Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadi da herrialde gonbidatua Txileko Hizkuntza Indigenen kongresuan

2015.eko urtarrilak 15
  • “Erakutsi zeure hizkuntza munduaren aurrean” goiburupean, gaur eta bihar burutuko da Santiago hiriburuan
  • Patxi Baztarrikak euskararen biziberritze prozesua azaldu du kongresuaren hasiera hitzaldian

Euskararen kasua, zalantzarik gabe, erreferentziazko bihurtu da nazioartean hizkuntzen biziberritzeari dagokionean. Horren erakusle, Euskadi eta euskara dira aurten gonbidatu nagusiak Txileko Hizkuntza Indigenen III. Kongresuan. “Erakutsi zeure hizkuntza munduaren aurrean” (Muestra tu lengua al mundo) goiburuarekin eta ia 500 adituren parte hartzearekin, gaur hasi da kongresua Santiago hiriburuan, eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eman du irekiera hitzaldia. “Euskararen kasua: oraina eta geroa” izenburuko hitzaldian, gure hizkuntzaren bilakaera sozialaz hitz egin du Patxi Baztarrikak, ezagutu duen hazkundeaz, izan duen bilakaera desberdinaz, eta euskararen erronka nahiz lehentasunez.

Euskararen kasua “paradigmatikoa da” sailburuordearen esanetan, “agerian uzten baitu ez dela kimera hutsa, lor daitekeen helburua baizik, utopia egingarria, gaztelaniaren tamainako hizkuntza hegemoniko batekin batera bizi den hizkuntza gutxitu baten biziberritzea”. Eta ondoren, biziberritze prozesu bat arrakastatsua izan dadin zeintzuk diren faktore erabakigarriak zehaztu du: hizkuntzari babes eraginkorra emango dion lege-estatus egokia; denboran iraunkortasuna izango duen hizkuntza politika bizia eta baliabideez hornitua; herritarren atxikipena eta borondatea; adostasun politiko eta sozial zabala; eta eremu publiko eta pribatuen arteko lankidetza emankorra.

“Ondorengo bi belaunaldietan euskara ez dago desagertzeko arriskuan” jarraitu du, “munduan ehunka hizkuntza egon daitezkeen moduan”, Chileko hizkuntza batzuei aipamen eginez. “Baina euskarak ez du ziurtaturik etorkizunerako bizi-indarra” ohartarazi du. Euskara egunerokoan erabilera orokorreko eta normalizatuko hizkuntza bizia izan dadin, bigarren mailako hizkuntza izan beharrean, ezinbestekoa izango da, Baztarrikak azaldu duenez: batetik, bi hizkuntza ofizialen artean egun dagoen desoreka gainditzea, eta bestetik, eremu ez formaletan, pertsonen arteko harremanetan eta aisialdiko kontsumoan euskararen erabilera naturala lortzea. Horiei, eremu publikoetan erabilera-espazioal sortzearen beharra gehitu die.

Hizkuntzaren prestigioak duen garrantzia ere azpimarratu du sailburuordeak. Txileko zenbait bezala gainbeheran diren hizkuntzen ezagutzari eta erabilerari prestigioa ematea, edo euskara bezala biziberritze prozesuan direnak prestigiatzea, errezeta bikainak dira, Baztarrikak azaldu duenez. Hizkuntza bat prestigiatzeko ariketa hori norberarengandik eta etxetik hasten dela nabarmendu du –gurasoek hartzen duten jarrera linguistikoaren garrantziaz aritu da-, eta ondoren jarraipena izan behar du eskolan, komunikabideetan, kalean edo aisialdian.

Patxi Baztarrika sailburuordeak Euskadin azken hiru hamarkada hauetan egin diren politiken zertzelada nagusiak azaldu ditu, arreta berezia eskainiz hezkuntza sistemari, helduen euskalduntzeari eta horietara bideratzen diren baliabideei. Hain zuzen ere Jokin Azkuek hitzaldia eskainiko du bihar kongresuan politika sektorialen inguruan azalpen zehatzagoak emateko: hezkuntza, helduen euskalduntzea, hedabideak, administrazioa, laguntza programak, eta abar.

Euskadiko hizkuntza politikaren arduradunak hezkuntza nahiz kultura munduko eragile, hizkuntza arloko aditu, unibertsitate ikertzaile eta komunitate indigenetako ordezkarien aurrean ari dira euskararen biziberritze esperientzia azaltzen. Ia 500 parte hartzaile guztira, txiletarrak izango dira gehienak, baina Peru, Bolivia edo Argentinatik hurbildutakorik ere izango da, guztiak ere hizkuntza indigenen egoeraren inguruan sentsibilizatuak eta konprometituak. Hitzaldi, lan bilera, erakustaldi eta aurkezpenen bidez, euren hizkuntzak berreskuratzeko baliagarri izango zaizkien estrategiak eraiki eta esperientziak trukatu nahi dituzte parte hartzaileek kongresuko egunetan. Baina hizkuntza horiek belaunaldi gazteei irakastea bermatuko duten bideak egiten hastea izango da guztien ardura nagusia.

Errespetua eta prestigioa

Eta haiei zuzendu zaie Baztarrika, zera baieztatzean: “Globalizazioaren munduan hizkuntza aniztasuna arriskuan dago, uniformizazio joera oso indartsua delako. Baina aukera berriak ere sortzen ari dira, eta hizkuntza aniztasunari eusteko sentsibilitate berriak. Eleaniztasuna da normalena, eta elebakartasuna salbuespena. Hitz gakoak, nire ustez, errespetua eta prestigioa dira”.

Azkenik, sailburuordeak eleaniztasunak esan nahi duen aberastasuna azpimarratuz amaitu du: “Hizkuntza bat galtzen denean, denok galtzen dugu, denok bihurtzen gara pobreago. Baina hori guk geuk sinetsi  behar dugu. Harrotasun sano eta natural bat sentitu, zer garen erakutsi handinahikeria eta harrokeriarik gabe. Harro euskaldun, maputxe, aimara, rapanui, kitxua edo gaztelaniaduna izateaz… Denok ezberdinak, baina denok berdinak duintasunean eta eskubidetan”.

“Muestra tu lengua al mundo”

Txileko Herri Indigenen Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Sarea, kongresuaren antolatzailea, jakitun da hizkuntza indigenen biziraupena eta jarraipena bermatzeko ezinbestekoa dela berauen erabilera bultzatzea. Horregatik, aurten aukeratutako leloak –Muestra tu lengua al mundo- (Erakutsi zeure hizkuntza munduaren aurrean) haur indigenen gainean ipini nahi du arreta. Neska-mutilok euren ama-hizkuntzak erabiltzeaz harro sentitu daitezen lortu nahi du, eta gainera leku publikoetan erabil dezatela, hizkuntza indigenak lekua eta prestigio soziala irabazten has daitezen.

Kongresua bi helburu nagusirekin hasiko da. Lehena, abian diren esperientzien trukaketak gauzatzea, ondorengo arloetan: hizkuntza indigenen indartzean, ikerketan, berrikuntzan, berreskurapenean eta erabilera publikoa zabaltzeko esperientzietan. Bestetik, herrialdeko hizkuntza politiketan aldaketa eragingo duten estrategiak ere definitu nahi dira, hauen bidez elebakartasunetik eleaniztasunerako bidea egin, eta herri indigenen ezagupenen eta balioen aitortzan aurrera egiteko.

Kongresuak arreta berezia ipiniko du hezkuntza alorrean hizkuntza eskubideak bermatzearen beharrean, baina azpimarra egingo du beste alderdi honetan ere: herrien, Txileko gizartearen eta Estatua eta bere erakundeen arteko elkarrizketa indartzeko beharrean. Antolatzaileek ezinbestekotzat jotzen dute Txileko gizarte guztia hizkuntza eta kultura indigenen biziberritzean partaide izatea, horrela kulturartekotasuna sustatu eta arrazakeria nahiz bazterketa soziala albora utzi ahal izateko. Elkarbizitza eta hizkuntza indigenen presentzia asko zaildu izan baitute aipaturiko faktore horiek.

Txile: errealitate eleanitza, mapa elebakarrean

Indigena kopurua 1.842.607 lagunekoa da gaur egun Txilen (2012ko erroldako datuak), herrialdeko biztanleriaren %11,1 (16.634.603 biztanle dira). Zifra horretan aymara, kitxua, diaguita, colla, likanantay, rapanui, maputxe, kaweshkar eta yámara herriak hartzen dira aintzat. Horien artean maputxe herriak du pisurik handiena: 1.508.722 lagun dira, Txileko biztanleriaren %9,9.

Baina herri horiek guztiek ez diete euren hizkuntzei bizirik eusten. Egun bizien dauden hizkuntzak aymara, rapanui, kitxua eta batez ere mapudungun dira (maputxe herriaren hizkuntza, azken hau). Selkman, yagan eta kaweshkar hizkuntzek oso hiztun gutxi dute, nahiz eta euren gramatikak etnografo edo hizkuntzalariek eginiko ikerketetan jasoak egon.

Mupudungun hizkuntza izango da egun Txeleko hizkuntza indigenetan bizien dagoena. 114.988 lagunek aitortzen dute hizkuntza hori hitz egiten dutela (2012ko errolda), euren burua maputxetzat jotzen duten 1.407.141 lagunen artetik. Argentinan ere badira hiztunak. Badira hizkuntza hau eskoletan irakasteko zenbait esperientzia, eta 2013tik hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Galvarino komunan (La Araucanía eskuladean).  Hala ere, irakasteko eta biziberritzeko ahaleginak ahalegin, mupudungun hizkuntza atzerabidean den hizkuntzatzat hartzen da egun, eta azken datuek ere hizkuntza horren galera baieztatzen dute, gazte eta nerabeen artean batik bat.

Chango, kakan, kunza, edo chono, Txileko lurretatik dagoeneko desagertu diren hizkuntzetako batzuk dira. Hizkuntzak hiltzeko prozesuan, edo gaztelaniaren eraginez alboratuak gelditzeko bidean, honako hauek izan dira faktore nagusiak: euren lurraldeen kolonizazioa, misioen eragina eta behartuta gaztelaniara bihurtzea, arrazakeria eta gizarte bazterkeria, eta hizkuntza nahiz kulturak balioetsi, landu edo berreskuratuko dituen hizkuntza politikarik eza.

 

Gasteizen, 2015eko urtarrilaren 15ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)