Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

HABEk zuzenketa eta zehaztasun batzuk egin nahi ditu urtarrilaren 21ean Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako prentsaurrekoan egin diren adierazpen batzuen aurrean

2015-01-27

2015eko urtarrilaren 21ean Gipuzkoako Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan, Hernaniko alkateak, udal euskaltegien izenean, hauxe adierazi du: “Eusko Jaurlaritzaren ekarpena jaisten ari den bitartean udalek euskalduntzera bideratutako finantzazioa hazten ari dela”. HABEk zuzendu egin nahi du emandako informazio oker hori; izan ere, legealdi honetan udal euskaltegientzat egin diren bi deialdietan honako kopuruak jarri ditu HABEk udal euskaltegientzat: 11.482.000 € (2013-2014 ikasturtea) eta 11.730.000 € (2014-2015 ikasturtea). Hernaniko Udal Euskaltegiaren kasuan, 220.726 € (2013-2014 ikasturtea) eta 222.742 € (2014-2015 ikasturtea). Ikusten denez, zenbatekoak ez dira jaitsi; aitzitik, orotara gora egin dute, euskaltegiek kasuan-kasuan duten jardueraren arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, bere aldetik, aldarrikatu du euskara ikastea doakoa izan beharko litzatekeela, eta Jaurlaritzari eskatu dio pausoak eman ditzan  doakotasunera bidean. Ez du aipatu, ordea, Jaurlaritzak 2005ean jarri zituela abian euskaltegietako ikasleentzako zuzeneko diru-laguntzak. Deialdi hori urtez urte egin du Jaurlaritzak, 2012an izan ezik. Baina 2013an Jaurlaritza honek berreskuratu egin zituen ikasleentzako zuzeneko diru-laguntzak, 700.000 €-ko dotazioarekin, eta 2015erako 1.000.000 €-ra igo ditu. Bizi dugun egoera ekonomiko zailean, beraz, nabarmena da Jaurlaritza  egiten ari den ahalegina -hainbat udalek dituzten laguntzak osatuz-  ikasleentzako kostuak leuntzeko, HABEren mailaren bat egiaztatzen dutenei matrikuletan ordaindutakoa -zati batean edo osorik- konpentsatuz. Horretaz gainera, euskaltegi publiko eta pribatu homologatuen jarduera finantzatzen laguntzeko HABEk 29.640.000 euroko dotazioa du 2015ean, ahalbidetzeko, hain zuzen ere, euskara ikasleek ordaindu behar dutena irakas-jardueraren berezko kostua baino nabarmen gutxiago izatea. Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo honetan udalei laguntzeko 533.166 euro izan dituelarik, gizalegezkoa dirudi besteren ekarpena aitortzea edo, gutxienik, aipatzea. Izan ere, euskara ikasteko erraztasunak lantzen aspaldian ari da Jaurlaritza, eta horretan aurrera egiteko asmoa eta borondatea du. Harrigarria da datu omisio eta zehaztasun falta hori, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria HABEren Patronatuko kidea denean eta, beraz, horren guztiaren jakitun denean.

Bestalde, Aldundiak adierazi du Gipuzkoako euskaltegien matrikula-hazkundea “Gipuzkoako erakundeek euskara normalizatzeko politika eraginkorrak abiatu dituztelako” izan dela. Berriz ere ahazten du, ordea, Autonomia Erkidegoan, helduen euskalduntzea sustatzen Gipuzkoako erakundeak ez ezik, Bizkaiko eta Arabako erakundeak, HABE eta Jaurlaritza, eta, jakina, euskaltegiak (lurralde guztietakoak) ari direla gogotik. 2014an, adibidez, uda kanpaina iragartzeko agerraldia egin genuen elkarrekin HABEk eta euskaltegiek, eta irailean “Poziktibity” egitasmoaren ildoan ikasturte hasierako matrikulazio kanpaina deigarria egin zuen HABEk, Reyes Prados euskaldun berriaren eta Anne Igartiburu euskaldun zaharraren solasaldi motibagarri bat  tarteko.  Beraz, Gipuzkoako erakundeek –baina guztiek, ez “batzuek” bakarrik- euskararen sustapenarekin duten konpromisoa aitortuz, beste guztiena ere aitortu nahi du HABEk, bai eta euskaltegiak eta HABE gauzatzen ari diren elkarlana ere.

Amaitzeko, Jaurlaritzak azpimarratu nahi du helduen euskalduntzearen datuek erakusten dutela euskara biziberritzean eta egoera soziolinguistikoan aurrera egin ahala, euskara ikasteko eta erabiltzeko gogoa eta interesa ere handitu egiten dela. Eta hori oso positibotzat jotzen dugu. Egoera soziolinguistiko aurreratuagoa izateak ere badu, beraz, merituaren parte bat honetan guztian. Hemen ez gaude inor soberan, guztiok gara beharrezko, eta guztion artean dugu euskara biziberritzea bultzatu behar. Horregatik, euskararen gaian alderdikeriaz ez jokatzeko eskatzen dio berriz ere Jaurlaritzak Gipuzkoako Aldundiari, merituak norberarentzat bakarrik gorde nahi izateak ez baitu zilegi egiten datu okerrik edo osatugaberik ematea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)