Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek Bergarako San Martin Agirre ikastetxearen Haur Hezkuntzako eraikin zaharberritua inauguratu du

2015.eko urtarrilak 24
  • Eusko Jaurlaritzak 3,8 milioi euro bideratu ditu Haur Hezkuntzako instalazioak birgaitzeko
  • Lanbide Heziketako Miguel Altuna Institutuaren eraikin berria egiteko lanen lizitazioa hasia dela aurreratu du sailburuak; 12,5 milioiko aurrekontua izango du

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak San Martin Agirre ikastetxearen Haur Hezkuntzako instalazio zaharberrituak inauguratu ditu gaur goizez Bergaran. Eusko Jaurlaritzak 3.841.909 milioi euro inbertitu ditu lan hauetan, BEZ barne. Ekitaldia jai giroko ospakizunean burutu da, hezkuntza komunitate guztiari eta Bergarako herritarrei irekia izan baita. Bere hitzaldian, sailburuak aurreratu du Lanbide Heziketako Migel Altuna Institutuaren eraikin berria –hau ere Bergaran- egiteko lanen lizitazioa hasia dela dagoeneko.

Bergarako Haur eta Lehen Hezkuntzako San Martin Agirre Ikastetxeak 535 ikasle ditu gaur egun: 319 Lehen Hezkuntzan, eta 216 Haur Hezkuntzan. Azken hauek, Haur Hezkuntzakoek, estreinatu dituzte 2014-2015 ikasturte honetan zehar instalazio zaharberrituak. Birgaitze proiektuak garai bateko Martinez de Irala ikastetxearen instalazioak berritu (1973an eraikia), eguneratu eta egokitu ditu. Ikastetxeak dituen hiru eraikinak eraberritu dira: Eraikin nagusia, haurreskola, sukaldea, jangela eta ikasgelak dituena; Kiroldegiaren eraikina, kirol-kantxa, aldagelak eta biltegiak dituena; eta Haur Hezkuntzako eraikina, 2 urtekoen gelak dituena. Birgaitutako hiru eraikinek, orotara, 2.996,37 metro koadro dituzte.

Haur Hezkuntzan egin diren lan nagusiak

Aipaturiko hiru eraikinetan egin den eraberritzea eta eguneratzea erabatekoa izan da, eta hauek dira egin diren lan nagusiak:

-         Irisgarritasun lanak: igogailua ipini da, eta sarrerako arranpak eraikinen sarreretan

-         Fatxadak: fatxada berriak gainezartzea, isolamendu eta guzti

-         Arotzeria: kanpoko nahiz barruko arotzeria guztia berritu da

-         Instalazioak: berogailu sistemaren hoditeria, argi indar sarea, iturgintza, saneamenduak, barneko argiztapena, eta berogailu galdara berriak; ahots eta datu sarea ezartzea

-         Sute kontrako instalazioak: larrialdietarako eskailerak eta irteerak

-         Barne hobekuntzak: zoru berria barnealde guztietan, material  bero eta iraunkorrekin; sabai berriak; hormak margotzea

-         Kanpoko urbanizazioa: haurreskolarako jolasguneak kanpoan; sarrera-irteerak berritzea; kanpo aldean irisgarritasuna hobetzea

Eraberritze lanek 3.841.909 euroko aurrekontua izan dute

Migel Altuna Institutuaren lizitazioa

Inaugurazio ekitaldiko hitzaldian, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua pozik azaldu da Haur Hezkuntzako instalazioetan egin diren lanen emaitza ikusita, eta nabarmendu nahi izan du, berak zuzentzen duen Sailak egin duen ahalegina hezkuntza komunitatearekin elkarlanean egindako ahalegina izan dela. “Gaurko ekitaldi honek frogatzen du Euskal Eskola Publikoak aurrera egiten duela guztion lankidetzarekin. Ikastetxeko komunitatea osatzen duzuen kide guztien laguntza eta lankidetzarekin eraiki dugu espazio berri hau”.

Ondoren, Bergararako beste hezkuntza-azpiegitura garrantzitsu bat izan du hizpide Cristina Uriartek: Lanbide Heziketako Migel Altuna Institutuaren eraikin berria. Sailburuak azaldu du aste honetan bertan argitaratu dela Europako Batasunaren aldizkari Ofizialean (DOUE) lanen lizitazioaren iragarpena. Hauxe da lizitazioaren lehen pausua. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak 2015ean zehar aterako du institutu honen lanen lizitazioa, 12,5 milioi euroko esleitze aurrekontuarekin.

 

Bergaran, 2015eko urtarrilaren 23an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)