
Amaitu da Euskadiko Turismo Mahaia sortzeko dekretu-proiektuari ekarpenak egiteko fasea.
Dekretuak Euskadiko Turismo Mahaia sortuko du. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikita egongo da baina ez da haren egitura organikoan sartuta egongo. Turismo alorrean Sail horri aholku ematea izango da bere zeregina.
Euskadiko Turismo Mahaiak turismo esparruko politikak zehazten parte hartuko du, eta alorreko jardun-ildo berrien programazioan. Turismo-produktu berritzaileak sortzea proposatuko du, turismo arloko arau-proiektuak eztabaidatu eta aztertuko ditu eta turismo-kudeaketarako sistema garatzen eta ezartzen lagunduko du, baita sistema horretatik eratorritako prozesu eta proiektuak ezartzen eta garatzen ere.
Abenduaren 22ko 8/2003 Legeak 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, dekretu-aurreproiektuaren testua turismo arloko ordezkaritza-erakundeei, Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoko Aholku Batzordeari eta Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari igorri zitzaien, dekretua lantzeko prozesuan parte har zezaten. Horrez gain, Irekia web orrian argitaratu da zirriborroa, herritarren ekarpenak jaso ahal izateko.
Jasotako alegazioak eta iruzkinak aztertu ondoren, behin-betiko testua prestatu da eta, une honetan, Jaurlaritzaren Kontseilura bidaltzekoa da, hark aztertu eta onar dezan.