Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, informazio publikora iristeari, publizitare aktiboari eta Gobernu Onaren eta gardentasunaren kulturako aurrerapenari dagokionez, Euskal Administrazio Publikoaren funtsionamendurako neurriak onartzekoa. (2015-01-13(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urtarrilak 13

LABURPENA

HERRITARREI 20 EGUNEKO EPEAN ERANTZUTEKO PRESTATZEN ARI DA EUSKO JAURLARITZA, LEGEBILTZARREKO TALDEENTZAT EZARRITAKO EPE BEREAN, ALEGIA

Herritarren informazio-eskaerei erantzuteko betebeharrari urtebetez aurreratzeko prozedura onartu du Gobernu Kontseiluak.
Eskaeretan identifikatzea nahitaezkoa izango da, baina informazio-eskaera arrazoitzea ez da beharrezkoa izango.
Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako ZUZENEAN zerbitzuak jasoko ditu Interneteko bere kanalen bidez egiten diren eskaerak, posta arruntaren bidez egiten diren eskaerak edo Gasteizko, Donostiako eta Bilboko bulegoetan jasotako eskaerak.
Eskatzen den gaiko goi-kargu eskudunek emango dituzte ebazpenak, nagusiki.

Informazio publikoaren sarbideari, publizitate aktiboari eta gardentasun nahiz gobernu onaren kulturan aurrera egiteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkideko Administrazioaren funtzionamendu-neurriak dituen dokumentua onartu du Gobernu Kontseiluak gaur.

Herritarrek egindako informazio-eskaerei Eusko Jaurlaritzak 20 eguneko gehieneko epean erantzungo diela ezarri da testuan, Legebiltzarreko taldeei erantzuteko epe berean, alegia. Hala ere, epea luzatu eta 20 egun gehiagotan erantzuteko aukera ezarri da, aurkeztutako eskaeraren bolumenak edo zailtasunak hala justifikatzen badu.

Informazio-eskaera osorik ez dagoen kasuan, erantzuteko epea geldituko da eta 10 eguneko beste epe bat irekiko da informazioa osatzeko. Eskatzaileak ez badu halakorik egiten, eskaera bertan behera utzi duela usteko da. 15 eguneko epean ebazpena emateko epea ere bertan behera utziko da, hirugarrenei audientzia egitea beharrezkoa bada, betiere, horien eskubideak edo interesak ukituko balira.

PROZEDURA

Gaur onartutako arauen arabera, EAEko herri-administrazioari informazioa eskatu nahi dioten herritarrak identifikatu egin beharko dira, baina eskaera arrazoitzea ez da beharrezkoa izango.

Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako ZUZENEAN zerbitzuak herritarrek egindako informazio-eskaerak jasoko eta sailkatuko ditu. Herritarrek eskaerak bide elektronikoaren bidez, posta arruntaren bidez edo Gasteizko, Donostiako edo Bilboko bulegoetan, bertan, egin ditzakete.

Hortik aurrera, ZUZENEAN zerbitzuan lan egiten duen talde profesionalaren ardura izango da Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari bidaltzea. Eskatutako informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren edo sektore publikoaren esku ez badago edo ez bada halakorik egin, eskaera ez da onartuko baina erakunde eskuduna identifikatzen bada, horren berri emango zaio eskatzaileari, eskaera horri igorri ahal izan diezaion.

Eskatzen den gaiko goi-kargu eskudunek emango dituzte ebazpenak, nagusiki.

ERREKURTSOA

Gardena Gardentasunaren Euskal Agentzia lanean ez dagoen bitartean (Gobernu Kontseiluak irailaren 16an onartutako Euskal Administrazio Publikoaren lege-proiektuan aurreikusitako sortu berriko erakunde autonomoa), ebazpenak errekurritu ahal izango dira eman zituen organoaren aurrean. Aipatutako agentzia lanean hasitakoan, erakunde autonomo horren presidentearen aurrean aurkeztuko da errekurtsoa.

Halaber, informazio publikoa eskuratzeari dagokionez emandako ebazpen guztiak zuzenean errekurritu ahal dira administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan.

AURREA HARTZEA

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako prozedura, Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren eta publizitate aktiboaren baldintza berriekin eta zorrotzekin duen konpromisoaren barnean dago. Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua legebiltzarreko izapidetze-fasean dagoenez eta lege-proiektua onartzea hilabete batzuez atzera daitekeenez, Eusko Jaurlaritzak aurreratzea eta herritarren eskaerei ahalik eta modurik efikazenean eta efizienteenean arreta emateko aukera ematen duten neurriak gaurtik ezartzea erabaki du.

Gainera, berriki indarrean sartu den gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Espainiako Legeak urte 1eko luzamendua ezartzen du, 2015eko amaierara arte, autonomia-erkidegoak, foru-aldundiak eta udalak egokitu ahal izateko eta herritarren eskaerei 30 eguneko epean (beste 30 egunez luzatuta kasu justifikatu eta zailetan) erantzun ahal izateko. Baina Eusko Jaurlaritzak hori berehala aplikatzea lehentasuna dela uste du eta, horregatik, hori egin duen lehen autonomia-erkidegoa da.

GARDENTASUNA

Eusko Jaurlaritzak ibilbide luzea eta aitortua du gobernu irekiari dagokionez. Egunero interes publikoko informazio asko argitaratzen da gardentasunaren atarian (OPEN DATA) eta informazio horren formatua berriz erabiltzeko modukoa da. Hori dela eta, Transparency International erakundeak (gardentasuna sustatzen duen eskala unibertsaleko gobernuz kanpoko erakunde bakarrak) 2012 eta 2014. urteetako ebaluazioetan autonomia-erkidegoen rankingean lehenengo postua eman zion EAEri.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau