Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kanpo Ekintzaren Legearen hainbat artikuluri buruzko ituna egin dute Auzitegi Konstituzionala ekidinez

2015.eko urtarrilak 25
  • Eusko Jaurlaritzak Estatuko Kanpo Ekintza Legearen aurrean jarrera oso kritikoarekin jarraitzen du, honek autonomia erkidegoen atzerriko ekintzak kontrolatu eta mugatu nahi dituelako.
  • Eusko Jaurlaritzak akordioaren balorazioa positibo egin du, espresuki aitortzen duelako Euskadik duen «autonomia politikoa» Estatuaren kanpo-politikako zuzentarauekiko.
  • Cristóbal Montorok eta Josu Erkorekak dagoeneko sinatutako dokumentuak 11 manuren interpretazioa argitzen du, Euskadik, bere eskumenen esparruan, gauzatutako atzerri-proiekzioko ekintzak babestu eta indartuz.

 

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Espainiako Ogasun eta Herri Administrazioetako ministro Cristóbal Montorok sinatutako akordioaren bidez, ez da helegiterik aurkeztuko Konstituzio Auzitegian Estatuaren Kanpo-ekintzaren eta -zerbitzuaren martxoaren 25eko 2/2014 Legearen aurka.Akordioa Estatuaren eta Euskadiren arteko Aldebiko Batzordean 6 hilabetez negoziatu eta gero lortu da. Espainiako eta Euskadiko aldizkari ofizialetan argitaratuko da datorren astelehenean, hilak 26.

Sinatutako testuak hamaika manuren interpretazioa argitzen du (1., 3., 5.2., 11., 12., 13., 34., 35. eta 38. artikuluak, lehen xedapen gehigarria eta azken xedapenetan bigarrenaren 2. paragrafoa). Hala, Euskadik bere jarduera esparrua diseinatu eta babestu ahalko du kanpo-gaietan. Akordioaren arabera, aldebiko informazio- eta kolaborazio-sistema ezarriko da, ez diona eragingo Euskadiri bere interesak kudeatzeko espresuki aitortutako autonomia politikoari. Hala bada, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan gauzatutako ekintzek ez dute nahitaez Estatuaren baimenik jaso beharko.

Era berean, akordioaren arabera, Estatuak onartutako Kanpo-ekintzako Estrategiak autonomia-erkidegoei eragiten dieten ekintzak barne hartuz gero, Euskadik izango du horien plangintza egiteko eta atzerrian gauzatzeko eskumena. Estatua, berriz, horiek arautu eta koordinatzera mugatuko da.

Eusko Jaurlaritzak Estatuko Kanpo Ekintza Legearen aurrean jarrera oso kritikoarekin jarraitzen du, honek autonomia erkidegoen atzerriko ekintzak kontrolatu eta mugatu nahi dituelako. Edozein kasutan, Espainiako Gobernuarekin Aldebiko Batzordean izandako negoziazioetan Jaurlaritzaren ardatza izan da, lege honek Euskadiko kanpo ekintzan izan dezakeen eragina ahalik eta gehien murriztea eta Euskadiren kanpo ekintza propioa babestea.

Eusko Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du lortutako akordioari buruz, kanpo-gaietako euskal eskumena indartzen duelako, Konstituzio Auzitegiak 165/1994 doktrinan, Eusko Jaurlaritzaren Bruselako bulegoari buruzkoan, hasitako bideari jarraipena emanez.

Gainera, akordio garrantzitsua da, legeak eragindako nahasmena argitzen duelako; izan ere, legeak, itxuraz behintzat, autonomia-erkidegoen kanpo-proiekzioko ekintzak mugatzeko gaitasuna esleitzen zion Estatuari. Nahasmen horren ondorioz, Estatuaren eskumenak neurriz kanpo eta modu inbaditzailean aplikatu zitezkeen nazioarteko harremanen esparruan.

 

AKORDIOAK ALDEBIKO BATZORDEAN

Legegintzaldi honetan, Euskadiko eta Espainiako gobernuek, orotara, 7 osoko akordio lortu dituzte, Konstituzio Auzitegian beste hainbeste helegite aurkeztea ekidin dutenak. Gainera, beste 3 zatikako akordio lortu dira beste hainbeste legeren interpretazioari buruz, baina horiek ez dute ekidin Konstituzio Auzitegian helegitea aurkeztea, eskumenak inbaditzeagatik:

  • Konstituzio Auzitegian helegitea aurkeztea ekidin duten osoko akordioak: Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko euskal legea; Dopinaren aurkako euskal legea; Aurrezki kutxen Euskadiko Legea; Kostaldea babesteko eta modu jasangarrian erabiltzeko 2/2013 Espainiako Legea, Kosten uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatu zuena; Hiri-birgaitze, -oneratze eta -berritzeari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Espainiako Legea; Merkatu-batasuna bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Espainiako Legea; eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Espainiako Legea.
  • Akordio partzialak: Hezkuntza arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurrien 14/2012 Errege Lege-dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren jasangarritasun bermatzeko eta prestazioen kalitate txarra eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurrien 16/2012 Errege Lege-dekretua eta Hezkuntza-kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Legea. (LOMCE)
2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2015.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [#BASQUECOUNTRY] Gobierno Vasco y español acuerdan varios artículos de Ley de Acción Exterior y evitan acudir al TC ➡ http://t

  • @Gob_eus
    2015.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    [#BASQUECOUNTRY] Gobierno Vasco y español acuerdan varios artículos de Ley de Acción Exterior y evitan acudir al TC ➡ http://t.co/Mc3qciLvvX

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)