Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Urdaibairen garapenerako proiektua aurkeztu du, baina museoari ezetza eman dio

2010.eko ekainak 18

Eusko Jaurlaritzak Urdaibai Biosfera Erreserbaren garapen iraunkorrerako eta inguru hori suspertzeko proiektu bat aurkeztu du gaur. Proiektuaren arabera, Euskadin paregabekoa den espazio natural honek ez dakar inolako arazorik inguruaren garapen sozioekonomikorako; are gehiago, abagune bat da eta aukera ugari eskaintzen ditu. Bestalde, Urdaibain beste Guggenheim museo bat eraikitzeko proposamenarekiko desadostasuna azaldu du Jaurlaritza.

Manuel Salinero Lehendakaritzako idazkari nagusiak, Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak gaur goizean aurkeztu dute neurri berritzaileak dituen proiektu hau. Aurreikuspenen arabera, egitasmoa martxan jartzeko 132,31 milioi euro beharko dira.

Asmo handiko proiektuaren helburua biodibertsitatea gordetzea bermatzea, lehen sektorea dinamizatzea, eta Erreserbaren barruan kultura, industria, prestakuntza eta turismo ekologikoa bultzatzea da. Ahalegin koordinatua eta orekatua eskatuko du eta 2015era arte ezarri beharko diren ekintzak planteatzen ditu.

Proiektuan planteatutako ekintzak

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako agirian Erreserbarekin lotutako hainbat ekimen jaso dira. Ekimenon bidez, enpresariak, herritarrak, administrazio publikoak eta kultura eta zientzia mundua inplikatu behar dira, ikerketa eta berrikuntzaren arloan aukera handiak dituen inguru hau sendotzeko, jarduera ekonomiko berriak ezarriz eta Urdaibai nazioartean ere ezagutaraziko duten arretagune turistikoak eta produktuak bultzatuz. Ekimena 5 ardatz nagusitan oinarrituta dago.

Biodibertsitatearen esparruan, Euskadin aitzindaria den ekimen bat nabarmentzen da: Lurralde Zaintza. Horren bidez, ondare naturala gordetzeko eta garapen iraunkorra bultzatzeko ekintzen garapenean inplikatu nahi dira herritarrak.

Kulturaren alorrean, Gernikao Astra fabrikaren eraikina bere oneratzea eta birgaitzea proposatzen du testuak, Sormen Fabrika deituko zaion kultura eta arte sormenerako gune gisa eta bake-ekimen gisa. Bestalde, Arte eta Natura Biurtekoa deritzon proiektua abiatzea ere proposatzen du testuak.

Industria iraunkorrari dagokionean, bi proposamen nagusi aurkezten ditu proiektuak: batetik, ingurumenaren, ostalaritzaren eta turismoaren alorreko edukiak landuko dituen Lanbide Heziketako gune bat ezartzea Gernikan; bestetik, arkitektura, eraikuntza, moda, mugikortasuna, industria, etab. landuko dituen Euskadiko Ekodiseinuko Goi Mailako Institutua eratzea.

Azpiegituren alorrean, Muxikan Miango-Agerre-Untxeka industrialdea sustatzea proposatzen du proiektuak. Halaber, Busturialdeko saneamendu lanak amaitzeko beharrizana ere jasotzen da agirian.

Turismoari dagokionean, Urdaibain kalitatezko turismo ekologiko iraunkorra sustatzea du helburu gaur aurkeztutako proiektu berriak.

Ez Urdaibaiko Guggenheim museoari

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez dagoela ados Urdaibain beste Guggenheim museo bat eraikitzeko proposamenarekin, uste baitu horrek neurrigabeko inbertsioa behar duela eta, gainera, ez datorrela bat herrialdearen kultura eta museistika beharrizanekin.

Horren harian, Bilboko Guggenheim proiektua sustatuko duen aditu independenteen batzorde bat abiarazteko beharra nabarmendu du. Halaber, gaineratu du ez duela inongo baliabide ekonomikorik jarriko eginkizun horretarako, eta ezetsi egingo duela Bilboko museoaren aurrekontua Urdaibain Guggenheim museoa egiteko baliatzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, Pilar Unzalu, Manu Salinero