Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Haurreskolak Partzuergoaren Batzar Nagusia

2015.eko urtarrilak 23

ISEI-IVEIren inkestari erantzun dioten familien %98ak uste du partzuergoak ematen duen zerbitzua ona edo oso ona dela

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua buru zela, Haurreskolak Partzuergoak Batzar Nagusia izan du gaur goizez Donostian. 2014an burututako jardueren eta 2015erako aurreikusitako ekintzen berri eman du bertan.

Egun EAEko udalen %70ak parte hartzen du Haurreskolak Partzuergoan, Udal horiek Euskadiko biztanleen %90a barne hartzen dutelarik.

Joan zen urtean burututako ekintzen artean, nabarmentzekoa da bi haurreskola berri ireki zirela: Gasteizen bata (Mariturri) eta Donostian bestea (Intxaurrondo). Horiez gain, beste zazpi haurreskola handitu ziren (1 Araban, 4 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan).

Hezitzaileen etengabeko prestakuntza izan da berriro ere partzuergoaren jardueran pisua izan duen arloa. 1.051 hezitzailek parte hartu dute formazioan 2014an, 10 orduko ikastaroetan eta 40 orduko mintegietan

Formazioa gurasoengana ere heldu da lehen aldiz 2014an, hezitzaileentzako eta gurasoentzako jardunaldi pedagogikoak antolatu baitira. Familiekiko harreman zuzen hauek hezitzaileen lana hobetzen laguntzen dute.

Partzuergoaren lanaren inguruan familiek duten balorazioaz berriz, ISEI-IVEI institutuak eginiko asebetetze-inkestaren emaitza ezagutarazi da. Galdeketa honi erantzun dioten familien %98ak uste izan du zerbitzua edo ona edo oso ona dela.

2015erako, eta Cristina Uriarte sailburuak zehaztu duenez, 100 plaza berri eskaiko ditu partzuergoak, eta 8.200 plazako kopurura iritsiko da honela. Era berean, sailburuak azaldu du, datorren ikasturteari begira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila aztertzen ari dela familiek ordaindu beharreko kuotak euren errentara egokitzea.  

Orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzaren zehar-politika nagusiekin bat egin du Partzuergoak, bereziki Hezkidetza eta gizonen eta emakumeen aukera-berdintasunarekin, batetik, eta Hizkuntza Politikarekin, bestetik.

Euskararen erabileraren normalizazioan, azkenik, aurrera pauso garrantzitsua iragarri da: 2014an zilarrezko “Bikain” ziurtagiria jaso zuen Haurreskolak Partzuergoak eta, 2015etik aurrera, urrezko ziurtagiria eskuratze aldera onartutako Euskara Plana garatuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)