Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ongizateari eta pertsonen duintasunari lehenatasuna ematen dien gobernatzeko modu berri baten alde egin du

2015.eko urtarrilak 22

Iñigo Urkulluk hitzaldia eskaini du Madrilen, Europa Pressek antolatua. Akordioa eta ituna aldarrikatu ditu berriro ere, Estatu-politika partekatzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak ongizate-estatua berretsiko lukeen gobernatzeko modu berri bat aldarrikatu du, Europa sozialaren oinarriak berreskuratu eta egoera ahulenean dauden pertsonen bizi-duintasunari lehentasuna emango liekeena. Madrilen Europa Pressek antolatutako gosari informatiboaren hizlaria izan da Urkullu. Lagun izan ditu Jaurlaritzako hainbat kide, hainbat alderdi politikoetako buruzagiez eta ordezkaritza sozial zabalaz gain.

Urkulluk adierazi duenez, «Estatuak aldaketa behar du», eta berriz ere nabarmendu du Jaurlaritzak elkarrizketa-eredu «ireki, errespetuzko, berdintasunezko eta leiala izateko konpromisoa duela, akordioaren eta itunaren bidez eraiki ahal izateko XXI. mendeko herrialde-erakundetze berria». Hori bai, ohartarazi du «menderakuntza-, aldebakartasun- eta inposaketa-jokabideei eustea bada asmoa, gurekin jai dute».

Hitzaldian, Iñigo Urkulluk mundu-mailako balio-krisia onartuko duen gobernatzeko modu bat proposatu du, «krisiari hobekuntza-aukera balitz bezala aurre egingo diona».

Bizitza duina pertsona guztientzat

Gai horri dagokionez, lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna krisitik norabide onean irteten laguntzea dela, epe luzeko ikuspegiarekin eta, aldi berean, eguneroko premiei arreta emanez. «Herrialde gisa garatuko bagara, kohesio soziala ezinbestekoa da. «Hori dela eta, motelago aurrera egitea erabaki dugu, inor ez dadin atzean geratu; gure ideia sozialen lehentasuna pertsonak dira», adierazi du.

Hitzaldiaren beste pasarte batean, Iñigo Urkulluk ETAren behin betiko jarduera-uztea eta gero irekitako egoera berria izan ditu hizpide. Jaurlaritzaren konpromisoa nabarmendu du; «Bakearen alde egitea». Konpromiso horren isla da euskal gobernuaren proposamenak jasota dauden Bake eta Bizikidetza Plana: ETAren armagabetze eta desagertzea, inolako baldintza politikorik gabe; iraganaren memoria kritikoa eta eragindako kalte bidegabea aitortzea; biktima guztiei babesa adieraztea, bazterkeriarik gabe; eta espetxe-politikaren aplikazioa nahiz presoen birgizarteratzea.

Horren harira, lehendakariak Estatu-politika eta Europako politika partekatzearen beharra nabarmendu du –agerian geratu dena, bere iritzian, Parisko atentatuen ondotik–, hiru lehentasun ezarrita: segurtasuna, elkartasuna eta hezkuntza.

Esan duenez, «integrazio, kohesio eta justizia sozialera bideratutako politikak sustatu behar ditugu, hezkuntzaren unibertsaltasuna, osasuna edo gizarteratze-errentak, kasu. Elkartasunaren balioa ezinbestekoa da kultura- eta erlijio-aniztasunean bizitzeko».

Nazio anitzeko Estatua

Azkenik, lehendakariak ezinbesteko iritzi dio gizarteak modu demokratikoan adierazitako borondate askea, Eusko Legebiltzarra ispilu dena, errespetatuko duen akordio politikoa lortzeari. «Itun berri bat, egungo autonomien Estatua nazio anitzen Estatu bihurtuko lukeena», zehaztu du.

Bere ustean, Estatuaren nazio-aniztasuna gobernu guztien agenda politiko eta instituzionaletako auzi saihestezin bihurtu da. Hala, Estatuaren erakundetze berria onartzearen alde agertu da, erronka partekatua bada; izan ere, «Espainiaren eta Euskadiren arteko akordio/itun politikoaren bidez, Konstituzio-adostasunaren zaharberritze sakona» lortzea da helburua.

Gai horri dagokionez, Urkullu lehendakariak Espainiako gobernuaren «jarrera birzentralizatzaile eta eskumen-urratzaile nabarmena» salatu du, autonomia-politikoa «administrazio-deszentralizazio soil» bihurtu nahi du eta.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2015.eko urtarrilak 23

    estoy de acuerdo con usd animo @iurkullu a por todas a por cierto ayer si descanse para poder lograr mi venganza con destruir a tope

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)