Berriak Osasuna
Eu

Osasuneko eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuek, Jon Darponek eta Ana Oregik, hain zuzen, Galdakao-Usansolo Ospitaleko kudeaketa iraunkorra nabarmendu dute

2015.eko urtarrilak 21
  • Galdakao-Usansolo Ospitaleak (GUO), estatu-mailako koordinatzaileak, RES-Hospitals Europako proiektuan hartzen du parte, sareko beste ospitale batzuekin batera; egitasmo horren xedea da CO2-ren isuriak murriztea, energia-eraginkortasuneko neurriak abiaraziz eta energia berriztagarrien sistemak erabiliz.
  • Ospitaleak 440 eguzki-plaka dauzka, eta horiekin zein beste neurri batzuekin, energia-ekoizpenaren % 50 baino gehiago lortzen dute energia berriztagarrien bitartez. 

Osasuneko sailburu Jon Darponek eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Galdakao-Usansolo Ospitalea bisitatu dute, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zentroetako bat. Bertara joan dira 440 eguzki-plaka eta plaka fototermiko dituzten instalazioak zuzenean ezagutzera; hala, zentroko kudeaketa jasangarria nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzako bi ordezkariek aipatu dutenez, "osasun-inguru honetako ingurumen-ekintzek frogatzen dute garrantzitsua dela ospitaleak eta osasun-zentroak era jasangarrian kudeatzea".

Badira zenbait urte, Galdakao-Usansolo Ospitaleko arduradunak ingurumen-inpaktuaz jabetu izan eta ikusi dutenetik, beharrezkoa dela antzeko erakundeek baliabideak era jasangarrian kudeatzea eta aurrezteko neurriak zein ingurumen-kudeaketako sistema eraginkorrak ezartzea. Xede horretarako, Ospitale Berdea proiektua martxan jarri zen 2010ean, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Gizarte Erantzukizun Korporatiborako politikaren esparruan. 

Proiektu hori ingurumen-kudeaketako sistema zorrotzagoa lortzera bideratu da, eta EMAS ziurtagiri europarra du. Ildo beretik, ingurumen-inpaktua murriztea ere du xede, aurrezteko neurriak abiaraziz. Gainera, honako hauetan jartzen du arreta: erosketa berdeko irizpide zorrotzagoak aplikatzea, Karbono Aztarnaren ziurtagiria, eta neurketa-tresnak sortzea teknologia berritzaileekin; adibidez, Business Intelligenceko tresna batekin diseinatu den ingurumeneko aginte-mahaia, eta software propioarekin garatutako hondakinak pisatzeko sistema, minimizatzeko neurriak hartzea ahalbidetzen duena.

Osasuneko sailburu Jon Darponen hitzetan, "osasuna harago doan kontzeptu bat da, osasun-zerbitzuak baino zabalagoa da, eta jasangarritasunarekin nahiz ingurumenarekin lotuta dago erabat. Gure egunerokotasunari eragiten dioten faktore eta baldintzatzaileetako asko hartzen ditu bere gain. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) berak hauexek ezartzen ditu osasunaren gizarte-determinatzaile gisa: familia-eredua, aberastasunaren banaketa, gizarte-babesa, etxebizitza, auzoa, herriko edo hiriko ekipamendua, garraio publikoa, lan-mota edo lanik eza, lan egiten dugun giroa, gizarte-balioak... Eta nola ez, eskura dezakegun osasun-arretaren kalitatea". 

Darponen arabera, "ekimen ugari daude hainbat herrialdetan, gobernu ezberdinekin; osasunaren kontzeptu horren inguruan aurrera egiten ari dira, eta determinatzaileak zabaltasunez eta eragin handiarekin lantzen ari dira. Euskadin ere orientazio berdinarekin dihardugu, eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin koordinatzen gara, baita foru-aldundiekin eta udalekin ere".

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, bere aldetik, adierazi du poz-pozik dagoela, "gero eta enpresa, zerbitzu publiko zein pribatu, eta erakunde gehiagok jotzen dutelako Sailera, ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak eskuratzeko asmoz, esaterako, EMAS eredua. Ingurumenak eta osasunak lotura estua dute, eta zorionez, ekimenekin islatzen dugu hori EAEn, adibidez, Galdakaon gaur ikusitakoarekin".    

Oregiren ustez, Euskadin gauzatzen den jarduera sozial eta ekonomiko orok ingurumen-kudeaketa zuzena hartuko du kontuan laster, eta horrek 2020ko Europako puntako postuetan kokatuko gaitu, Ingurumen Esparruko Programak iragarri bezala.

Politika korporatiboa

Galdakao-Usansolo Ospitaleko ingurumen-politika bat dator Osakidetzak 2013an abiarazitako politika korporatiboarekin; izan ere, horren ostean, lantalde bat sortu zen ingurumen-kudeaketa Osakidetzaren sareko zentro guztietan txertatzeko eta ezartze-maila homogeneoa lortzeko. 

Estrategia korporatibo horri jarraikiz, hobetzeko zenbait ekintza jarri dituzte martxan Galdakao-Usansolo Ospitalean. Besteak beste, Historia Kliniko Elektronikoa ezarri dute, paper-kontsumoa nabarmen murriztea dakarrena. Halaber, ingurumen-inbertsioak egiten ahalegintzen ari dira, instalazioak hobetze aldera. 

Ekimen horien barruan, bizitza erabilgarria amaitua ez duten ekipoak berrerabiltzea lantzen ari dira, aurrezten eta iraunkor izaten laguntzeko. Adibidez, Santiago Ospitalean zegoen lehortzeko tunela instalatu dute GUOko ikuztegian. "Ez da berria, baina eraginkorragoa da eta ia erdira murriztu du funtzionamenduko ordu-kopurua, inbertsiorik egin gabe" azpimarratu du José Luis Elexpuruk, ESIko zuzendari ekonomiko-finantzarioak.

RES Hospital

Energia berriztagarrien eremuan, Galdakao-Usansolo Ospitalea gailendu da RES-Hospitals proiektuan parte hartu izanagatik; egitasmo hori 2011n hasi zen, eta 30 hilabete iraun du. Proiektuaren emaitzak zenbait dokumentu kaleratzeko erabili dira, besteak beste, "Energia berriztagarriei buruzko gida Europako ospitaletarako", eta energia berriztagarrien inguruko jardunbide egokien erreferentea da beste ospitale batzuetarako. 

Emaitzetako beste bat energia berriztagarrien sistemak instalatzeari buruzko azterlan pilotuak dira; horiek direla eta, inbertsio-planak egin dira 2020rako, zortzi herrialdetako hamar ospitaletarako, gutxienez. Azterlan pilotuen artean dago Gorlizko Ospitalean aurten instalatuko den biomasa-galdara, baita berriztagarrietan inbertsioak egiteko azterlanak ere, Osakidetzako zenbait zentrotan (Galdakao eta Gurutzeta 2016an, eta Zamudio).

Ezarri diren eraginkortasun-neurriekin, espero da energia berriztagarrien erabilera-maila energia-ekoizpenaren % 50 baino handiagoa izatea; hortaz, nabarmen murriztuko litzateke petroliotik datozen energia-iturriekiko dependentzia, eta urteko isurien maila 3.700 tona CO2–tik gora murriztuko litzateke.

Emaitzak

CO2 isuriak murriztea: % 7,61

Urtean, 650 tona CO2-ren baliokide ekiditea, hots, 250 hektarea basok urtebetean garbitzen duena.

Energia osoa murriztea: - % 12,72

Urtean, 3.700 Mwh aurreztea, hau da, 1.057 etxebizitzak urtebetean kontsumitzen dutena.

Hondakinak murriztea: % 8,42

Urtean, 90.000 kg hondakin gutxiago.

Ur-kontsumoa murriztea: % 43

2005ean, 194.500 m3 kontsumitu genuen; 2010ean: 120.000 m3; eta 2013an: 111.000 m3. Urtean, 50 milioi litro ur aurrezten dira, hots, 20 igerileku olinpiar. 

Datozen 2 urteotan, ingurumen-kudeaketa ESIko zentro guztietan ezartzeko egingo da lan, hala ospitalean nola lehen mailako arretan ere, politika erkidea ezarri eta erakundeak inguruan daukan inpaktua minimizatzen laguntzen duten ekintzak gauzatzeko. Horren adibide izango da puntu garbiak jartzea ESIko zentro guztietan. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DebagoienekoESI
    2015.eko urtarrilak 22

    Comentario de Twitter:
    Osasuneko eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuek, Jon Darponek eta Ana Oregik, hain zuzen,Galdakao-Usansolo http://t.co/OH9CgKgXe1

  • @DebagoienekoESI
    2015.eko urtarrilak 22

    Comentario de Twitter:
    Los consejeros de Salud y de Medio Ambiente y Política Territorial, destacan la gestión sostenible del Hospital .....http://t.co/akjc5zClB8

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)