Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

HABEk Txileko hiru euskal etxeekin hitzarmenak sinatu ditu

2015.eko urtarrilak 17
  • Hitzarmen hauen bidez HABEk euskara eskolak emateko laguntza ekonomikoa, ikasmaterialak eta irakasleen formazioa eskaintzen dizkie
  • 63 lagun ari dira egun Txileko hiru euskal etxeetan euskara ikasten  

HABEk, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, Txileko hiru euskal etxeekin –Santiagon daude bi eta Valparaison bestea- urte honetarako hitzarmenak berritu ditu. Hauen bidez, hiru arlotan ematen die HABEK laguntza euskal etxeei: euskara eskolen finantziaziorako diru-laguntzak emanez, laguntza didaktiko eta ikasmaterialak eskainiz, eta irakaslegaien formazioaren ardura hartuta. Mundu osoko 80 euskal etxerekin du hitzarmena alfabetatze eta berreuskalduntze erakundeak eta guztira 2.200 ikasle inguru ari dira euskara ikasten horietan. Hitzarmen hauei esker, euskararen nazioarteko proiekzioan eta zabalkundean funtsezko lana egiten dute mundu zabalean barreiatutako euskal etxeek.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkuek hitzordu garrantzitsua izan dute Txilera aste honetan egin duten bidaiaren azken orduetan. Txileko hiru Euskal Etxeetako presidenteekin elkartu dira Eusko Jaurlaritzak Santiagon duen ordezkaritzan, HABErekiko urteroko hitzarmena berritzeko. HABEren izenean Patxi Baztarrika izan da hitzarmenaren sinatzaile, euskalduntze erakundearen presidente orde gisa; Santiagoko Euzko Etxea euskal etxetik, Jose Maria Narvarte; Valparaisoko Eusko Etxea euskal etxetik, Archibaldo Uriarte; eta Santiagoko Colectividad Vasca etxetik, azkenik, Rossana Arza.

63 lagun ari dira ikasturte honetan Txileko hiru euskal etxeetan euskara ikasten, eta eurak izango dira lankidetza honen azken onuradunak. Izan ere, hitzarmen hauen bidez hiru arlotan laguntzen die HABEK euskal etxeei.

Batetik, diru-laguntzen bidez, euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak finantzatzen laguntzen da. Txileko hiru euskal etxeek 7.600 euro pasatxoko laguntza jasoko dute 2014-2015 ikasturte honetan HABEtik, emango duten ordu kopuruaren arabera: Santiagoko Euzko Etxeak 1.638 euro (159 klase-ordu); Santiagoko Colectividad Vasca euskal etxeak 2.362 euro (225 klase-ordu); eta Valparaisoko Eusko Etxeak 3.685 euro (351 klase-ordu). Eusko Jaurlaritzak aurreko urteko kopuru berberari eusten dio aurten ere euskal etxeetara zuzendutako diru-laguntzaetan, beherapenik gabe: 210.000 euro 2014-2015 ikasturterako.

Irakasleen formazioa

Bestetik, laguntza didaktikoa eta ikasmaterialak ere eskaintzen dizkie HABEk euskal etxeei hitzarmen hauen bidez. Baina irakasleen formazioan egiten da ahalegin berezia inon egitekotan. Euskal etxeetan bertan prestatutako irakasle txiletarrak sortzea bultzatzen du HABEk, formazioa eskainita. Honela, euskara klaseez gain formazio didaktikoa ematen zaie euskal etxeetan euskara eskolak emateko konpromisoa hartzen duten irakaslegaiei. Urte osoan zehar klaseak online jasotzen dituzte, eta urtean birritan barnetegi trinkoetan parte hartzen dute, HABEko teknikari baten gidaritzapean.

Une honetan 31 irakaslegai ari dira formazio berezi hori jasotzen Hegoamerikan: lau Txilekoak dira, bost Uruguaikoak, 3 Brasilgoak eta 19 Argentinakoak. Hain justu gaur bertan hasi (urtarrilaren 17an)  eta hilaren 24ra bitartean, astebetez, Uruguaiko Salto hirian antolatu den barnetegi trinkoan elkartuko dira 31 irakaslegai horiek, irakasle izateko bidean prestakuntza jasotzeko. 55 eskola ordu izango dituzte astebetean. 

Patxi Baztarrika eta Jokin Azkue Txileko Hizkuntza Indigenen III Kongresuaren karietara joanda dabiltza Txilen aste honetan, Euskadi eta euskara izan baitira kongresu horretako gonbidatu bereziak. Atzo Txileko Gobernuaren menpeko CONADI (Garapen Indigenarako Korporazioa-Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) erakundearekin sinatu zuten hitzarmena, eta aurreko egunetan berriz, kongresuan parte hartzeaz gain, herrialde hartako zenbait hizkuntzaren biziberritze prozesua bertatik bertara ezagutzeko bisita eta lan bileratan parte hartu dute.

 

 

 

Gasteizen, 2015eko urtarrilaren 17an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)