Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak bost mila larrialdi dei jaso ditu uholdeak direla eta

2010.eko ekainak 17

Azken orduotan izandako uholdeak direla eta, hiritarren bost mila larrialdi dei jaso ditu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak SOS Deiak 112 telefonoan. Horietatik 3.550 Bizkaitik egin dira, 1.239 Gipuzkoatik eta gainontzeko 165 deiak Arabatik.

Atzo (asteazkena), bereziki, izandako euri denboralearen ondorioz hiritarren bost mila larrialdi dei jaso zituen Herrizaingo Sailak. Uholdeek Bizkaian eragin zituzten kalterik larrienak, Gipuzkoan ere izan ziren baina ez ziren horren latzak izan. 

Herrizaingo Sailak bertaratu zituen baliabideek, Asua ibaiak gainezka egin ostean Sondikako Sangroniz industrialdean isolatuta geratu ziren 40 pertsonaren erreskatea ahalbidetu zuten. Era berean, larrialdi zerbitzuek Adinekoen hainbat Egoitzetako pertsonak toki seguruagoetara eraman behar izan zituzten, horietatik asko gaixoak.

Ertzaintzaren Talde Mugikorreko mendi eta urpekaritza taldeetako kideak Butroe eta Gobela ibaien inguruan zabaldu ziren. Horrela, hainbat pertsona erreskatatu zituzten Gatika eta Gamiz-Fikako udalerrietan. Bizkaia eta Gipuzkoan lanean aritu ziren Babes Zibileko boluntario talde ezberdinek ubideen egoera zaintzen aritu ziren eta isolaturik gelditu ziren pertsonen erreskate lanak egiteko zegoen arrisku maila aztertu zuten.

Erandioko Udaltzaingoak zazpi pertsona atera zituen urak hartutako etxe ezberdinetatik. 

Herriziango Sailak uholde arriskua zela eta deitutako alerta egoeraren berri eman zien SOS-Deiak 112ren bidez udalei, larrialdi zerbitzuei eta EAEn zerbituz publikoa eskaintzen duten enpresei beharrezko prebentzio neurriak har zitzaten. 

Uholdeek Bizkaian eragin zituzten kalterik larrienak, Gipuzkoan ere izan ziren baina ez ziren horren latzak izan. Denboraleak iraun bitartean hainbat taldetako kideak mobilizatu zituzten: Bizkaia eta Gipuzkoan zehar zabaldu ziren Babes Zibila, Suhiltzaileak, Gurutze Gorria eta DYAko erreskate taldeak, Uraren Euskal Agentzia (URA), Ertzaintza, Trafikoko Unitateak, Mendi eta Urpekaritzako Talde Mugikorrak eta Osakidetza. Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak kudeatu zuen guztien lana.   

Bizkaian hainbat gunetan jasan zituzten uholdeak eta euriteen bestelako ondorioak. Esaterako, Butroe ibaiak gainezka egin zuen Gatika, Maruri, Mungia eta Gamiz-Fikan, besteak beste. Hainbat etxabe eta garaje urak hartu ditu. Mungia Maruri eta Gatika arteko bidea itxi eta Goitioltza eta Toronto auzoetatik jendea erreskatatu behar izan zuten. Gobela ibaiaren arroan bestalde, Getxo, Berango eta Sopela izan ziren kalteak gehien sumatu zituzten udalerriak. Zenbait garaje eta etxabe urez bete zirela, zenbait errepide itxi zituztela eta enpresa eta tailer batzuek kalteak jasan zituztela izan ziren gertakaririk aipagarrienak. Asua ibaiaren inguruetan, Erandio, Sondika, Loiu, Derio, Zamudio eta Lezama izan ziren besteak beste udalerririk kaltetuenak, hemen ere etxabe eta garajeetan ura sartu baitzen. Era berean, Aireportuko eta Torrelarragoiti eta Sangroniz industrialdeetako sarreretako bideko zenbait errail eta Asuako bidegurutzea ere itxi egin behar izan zituzten. Ibaiak gainezka egin zuen Derion eta zenbait ibilgailu harrapatuta geratu ziren Sondikako Izartza eta Sangroniz auzoetan. Azken honetan gainera, industrialde batean isolatuta geratu ziren langileak atera behar izan zituzten. 

Cadagua ibaiaren kasuan besteak beste Balmaseda, Zalla, Gordexola eta Gueñeseko zenbait etxabe eta garaje urak hartu zituen eta Alonsotegin eta Sodupen ibaiak gainezka egin zuen. Puntu ezberdinetan errepideak itxi egin zituzten eta enpresa eta tailer batzuek ere kalteak izan zituzten. Egoera bereziki gogorra bizi izan zuten Gueñesko Iorgi auzoan, 7 pertsona helduri eta 4 haurri ostatua eman behar izan zieten. Basaurin (Artunduagako zubitik hurbil) ibaiak gainezka egin zuen eta zenbait etxabe eta garaje urez bete ziren. Hainbat tailer eta enpresa ere kaltetu ziren eta Arrankudiagako zenbait etxebizitza isolaturik geratu ziren.

Ibaizabalen arroan Bilbo, Galdakao, Bedia, Basauri, Lemoa, Igorre, Zornotza eta Artea izan ziren, besteak beste, udalerririk kaltetuenak, etxabeak eta garajeak urak hartu zituen hemen ere.

Era berean, ibaiak gainezka egin zuen Igorre, Lemoa eta Galdakaon. Udalerriotako puntu ezberdinetan errepideak itxi egin zituzten, N-634 errepidearen itxierak izan zituen ondorio nabarmenenak. Hainbat tailer eta enpresak kalteak izan zituzten, batez ere, Igorreko Firestone enpresak.

Gainera, zenbait etxebizitzatan eta Galdakaoko Adinekoen Egoitza batean kalteak jasan zituzten.

Gipuzkoari dagokionez, kalteak ez ziren horren esanguratsuak izan. Gertakaririk aipagarrienak errepideetan eragina izan zuten lurjausiak, zuhaitzak edota ur-putzuak izan ziren. 
 
Bizkaia, euriek gehien kaltetu duten probintzia
 
 
Atzo (asteazkena) EAE osoan izandako denboraleak Bizkaian, eta batez ere Bilbon, eragin zuen kalterik gehien. Betan bildu zen eguneko gehieneko euri kopurua. Euskal Meteorologia Zerbitzuak (Euskalmet) emandako datuetan ikusten denez, 138 mm ur bildu zituzten Abusun, 130 mm Deustun eta 129 mm Derion. Bizkaiko gainontzeko puntuetan 100-120 mm jaso ziren.

Aipamen berezia merezi du Mungian egindako euri kantitateak, 120 mm ur jaso baitzituzten 24 ordutan. Gipuzkoan bere aldetik, 90-100 mm bildu ziren Euskalmeten arabera eta, Araban berriz, 30-40 mm.

Euskalmeten arabera, isolaturiko depresio baten mugimenduak eta mediterraneo aldean beste depresio bat sortu izanak eragin dituzte hilaren 15ean eta 16an izandako egoera meteorologiko horren ezberdinak.

Izatez, asteartean (hilak 15) isolaturiko depresioa EAE gainean kokatu zen eta horrek zaparrada ertainak eta ekaitzak ekarri zituen; ez zen ur kopuru handirik bildu. Bestalde, atzo izandako euriteak askoz indartsuagoak izateaz gain etengabeak izan ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko