Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadik hizkuntza politikaren arloko hitzarmena sinatu du Txilerekin

2015.eko urtarrilak 16
  • Eusko Jaurlaritzak aholkularitza, lankidetza teknikoa eta formazioa eskainiko dio Txileri hizkuntza politika gaietan

Hizkuntza Indigenen Kongresuaren karietara aste honetan zehar Txilen egiten ari den bidaiaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak lankidetza hitzarmena sinatu du gaur goizez herrialde hartako CONADI (Garapen Indigenarako Korporazioa / Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) gobernu-erakundearekin. Honen bidez, Jaurlaritzak aholkularitza, lankidetza teknikoa eta formazioa eskainiko dizkio Txileri, herrialde hartako hizkuntza indigenak berreskuratzea eta biziberritzea helburu harturik. Txileko Gizarte Garapenerako Ministerioaren baitako erakundea da CONADI.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Txileko Gobernuaren CONADI (Garapen Indigenarako Korporazioa / Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) erakundeak gaur goizez sinatu duten hitzarmenak, bi urteko iraupena izango du, eta bertatik sortzen den edozein jardunen lehentasunezko helburua hizkuntza politikaren alorreko kooperazio teknikoa izango da, euskararen eta Txileko hizkuntza indigenen sustapenerako aplikagarria den informazioa elkarrekin trukatzeko. Gainera, alde biek adostu dute Txileko hizkuntza indigenak biziberritzeko ekintzak bultzatzea.

Horrela bada, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aholkularitza nahiz lankidetza teknikoa emango dizkio Txileko CONADI korporazioari. Aholkularitza teknikoa emango den eremuen artean, hauek dira aipagarriak:       

-       Txileko herri indigenentzako hizkuntza politika

-       Hizkuntza indigenen ikerkuntza, normalizazioa eta sustapena

-       Linguistikaren gaineko gaikuntza, komunitateko eragileengan edo eragile akademikoengan.

-       Informazio eta komunikazio-teknologiak aplikatzea, hizkuntzak erabiltzeko eta sustatzeko.

-       Hizkuntza indigenak ikasteko edo irakasteko hezkuntza-baliabideak.

 

Baina horiez gain, bi aldeen lankidetzaren ondorioz gauzatu daitezkeen ekintzen artean, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak lankidetza teknikoa emango dio CONADIri. Azpimarragarrienak, honako arlo hauek dira:

-       Hizkuntza indigenen egoera soziolinguistikoaren gaineko diagnostikoa.

-       Hizkuntza indigenen normalizazioa.

-       CONADIko eta “Chile Indígena” programako profesionalak arlo espezifikoetan gaitzeko eta prestatzeko ekintzak. Bereziki hizkuntza indigenei aplikatu beharreko linguistikako gai espezifikoei buruzko ikastaroak.

-       Hizkuntza indigenetako hiztunak deskribapen linguistikoaren oinarrietan eta haien hizkuntza zaharrak irakasteko teknika didaktikoetan trebatzea, helduen eginkizuna azpimarratuz.

-       Irakasle, hezitzaile eta hizkuntz monitoreak gaitzea hizkuntzaren irakaskuntzan: aholkularitza didaktikoa testuinguru elebidunetan jarduten duten irakasle eta monitoreentzat.

-       Agitalpenak hedatzea eta trukatzea. Informazio- eta komunikazio-teknologiak aplikatzea, hizkuntzak erabiltzeko eta sustatzeko.

-       Hizkuntza indigenen akademiak sortzen eta sendotzen laguntza ematea, herrialdeko kultura indigenari buruzko institutuen bidez.

-       Hizkuntza indigenak eskoletan irakastea: ama-hizkuntza eta bigarren hizkuntza irakasteko estrategiak, elebitasun-maila diferenteak dituzten ikasleei begira.

 

Gaur sinatu den hitzarmenak hitzez hitz dio “hizkuntza autoktonoak garatzeak eta sustatzeak balio erantsi garrantzitsua” sortzen duela gizartean, eta “kohesio sozialerako aurrerabide handia” dakarrela.

CONADI

Txileko Gizarte Garapenerako Ministerioaren menpeko erakundea da CONADI, pertsona eta komunitate indigenen garapen osoaren alde estatuak egin beharreko ekinbidea sustatu, koordinatu eta egikaritu behar duen erakundea –batez ere arlo ekonomiko, sozial eta kulturalean–. Indigenen parte-hartzea bizitza nazionalean bultzatzeko ardura ere badu. Horretaz gainera, eginkizun hauek ditu esleituta: batetik, sus tatzea etnia indigenenganako aitorpena eta errespetua, hots, etnia horiek osatzen dituzten komunitate eta pertsonenganakoa, bai eta haien parte-hartzea bizitza nazionalean sustatzea ere. Bestetik, kultura eta hizkuntza indigenak eta kulturarteko hezkuntza-sistema elebidunak sustatzea.

Jokin Azkueren hitzaldia

Bestalde, Txileko Hizkuntza Indigenen III Kongresuaren egitarauaren barruan, Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendariak hitzaldia eman du gaur Santiagon, “ Euskal eskolaren esperientzia eta parte hartze soziala euskararen biziberritzean” izenburuarekin. Politika sektorialen inguruko hitzaldian, euskara biziberritzeko hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean, hedabideetan, administrazioan nahiz laguntza programei dagokienean Euskadin egiten den lana azaldu du  Azkuek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)