Berriak Osasuna
Eu

Euskadik eta Nafarroak indarrak batu dituzte Osasun arloko Lankidetza eta Arreta Akordio berrian

2015.eko urtarrilak 23

Osasun sailburu Jon Darpónek eta Marta Verak berariazko lankidetza-akordioa sinatu dute gaur goizean, 1998an sinatutakoa ordeztu eta datozen hiru urtetan indarrean irauteko.

 Akordioaren helburu nagusia da bi autonomia-erkidegoon gune mugakideetako biztanleei osasun-arreta eskaintzea eta Nafarroaren eta Euskadiren artean lankidetza-mekanismoak ezartzea, osasun arloko arazo arruntei modu koordinatuan aurre egiteko.

Gaur goizean, Osasun sailburu Jon Darpónek eta Marta Verak osasun-arretako lankidetza-akordioa sinatu dute Donostian, bi autonomia-erkidegoen arteko osasun-arreta sendotzeko. Euskadiko eta Nafarroako Foru Erkidegoko eremu mugakideetako 13.000 herritarrei egingo die mesede akordioak.

Jon Darpón sailburuaren hitzetan, «akordio honen helburua pertsonak eta gure osasun-sistema publikoen eraginkortasuna eta elkartasuna dira».

Halaber, euskal sailburuak Nafarroaren eta Euskadiren arteko harreman ona nabarmendu nahi izan du eta adierazi duenez, akordio hau «oso onuragarria da alde bientzat eta, nagusiki, bi erkidegoen eremu mugakideetako biztanleentzat, arreta ona, Euskadiko eta Nafarroako gainerako herritarrei eskainitako kalitate eta ekitate berdinekoa, jasoko dutenaren ziurtasun osoa eduki dezaketelako».

Nafar sailburu Marta Verak azpimarratu duenez, «bi erkidegoetako osasun-langileek eremu horietako herritarrei osasun-arreta emateko konpromisoari tinko eutsi diote aspaldi honetan. Akordio honen bitartez konpromiso hori bermatu nahi da, lankidetza-esparrua handituz». Gaineratu duenez, «bi erkidegoen lankidetzarako eta elkarlanerako prestasunaren isla da sinatu berri dugun akordioa, funtsean, gure bi erkidegoen eremu mugakideetako biztanleen osasun-arreta hobetzeko xedea duena».

Gaur sinatutako akordioaren konpromisoen artean dago osasun-arretarena. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoak, Osakidetza, Euskal Osasun Zerbitzuaren bidez, eta Nafarroako Foru Erkidegoak, Osasunbidea, Nafar Osasun Zerbitzuaren bidez, osasun-arreta eskainiko diete beste erkidegoko biztanleei, eremu geografiko mugakideetan baldin badaude edo beste autonomia-erkidegoko osasun-teknikak edo -jarduerak beharrezkoak badira.

Zehazki, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak arreta espezializatua eskainiko die Osasunbidea, Nafar Osasun Zerbitzuaren lehen arretako medikuek bideratutako pazienteei, baldin eta nafar udalerri hauetan bizi badira: Arano, Arantza, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi eta Lesaka.

 

Araban, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak osasun-arreta eskainiko die Cabredoko Kupoak barne hartzen dituen udalerrietatik bideratutako pazienteei. Barne hartzen dituen udalerriak honako hauek dira: Cabredo, Genevilla, Lapoblación, Marañón eta Meano.

Hau da, guztira, 13.000 pertsonari ekarriko die onura bi erkidegoek 1998an sinatutako akordioa eguneratu eta ordezten duen akordioak.

Halaber, akordioak elkarrekiko interes handieneko esparruak xehetasun handiz arautu ditu: espezialitate batzuetako bigarren aukerak, nagusiki, neurokirurgian eta onkologian; osasun publikoko laborategien arteko kolaborazioa; pazienteak, protokoloak eta arreta bideratzeko garaian, eta ondorioetan, erdietsitako elkarrekikotasuna. Esparru horri dagokionez, protokoloaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren osasun publikoko laborategiak gauzatuko du Osasunbidea-Nafar Osasun Zerbitzuko arreta-zentroetatik eta -zerbitzuetatik bideratutako Jaioberrien bahetze programa. Gauzatzeko, jaioberriak kudeatzeko aplikazio informatikoaren erabilera lagatzea erabaki da, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da eta.

Osasun arloko lankidetza- eta arreta-akordio aktibo berriak, beraz, bi osasun-sistemon arteko elkarlotura sendotu eta aurreko akordioek baino esparru zabalagoa barne hartzen du. Esate baterako, 2014ko urtarrilaren 8an Jon Darpónek eta Marta Verak sinatutako konpromisoa, Osasunbideak eta Osakidetzak Bortzirietako pazienteen historia klinikoetarako sarbidea izatekoa, 2018 urtera arte indarrean egongo den akordio berri honetan txertatu da.

 

 

                                               Donostia, 2015eko urtarrilak 23

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Marta Vera Nafarroako Osasasun sailburua