Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

700.000 euroko laguntza genero indarkeriaren emakumezko biktimentzat. (2015-01-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urtarrilak 27

LABURPENA

Jaurlaritzak argi berdea eman dio genero-indarkeriaren emakumezko biktimei bideratutako 2015eko laguntza-deialdiari.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ematen dituen laguntzok -2015ean, orotara, 700.000 euro- Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Integralerako Neurrien gaineko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusita daude, eta errenta maila jakin bat duten genero-indarkeriaren emakumezko biktimei ematen zaizkie.

2.556 eta 10.224 euro arteko laguntzak izango dira, kasuan kasuko emakumearen egoera pertsonal eta familiarra gorabehera. Laguntzok adinagatik, prestakuntza orokor edo espezializatu faltagatik edota bestelako gizarte arrazoiengatik lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten emakumeei bideratuta daude. Baldintza hauek bete behar dira laguntzok eskuratu ahal izateko:

a) Eskaera egiterako orduan gutxienez sei hilabete eramatea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta.
b) Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75etik gorako errentarik ez izatea (hilabeteko zenbaketan), bi aparteko ordainsariren zati proportzionala kontuan izan gabe.
c) Lana bilatzeko zailtasun bereizia izatea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez egiaztatuko dena.
d) Aurretik 1/2004 Lege Organikoaren gerizpean ezarritako laguntza hau jaso ez izana, ez Euskal Autonomia Erkidegoan ez Estatu espainiarreko beste edozein erkidegotan.
e) Genero-indarkeriaren egoera ezarritako moduan egiaztatzea, urtebete baino gehiago igaro gabe babes-neurriak indarrean jarri zirenetik eta laguntza hau eskatu arte:
- Genero-indarkeriatzat hartzen diren egintzak zigortzen dituen epaia; bertan, biktima babesteko neurriak jaso behar dira.
- Biktima babesteko agindua, eskabidea aurkeztean indarrean dagoena.
- Salbuespen gisa, eta harik eta babes agindua eman arte, salatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela dioen Fiskaltzaren txostena aurkeztu ahal izango da indarkeria mota hori egon dela egiaztatzeko.
f) Erasotzailearekin ez bizitzea (eta berarekin harremana amaitu izana).

Eusko Jaurlaritzak telefono bidezko informazio eta arreta zerbitzu espezializatu bat du genero-indarkeriaren emakumezko biktimentzat. Telefono-zenbakia 900 840 111 da eta 51 hizkuntzatan erantzuteko gai da. Biktimen senideek eta hurbilekoek ere dei dezakete.

Zerbitzu honek ez ditu bikotekideak edota bikotekide-ohiak eragindako genero-indarkeriaren emakumezko biktimak bakarrik artatzen. Era berean, beste kasu batzuei ere erantzuten diete: familia barruko genero-indarkeria, laneko sexu-jazarpena, sexu-erasoak, behartutako prostituzioa eta pertsonak sexu-ustiapenerako tratatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau