Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritza Guatemala eta Kolonbiako Giza Eskubideen segimendua egiteko euskal ordezkaritza baten buru

2015.eko urtarrilak 24
  • Jazarpena eta mehatxuak jasotzeagatik Euskadira ekarritako pertsonen egoeraren berri izatea da helburua, beren herrialdeetara bueltatu ostean.

Eusko Jaurlaritza datorren astean Guatemalara joango den ordezkari-talde baten buru izango da. Giza eskubideen defendatzaileak babesteko programaren barruan Euskadira ekarritako pertsonen egoera aztertuko dute ordezkariok, orain beren jatorri-herrialdeetara itzuli baitaude. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, bi ordezkari izango dira: Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando, eta Garapenaren Lankidetzarako Euskal Agentziako zuzendaria, Paul Ortega. Haiekin batera izango dira Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Herritarren Partaidetzarako Batzordeko kideak, bai eta Gehituko zein CEAR Euskadiko ordezkariak ere.

Jaurlaritzaren programa honetara hiru aktibista atxiki ziren iaz: Jorge López, Guatemalakoa, OASIS erakundeko liderra (gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideak defendatzen dituen taldea), bere herrialdean eraso eta jazarpen ugari jasotakoa; Luz Marina Palacios, Cauca Haranekoa (Kolonbia), nekazariei eta jatorri afrikarreko kolonbiarrei laguntzeko egindako lanarengatik mehatxuak jasotakoa; eta Yolima Bedoya, Medellín (Kolonbia), muturreko zaurgarritasun-egoeran dauden hiri-komunitateen aldeko aktibismoagatik jazarpenak jasoa.

Guatemalan hainbat kolektibo eta erakundetako kideekin elkartuko dira ordezkariak aste osoan, bertatik bertara ikusteko zer egoeratan dauden pertsonok eta beren erakundeak, Euskadin sei hilabete eman ostean. Programa horren barruan, gizarte zibileko giza eskubideen alorreko erakundeen arduradunekin bilerak egingo dituzte, edota alor horretan jarduten duten Guatemalako erakundeetako ordezkariekin eta nazioarteko erakundeekin elkartuko dira. Era berean, Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziaren lan egiten duten eta mehatxuak, erasoak edota jazarpena jasaten duten erakundeekin eta kolektiboekin ere elkartuko dira.

Bisitaren ostean, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Monika Hernandok, Kolonbia aldera egingo du, iaz Euskadin izandako bi aktibisten berri izatera. Euskadiko gainerako ordezkariak bueltatu egingo dira.

 

Aurtengo deialdia zabalik

Giza eskubideen defendatzaileak behin-behinean babesteko programa Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak gidatzen du, eta helburua da giza eskubideak defendatzeagatik beren herrialdeetan jazarpena edota mehatxu larriak jasaten dituzten pertsonak Euskadira aldi baterako ekartzea.

Programara atxikitzeko aurtengo hautagaiak aurkezteko epea irekita dago. Interesa daukaten erakundeek, elkarteek eta GKEek martxoaren 15era arte izango dute beren hautagaitzen formularioak aurkezteko, eta CEAR Euskadira bidali beharko dituzte (programa.proteccion@cear.es), hura arduratzen baita programa kudeatzeaz.

Eskaerak jaso ostean, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak Hautaketa Batzordea deituko du, eta hark aukeratuko ditu aurten Euskadin sei hilabetez izango diren hiru pertsona. Era berean, Harrera Sarea sortuko da, aukeratutako pertsonen erakundeekin koordinatzeaz ardura dadin.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2015.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    [GIZAESKUBIDEAK] @Gob_eus Guatemala eta Kolonbiako Giza Eskubideen segimendua egiteko euskal ordezkaritza baten buru ➡http://t.co/fopzLHFyV0

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)