Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak bideak ikuskatzeko egutegia aurkeztu du

2015.eko urtarrilak 27
Hainbat arrisku-faktore zaintzeko eta kontrolatzeko 48 kanpaina izango ditu
 
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevo eta Ertzaintzako Trafikoko buruzagi nagusi Iñigo Ibarra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariekin bildu dira gaur, Bideetako arrisku-faktoreak ikuskatzeko eta kontrolatzeko egutegia aurkezteko. 2015ean abiaraziko dituzten zirkulazioko 48 kanpainaz osatuta dago.
 
Agenteek gauzatzen dituzten zirkulazioko kanpainen planifikazioa eta koordinazioa Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzaren eskumenekoak dira. Errepideetako segurtasuna handitzea eta zirkulazio-istripuetako biktimen kopurua txikitzea dute helburu.

Garbiñe Sáez Molinuevo, Trafikoko zuzendariaren ustez, sareko lana ezinbestekoa da, hau da, errepideetan prebentzioa eta segurtasun handiagoa lortzeko koordinatuta lan egitea.«Lankidetzaren eta elkarlanaren bidez soilik lortuko dugu EAEko errepideetako eta kaleetako istripu kopuruari buruzko datuak hobetzea», esan du.

Horrenbestez, helburuok lortzeko, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak hainbat lankidetza-baliabide prestatu ditu, besteak beste, lan-mahaiak, udaltzaingoak koordinatzeko batzordeak, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazio-batzordeak eta udaltzaingoen ataria.

Batzorde horiek oso erabilgarriak dira Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko komunikazio-arazoak ekiditeko, koordinazioa hobetzeko eta errazteko eta informazioa trukatzeko eta, hala, bide-segurtasuna hobetzeko.

Ikerketen eta estatistikako datuen arabera, istripuak ez dira kausa bakarraren ondorio, hainbat faktorek eragiten dituzte, esaterako: deskuiduek, abiadura desegokiak, nekeak, ibilgailua baldintza txarretan egoteak eta alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeak.

Horregatik, Errepideetako arrisku-faktoreak ikuskatzeko eta kontrolatzeko egutegian ezarritako datetan, arrisku-faktore horiek zainduko dituzte bereziki polizia-taldeek elkarrekin. Hala ere, udalerriek Eusko Jaurlaritzak proposatutako kanpainez gain beste batzuk ere antolatu ahalko dituzte.

2014an, ikuskaritza eta kontroleko 35 kanpaina burutu zituzten: 5 kanpaina deskuiduen kontra; 5 abiadurari buruz, 2 harrapaketei buruz, 4 alkoholaren eta drogen inguruan, 2 ibilgailuen egoera teknikoen inguruan, 3 txirrindulari eta motoristei zuzenduak, 2 eskolako autobusen segurtasun-gailuei buruz, 4 ibilgailu partikularren segurtasun-gailuei buruz eta 8 salgaien eta pertsonen garraioari buruz. Guztira 17.807 kontrol egin ziren eta 307.646 laguni egin zitzaien probaren bat; horietan 11.068 arau-hauste hauteman ziren (% 3,6).

2015. urtean, txirrindularien eta auto-gidarien kontrolari emango zaio garrantzia, baita bi talde horien arteko harremanari ere. Bigarren mailako errepideen ikuskaritza eta salgaien pisatzea ere hartuko dira kontuan.

Istripuei buruzko adierazle guztiek beheranzko joera izan dute Euskasin 2001etik. Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok adierazi duenez, EAEko erakunde guztien elkarlanari esker gertatu da. «Azken urteetako datuak positiboak dira, baina zifra positibo horiei eusteko era koordinatuan lanean jarraitu behar dugu. Bide-segurtasuneko Ertzaintzaren eta udaltzaingoen elkarlanaz gain, auto-gidariek, txirrindulariek eta oinezkoek jarrera egokiaz eta arduraz ibili behar dute. Zuhurtzia, arreta eta ardura funtsezkoak dira behar bezala zirkulatzeko eta biktimak saihesteko», azaldu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Ibarra