Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak arretaren kalitateari eutsi dio, 50 egunekoa baita ebakuntza baten batez besteko itxaronaldia

2015.eko urtarrilak 15

Osakidetzaren 2014ko jarduera balantzea eta itxaron zerrendak

Osakidetzaren zuzendari nagusi Jon Etxeberriak eta Osasun Arretako zuzendari Antonio Arraizak aurkeztu dituzte gaur Osakidetzaren 2014ko ekitaldiaren amaierako jarduera-datuak eta itxaron-zerrenda. Sei hilean behin egin ohi dute aurkezpena kudeaketa publiko gardenaren erakusgarri da.

Balantzean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, ebakuntza egiteko itxaron-zerrendako paziente-kopuruaren murrizketa eta murrizteko joera berresten duten datuak. Hala, 2014ko abenduaren 31n, 17.760 pertsona zeuden ebakuntza zain, 2013an baino 363 gutxiago eta 2012an baino 851 gutxiago.

Era berean, datuek baieztatzen dute Osakidetza ohiko kalitate-parametroen baitan dagoela,  ebakuntza egiteko itxaronaldiak batez beste 50 egunekoa izaten jarraitzen duelarik, alegia, Osakidetzaren Hobekuntza Planean ezarritakoa baino 5 egun gutxiago eta, Estatuko dekretuan ezarritakoa (60 egun) baino askoz ere gutxiago.

Bestalde, Lehen Arretak eta Arreta Espezializatuak elkarri egindako kontsulta ez-presentzialen kopuruak gora egin du nabarmen: 48.488 kontsulta egin dira, 2013an baino %162,1 gehiago. Igoera horrek agerian uzten du bi mediku-maila horien arteko irisgarritasuna, pazienteari erantzutea eta soberako joan-etorriak ekiditea ahalbidetuz.

2014ko BALANTZEA ETA 2013 URTEAREKIKO ALDEAK

 

LEHEN MAILAKO ARRETA

Lehen mailako arretako kontsultak, hala helduenak, nola pediatriakoak, 2013ko maila bertsuan geratu dira: % 0,11 hazi dira familia-medikuntzan eta % 0,62 pediatrian. Guztira, 11.056.619 kontsulta izan dira. Azpimarratzekoa da lehen arretako kontsulta guztien % 18,13 telefono bidezkoak izan direla (2.004.775), medikuaren eta pazientearen arteko harreman mota hau gero eta gehiago erabiltzen denaren seinale. Arreta emateko denborak aurreko ekitaldikoen baliokideak dira.

ARRETA ESPEZIALIZATUA

Arreta Espezializatuko kontsultak % 2,2 hazi dira (2013an baino 87.969 gehiago dira) eta, guztira, 4.115.726 izan dira. Atal horri dagokionez, lehen arretako eta ospitale-arretako profesionalek elkarri egindako kontsulta ez-presentzialen gorakada azpimarratu behar da, % 162,2 hazi da eta (2014an, 48.488 kontsulta; 2013an, 18.490). Argi uzten du horrek arreta maila bien arteko irisgarritasuna, pazienteari erantzutea eta soberako joan-etorriak ekiditea ahalbidetuz.  

Egindako proba diagnostikoak (289.325) maila berean hazi dira, % 2,2.

KONTSULTA EZ-PRESENTZIALAK

Kontsulta ez-presentzialak Osakidetzan sendo errotuta daude. Biztanleen eskaria gero eta handiagoa da, datuak horren seinale: guztira, 2.149.085 arreta-emate izan ziren 2014an, 2013an baino % 6,8 gehiago. Arreta-modalitate hori indartuko du errezeta elektronikoaren ezarpen erabatekoak.

Mailaka, Lehen Arreta % 6 hazi da, Espezializatua, ostera, % 18,3. Azken hori, batez ere, pazienteen segimenduari dagokio.

Larrialdiak eta Osasun Aholkua 

Larrialdi-zerbitzu guztien jarduera-kopuruak egin du gora. 393.352 dei hartu dira, 2013an baino % 3,1 gehiago. Handiagoak izan dira hazkundeak mobilizatutako osasun-baliabideei dagokienez: Bizi-euskarri aurreratua (% 5,8), Bizi-euskarria erizainarekin (% 5,1), Oinarrizko bizi-euskarria (% 7,4) eta Helikopteroa (% 14,3).

Osasun Aholkuari dagokionez, jasotako kontsulta-deien kopurua % 6,4 jaitsi den arren, paziente kronikoen eta telemonitorizazioko segimenduaren harira eginiko deien kopurua % 20 hazi da.

 

Arreta espezializatuaren adierazleak.

Ospitaleratze-kopurua % 3,2 hazi da (guztira, 250.378) eta batez besteko egonaldia, aldiz, jaitsi (4,68 egunekoa da).

Larrialdietako jarduerak ere gora egin du aurreko urtearen aldean, % 2 (865.246tik 882.765era).

 

Programatutako kirurgia handiko jarduera

Programatutako kirurgia arrunta, lan-ordutegi normalaren barnekoa, % 9 hazi da. Nabarmentzekoa da aparteko ebakuntzak, lan-ordutegi normalaz kanpokoak, % 46,4 jaitsi izana (2013an 14.087 izatetik 2014an 7.551 izatera igaro dira).  Programatutako ebakuntzen kopuru osoa % 2,1 hazi da.

Kirurgia Handi Anbulatorioari dagokionez, Osakidetzak jarduera hori indartzeari eutsi dio eta dagoeneko Kirurgia Handiaren guztizkoaren % 57,2 da.

Ospitale birtualaren jarduera (ospitaleratze tradizionalaren alternatibak)

Ekitaldi honetako mailaren eta aurrekoaren artean ez dago ia alderik, hala etxeko ospitaleratzeetan, nola Eguneko Ospitale Medikoko prozeduretan. Aipatzekoa da, hala ere, Kirurgia Handi Anbulatorioa % 6 hazi dela.

BIZTANLEENTZAKO BAHETZE PROGRAMAK

Biztanle guztiei eskainitako programak dira.

Aipatzekoa da helburuko emakumeen % 80,5ek parte hartu duela bularreko minbizia garaiz detektatzeko programan eta helburuko pertsonen % 69,3k, berriz, kolon eta ondesteko minbizia detektatzeko programan.

Haurren Hortzak Zaintzeko Programari dagokionez, gonbidatutako 182.329 haurren % 66,7k parte hartu dute.

PROGRAMA BEREZIAK

Aurreko urtean hazi egin da ehunen eta hezur-muinen emaileen kopurua. Era berean, emaile biziko giltzurrun-transplanteak eta hezur-muin transplanteak ugaritu dira.

OSPITALETAKO ITXARON ZERRENDAK

Ebakuntza egiteko itxaron-zerrendan dauden pazienteen kopurua % 2 jaitsi da aurreko urteko ekitaldi-amaierako datuaren aldean (guztira, 17.760 dira, 2013an baino 363 gutxiago eta 2014ko ekainean baino 1.843 gutxiago). Batez besteko itxaronaldiak 50 egunekoa izaten jarraitzen du; hau da, 65/2006 Dekretuak ezarritakoa (60 egun) baino 10 egun laburragoa eta 2011ko Osakidetzaren Hobekuntza Planak ezarritakoa (55 egun) baino 5 egun laburragoa da.

Kontsultei dagokienez, lehen hitzorduaren zain dauden pazienteen kopurua % 2,6 igo da. Orain, batez besteko itxaronaldia 26,95 egunekoa da. Hala ere, paziente-kopuruak behera egiten jarraitu du (3.413), 2012ko abenduaren aldean.

Proba diagnostikoei dagokienez, itxaron-zerrenda 2.502 pertsona gutxiago daude orain; 2013an baino % 16 gutxiago. Batez besteko itxaronaldia % 0,2 jaitsi da eta orain 8,6 egunekoa da.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2015.eko urtarrilak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Osakidetza mantiene la calidad de su atención al situar en 50 días la demora media para una intervención quirúrgica ➡ http://t.…

  • @DebagoienekoESI
    2015.eko urtarrilak 16

    Comentario de Twitter:
    Osakidetzak arretaren kalitateari eutsi dio, 50 egunekoa baita ebakuntza baten batez besteko itxaronaldia http://t.co/AbBht5c1ky

  • @JulianForli
    2015.eko urtarrilak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Osakidetza mantiene la calidad de su atención al situar en 50 días la demora media para una intervención quirúrgica ➡ http://t.…

  • @Marimar41Mar
    2015.eko urtarrilak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Osakidetza mantiene la calidad de su atención al situar en 50 días la demora media para una intervención quirúrgica ➡ http://t.…

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)