Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadin jokatuko dira 2015eko Itsas Joko Atlantikoak

2015.eko urtarrilak 23
  • Orion eta Zarautzen izango dira, uztailaren 14tik 16ra
  • Europa Atlantikoko 20 eskualdetik etorritako ia mila kirolari gazte lehiatuko dira hainbat itsas kiroletan.
  • Parte hartzaileen arteko kirol eta kultur trukeak eta adiskidetasun harremanak sustatu nahi ditu ekimenak

Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak XXI Itsas Joko Atlantikoak aurkeztu ditu gaur goizez Donostian. Uztailaren 14tik 16ra bitartean, eremu atlantikoko 20 herrialdetako ia mila kirolari batuko dira (14-16 urte) Orio eta Zarautzera bela, surfa, arrauna, piraguismoa, igeriketa eta urpeko jardueretan lehiatzera. 2008an ere Euskadi izan zen joko hauen antolatzaile, Getxon eta Sopelan burutu baitziren orduko hartan. Gaur goizeko aurkezpenean parte hartzaile izan dira honako hauek ere: Paco Quiroga, Itsas Joko Atlantikoen Nazioarteko Batzordeko presidentea; Javier Zuriarrain, Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) presidentea; Ikerne Badiola, Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua; eta Beñat Solabarrieta eta Juan Luis Illarramendi, Orio eta Zarauzko alkateak.

Hautaketa prozesua pasatu ondoren, Orio eta Zarauzko hautagaitza Parisko Itsas Azokan berretsi zen. Bertan ziren Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendaria, Rafa Munilla, 2015eko Joko Atlantikoen zuzendaria, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Orio eta Zarauzko udaletako ordezkariak ere. Nazioarteko Batzordearen eta aurtengo Antolaketa Batzordearen arteko lankidetza hitzarmena ere Parisen sinatu zen abenduan. Orduko hartan, dagoeneko, Antolaketa Batzordeak garbi erakutsi zuen zein zen bere asmoa: Itsasoan ikuskizun bikaina ematea eta Joko Atlantiko onenak eskaintzea, kirolariak, haurrak eta ikusleak protagonista izango dituena.

Horrela bada, Gipuzkoako kostaldeko bi herriok uretako kirolaren festa hartuko dute uda honetan. Euskadi 2008an ere izan zen Itsas Joko Atlantikoen antolatzaile, Getxo eta Sopelan. Aurten beste behin ere, kirola, kultura eta adiskidetasuna elkartrukatzeko ekimen honetan talde nabarmenenetakoa izateko aukerak ditu Euskadik.

Orio eta Zarauzko Itsas Joko Atlantiko hauek partaidetza handikoak izango dira, bai kirolarien aldetik, bai eta ordezkaritzei dagokienez ere. Atlantikoko 20 eskualdetako ia mila partaide lehiatuko dira gorago aipaturiko kirol espezialitateetan. Horrela Euskadi udako kirol jardueraren erdigune bihurtuko da, giro adeitsua, elkarbizitza eta  lagunarteko lehia albora utzi gabe. Euskadik parte hartuko du Irlanda, Galizia, Gales, Eskozia, Akitania, Bretainia, Normandia, Loirako eskualdea, Portugalgo Iparraldea, Asturias, Kantabria, Belgika, Cornwall konderria edo Man uharteko kirolariekin batera, Katalunia eta Andorra herrialde gonbidatu direlarik.

Euskadiko surf selekzioa jadanik birritan izan da txapeldun: joan den 2013ko XIX. Itsas Joko Atlantikoetan lehenik, Portugal Iparraldeko Viana do Castelon, eta ondoren 2014an Loira eskualdean burutu ziren jokoetan. Beste behin ere, aurten, euskal taldea izango da faborito surfean, urte askoan iritsi baita podiumera. Lau diziplinetan izango ditu aukerak Euskadik; surfa, longboard, bodyboard eta stand up race.

1995ean sortuak

Itsas Joko Atlantikoak Bretainian sortu ziren 1995ean, Europa Atlantikoko eskualdeetako kirola, turismoa eta kultura sustatzeko helburuz. Hori lortzeko modu egokiena itsasoarekin loturarik estuena duten espezialitateetan lehiatzea zen, hau da: surfean, belan, arraunean, piraguismoan eta urpeko jardueretan.

Itsas Joko Atlantikoek kirol diziplina bakoitzaren Nazioarteko Federazioen babesa dute, eta herrialde edo eskualde kide bakoitzeko lau ordezkari barne hartzen dituen Nazioarteko Batzorde baten onarpenaz antolatzen dira. Nazioarteko Batzorde honek araudi nagusi bat editatzen du, jokoen edizio bakoitzeko tokiak eta datak zehazten dituena, horiek  behar bezala gauzatu daitezen ardura ere bere gain hartuz.

Aurreko 20 urteetan, Itsas Joko Atlantikoak hamaika lekutatik pasatu dira, hala nola, Loira eskuladea, Bretainia, Gales, Galizia, Cornwall konderria, Eskozia, Asturias, Portugal Iparraldea, Irlanda, Pays de Morlaix (Bretainia), O Salnés (Pontevedra), Gijon eta Bizkaia (Getxo-Sopela 2008an), beste zenbaiten artean.

Euskadi Joko Atlantikoetan

Euskadi eta Europa Atlantikoa hertsiki lotuta bizi izan dira, bai historia eta bai kultura direla medio. Hori dela eta, Itsas Joko Atlantikoen sorreratik erabat murgildu izan da Euskadi  parte hartzeko orduan, alderdi guztietatik begiratuta: antolaketan, kirolean eta kulturan.

Euskadiren papera nabarmendu egin da txapelketa honetan, partaidetza gero eta handiagoa eta kalitate paregabea direla medio. Horren lekuko izan ziren esaterako Gijon, Cornwall konderria, eta Bretainia. Euskal selekzioa nagusitu egin zen, inolako zalantzarik gabe, urte horietan. Euskadiren garrantzia gero eta nabarmenagoa izaten ari da Joko hauetan.

Bere geografiak eta azpiegiturek eskaintzen dituzten aukerengatik Euskadi jokoen antolatzaile izan zen 2008an (Getxo-Sopela). Portugal eta Irlandaren aurretik nagusitu zen Bizkaiko herrien hautagaitza, horiek izan baitziren 2008ko Joko Atlantikoen antolaketan Euskadirekin lehiatu ziren beste bi herrialdeak. Gainera, Euskadiko Kirol Federazioen Batasuna duela hamaika urte sartu zen Joko Atlantikoen Nazioarteko Batzordean, fundatzaileen maila berean. 2015ean, Euskadi berriro ere herrialde antolatzailea izango da, Orion eta Zarautzen oraingo honetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Paco Quiroga, presidente del Comité Internacional de los Atlantic Games 2015; Javier Zuriarrain, presidente de EKFB-UFDV; Gipuzkoako Foru Aldundia; Orio eta Zarauzko udal ordezkariak