Euskadiko erakundeetako ordezkari ugari izango dira, besteak beste, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat diputatu.

Gainera, beste udal batzuren artean Bilbo, Donostia-San Sebastian eta Vitoria-Gasteizko udalak ordezkatuta egongo dira eta hainbat elkartek ere babestuko dute Euskadiren partaidetza 2015eko FITURen (Euskal Kostaldea Bizkaia, Gorbeialde, Jata Ondo, ASPAGI, Urola-Kostako mankomunitatea, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea, Euskadiko Turismo Agentzia Hartzaileen Elkartea, NEKATUR, Euskal Herriko Ostalaritza Federakundea, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Bilbao Ekintza, BEC, Arabako Merkataritzako eta Industriako Ganbera, Euskadiko Turismo Bulegoak, eta abar).

Euskadiren standa

Euskadik FITURen jarriko duen standak 700 metro koadro hartuko ditu, euskal ikonografia eta argazki esanguratsuak erakutsiko dituzten kutxa erraldoietan. Barrualdea kolorez beteta egongo da, eta han askotariko ekitaldiak egingo dituzte, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskadi Basque Countryren erakundeen eta sektorearen lankidetzaren isla.

Kutxa bakoitzak turismo-leku nagusi bat adieraziko du: hiriak (Bilbo, Donostia eta Gasteiz), euskal kostaldea, Arabako Errioxa eta mendiak eta aranak. Horiez gain, gastronomia eta enoturismoko eta Euskadiren informazio orokorreko kutxa bana ere egongo dira.

Euskadik turismoarekin lotutako gertakaririk garrantzitsuenak aurkeztuko ditu, profesionalen arteko topaketak bultzatuko ditu, turismoaren lehiakortasunari eusteko eta turismoak Euskadin aberastasuna eta enplegua sortzen jarraitzeko lan egingo du.

Standaren inaugurazioan, Itziar Epalza sailburuak turismoak Euskadiko ekonomian dituen datu onak nabarmenduko ditu:

«Gero eta ezagunagoak gara, gero eta internazionalagoak. Eusko Jaurlaritzak ingurukoetatik bereizten gaituzten ezaugarriak erakusten ditu Basque Country markaren bidez, eta hura Eusko Jaurlaritzaren apustua gero eta ezagunagoa da, baita gure mugetatik kanpo ere».

Lehen mailako merkatuetako promozioa indartzeak emaitzak izan ditu, eta atzerriko bisitari kopuruaren gehikuntza nabaria da azken urteetan:

  • Frantzia: % 45
  • AEB: % 42,2
  • Erresuma Batua: % 36,6
  • Alemania: % 23,5
  • Estatuko merkatuek ere gora egin dute, hala nola Andaluziak (% 45,2), Valentziak (% 20,8), Madrilek (% 16,7), Nafarroak (% 14,1), Galiziak (% 6,2) eta Gaztela eta Leonek (% 3,1).

 

Inaziotar Bidea

Gaurko ekitaldien artean, nabarmentzekoak dira Inaziotar Bidearen aurkezpena, 16:30ean, eta Donostia 2016 proiektuaren aurkezpena, 17:00ean. Azken hori ere bihar aurkeztuko diete Espainiako Turismo Bulegoei 14:30ean.

Itziar Epalza sailburuordeak, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Basquetourreko zuzendari Arantza Madariagak aurkeztuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Basquetourrek diseinatutako proposamen turistikoa. Horren bidez, turismo kulturala eta erlijiosoa egituratu eta sustatu nahi dute, Donejakue bide ospetsuarekin batera.

Euskadi eta Katalunia arteko Inaziotar Bidea produktu turistiko erakargarria da, eta merkatu nagusietan EAE ezagutarazteaz gain, barne hartzen dituen eskualdeen egoera hobetzen laguntzen du.

Basquetour Jesusen Lagundiarekin aritu da lanean, harena baita ekimena, San Inaziok Loiolatik Manresaraino egin zuen ibilbidea egituratzeko. Horrenbestez, hainbat erakundek hartzen dute parte (Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek, Azpeitiko Udalak eta Errioxako, Nafarroako, Aragoiko eta Kataluniako turismo-arduradunek, adibidez).

Donostia, 2016ko Europako Kultura Hiriburua: bi aurkezpen

Itziar Epalzak Donostia 2016ren aurkezpenak abiaraziko ditu Euskadiren standean. Herrialde-proiektu bat dela , Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak garatu baitu turismoaren alorreko beste erakunde batzuekin batera, eta Basque Country nazioartean turistikoki ezagutarazteko potentziala duela nabarmenduko du.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak proiektua sustatzen lagunduko du eta azokan egitasmoari buruzko bi aurkezpen egingo dituzte Euskadiren standean: gaur arratsaldeko ekitaldi publikoa eta Espainiako Turismo Bulegoetako zuzendarientzako aurkezpena bihar 14:30ean.

Proiektua bultzatzeko eta sustatzeko hainbat erakundek hartzen dute parte. Proiekzio handia du nazioartean, eta horri esker, Euskadi Europako gune kultural izango da datorren urtean. Europako kulturaren ordezkari ugari Donostian bilduko dira, eta nazioartean erakargarriak izango diren ekitaldi interesgarriak gauzatuko dituzte (batzuk abian daude jada).

Horrenbestez, Donostia 2016 Euskadiren erakusleihoa izango da, eta zenbait merkatuetan enbaxadoreak izan nahi ditugu, balizko bisitarien interesekoak izan daitezkeen alderdien berri eman dezaten.

Donostia Turismoko zuzendari Manu Narváezek eta Donostia 2016ren zuzendari Pablo Berastegik aurkeztuko dituzte proiektuaren zehaztasunak.

 

 

*Oharra. Egunean zehar ekitaldien argazkiak bidaliko ditugu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)