Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Aiz: «Erkidego barneko trenbide-zerbitzuen transferentzia jaso zain gaude, zerbitzu berriak eskaintzeko aukerak aztertu ahal izateko»

2015.eko urtarrilak 16
  • Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak Batzar Nagusietan aztertu ditu Araba erdialdeko korridorearen premiak

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizek gaur goizean Arabako Batzar Nagusietan adierazi du ibilbide osoa Euskal Autonomia Erkidegoan duten trenbide-zerbitzuen gaineko transferentziaren zain dagoela, ezinbestekoa delako transferentzia jasotzea Euskadiko sare desberdinetan zerbitzua eskaini baino lehen, azpiegituraren titulartasuna gorabehera.

 

Aizek Arabako Batzar Nagusietako batzordearen aurrean azaldu duenez, «Miranda-Gasteiz-Altsasu korridorea, behin transferentzia gauzatuta, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko trenbide-ardatzen barne legoke eta Euskotren operadoreak operatu ahalko luke, baina egun eskumen osoa Estatuaren esku dago. Gainerako lineatan bezala, zerbitzuak Ustiaketa planaren araberakoak izango lirateke, trenbide-moduaz gain, bestelako autobus-garraioekiko eta eskatu ahalako taxiekiko intermodaltasuna eta osagarritasuna kontuan hartuta. Horretarako, bistan da, eskariaren gaineko ikerlan zehatza egin beharko da».

 

Horien guztien inguruan jarduteko, sailburua birritan bildu da Sustapen Ministerioko Lurreko Garraioko zuzendari nagusiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren zuzendariarekin. Prozesua negoziazio-fasean dago.

 

«Iaz hasi genuen elkarrizketa-prozesuan, Sustapen Ministerioak ez du Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenetako bat bera ere balekotzat eman», adierazi du Aizek. «Araba erdialdeko korridoreko garraio-zerbitzuen eskaintzak, egun, eraginkortasun-gabeziak ditu; izan ere, bikoiztasunak daude eta zerbitzuetako batzuk birdefinitu egin beharko lirateke, eskari potentzialari erantzuteko. Edonola ere, jasangarritasun-irizpideen arabera aztertu behar da sistema, egungo eskaria eta balizko hazkundeak aintzat hartuta, baina beti ere kontuan hartuta biztanle-kopurua eta biztanleen egiazko premiak».

 

Aizek gogoratu duenez, Arabako korridorean «Espainiako gobernuaren eta Arabako Aldundiaren mendeko tren eta autobus bidezko garraioa eskaintzen da, eta, eskari-bolumenak aintzat hartuta, beharrezkoa iritzi zaio eskaintza aztertzeari, trenaren eta autobusaren arteko osagarritasuna baliatuta, bikoiztasunak saihestuta eta jasangarritasunari lehentasuna emanda, garraiobidearen eta eskari potentzialaren arabera».

Iruzkin bat
  • @Juliendelabaca
    2015.eko urtarrilak 17

    Comentario de Twitter:
    Le transfert de compétences du ferroviaire aux autorités régionales - Le cas d'Euskadi - http://t.co/65bjNHyCjh @Aquitaineuskadi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak