Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2015 programan parte hartzeko epea zabalik da

2015.eko urtarrilak 16
  • Izen-ematea Internet bidez egin daiteke, otsailaren 23ra arte
  • Uztailetik urrira bitartean 100 gazte murgilduko dira lankidetza programetan Amerika, Afrika eta Asian

 

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko epea zabalik dago, eta halaxe jarraituko du otsailaren 23ra arte. Izen ematea Interneten egin daiteke oso erraz: www.gazteaukera.euskadi.net web orrian, formulario elektroniko baten bitartez Euskadiko Gazteak Lankidetza atalean. Internet ez dutenek, aldiz, Internet zerbitzua erabil dezakete KZgunea zentroetan.

 

Aurten ere ehun gazte behar dira, 20 eta 30 urte bitarteko neska-mutilak, hegoaldeko herriekiko lankidetza egitasmo honetan parte hartzeko. Lankidetza-programa honen helburua hirugarren mundurekin garapen ekintzetan kolaboratzea da, eta horretarako euskal gazteek Amerika, Afrika eta Asiako hainbat herritan burutuko diren garapenerako ekitaldietan lan egingo dute.

Eman urratsa! da aurtengo Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren kartelaren leloa. Gazteaukerak kartel lehiaketa jarri zuen abian aurten ere, kartelaren irudia eta leloa gazte batek egina izan zedin, eta Janire Zubizarreta Garciak egindako kartela suertatu da garaile. Bere saria, Hego Amerikara joan/etorria egiteko bidaia txartela da. Zorionak!

 

Egitasmo hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bultzatzen dute eta hegoaldeko herrietan egiten diren ekintzak bertan lanean diharduten gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen dituzte. 1993an martxan jarri zenetik 2.000 gaztek baino gehiagok hartu dute parte Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan.

 

 

 

Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2015:

 

 

Esperientziaren iraupena: hiru hilabete, batik bat 2015eko uztailetik urrira.

 

Parte-hartzaileen kopurua: 100 gazte gehienez.

 

Parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

-       2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

-       1985 eta 1995 urteen artean jaio izana, bi urte horiek barne

-       Jarduera egingo den herrialdean erabiltzen den nazioarteko hizkuntza menperatzea.

 

Eusko Jaurlaritzak zer ordaintzen duen:

-       Jarduera egin beharreko herrialdeko GKEarekin elkartu arteko bidaia-gastuak (joan-etorrikoak)

-       Bisa.

-       Gaixotasun eta istripuetarako asegurua.

 

Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek zer hartzen duten bere gain:

-       Lotarako tokia eta janaria gazteek lankidetza eskaintzen duten herrian;

-       Gazteei prestakuntza eskaintzea, lankidetzan aritzera abiatu aurretik.

 

Hautatutako gazteek bete beharreko konpromisoak:

ü  Hegoaldeko herrialdean esperientzia hasi aurretik, tutore den GKEak antolatutako prestakuntza fasean parte hartuko du.

ü  90 euro ordaindu GKEari.Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatzea.

ü  Jarduera egin behar den herrian, esperientzia bukatu arte irautea.

ü  Osasunari dagokionez emandako aholku guztiak errespetatzea.

ü  Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztea, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola bete den azalduz eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuz.

ü  Urteko egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazioa egiteko izango diren jardunaldietan parte hartzea.

ü  Urte betez, GKEek eta Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egotea.

ü  Gutxienez, 30 ordu eskaintzea garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreari, bueltan iritsi eta biharamunetik aurrera, 30 eguneko epearen barruan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AlexOsg
    2015.eko urtarrilak 19

    Comentario de Twitter:
    Abierto el plazo de inscripciones en el programa Juventud Vasca Cooperante 2015. http://t.co/bmEkAWMtKq

Komunikabideek behera kargatzeko