Berriak Segurtasuna
Eu

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen ziozko Larrialdiko Plan Berezia onartzeko. (2015-01-13(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urtarrilak 13

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK UHOLDE-ARRISKUAREN AURKAKO LARRIALDIETAKO PLAN BEREZI BERRIA ONARTU DU

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du EAEko Uholde-arriskuaren aurkako Larrialdietako Plan Berezia, 1999ko ekainaz geroztik indarrean egon den Uholdeen Plana ordezkatuko duena, kalte pertsonalak eta materialak minimizatu eta, aldi berean, uholde-egoeran zer-nola jardun azaltzeko.

Aipatutako plana, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak koordinatzen duena, Gobernu Kontseiluaren bilera berean onartutako Euskadiko Babes Zibilaren Plan berrian txertatuta dago, horretara egokitu da eta, eta azken urteetako hobekuntza guztiak barne hartzen ditu.

Plan berrian adierazitako hobekuntza nagusiak alderdi hauetan laburtu daitezke:

Dokumentazio eta jarduera guztiak uholde-arriskua dagoen eskualdeen gaineko kudeaketa-planak osatzeko betebeharra ezartzen duen 2007/60 Europako Zuzentaraura egokitu dira. URA, Uraren Euskal Agentziak koordinatutako lan horiek guztiak EAEko lurralde osoan inoiz egindako uholde-arriskuen azterketa zehatzena dira.

Ehun inguru Balizko Uholde-arrisku Nabarmeneko Eremu (BUANE) zehaztu dira. Horietan guztietan birgertatze-aldi desberdinei loturiko ur-emaria, urpean gera daitezkeen eremuak eta birgertatze-aldi bakoitzean urek har ditzaketen abiadura eta altuera kalkulatu eta kartografiatu dira. Horrela, eremu bakoitzaren arriskugarritasuna zehaztu daiteke, urpean zein kale, eraikin, errepide edo fabrika gera daitezkeen, eta horren ondoriozko kostuak, aurreikusita.

Halaber, planak uholde-egoeran zer-nola jardun zehazten du eta, batez ere, kontrako fenomenoen aurreko Iragarpen, Zaintza eta Ekintza Prozedura barne hartzen du, besteak beste, honakoak aipatuz: aldagai meteorologikoen eta, nagusiki, EAEko ibaien egoeren abisu, alerta eta alarma mailak. Gogora ekarriko dugu orain gutxi hasi dela Euskalmet bere webgunean ibaien egoera denbora errealean bistaratzeko sistema eskaintzen.
http://www.euskalmet.euskadi.net/s07-853x/es/meteorologia/bol.apl?e=5

Halaber, azken urteetan pilatutako esperientziari esker, itsasaldeko 9 BUANE zehaztu dira, itsasaldiek eta denboraleek eragindako uholdeengatik.

Era berean, Urtegien Larrialdi Planak osatu, onartu eta/edo eguneratu dira.

Azken hamarkada honetako uholdeen gaineko ezagutza islatuta geratu da planean, eraginkortasunari, baliabide erabilgarriei, taktika operatiboei eta autobabesari dagokienez.

Azkenik, prebentzio-jarduerak optimizatu dira, Sail eskudunen hobekuntzak txertatuta; esaterako, Lurralde Antolaketarako Zuzentarauak, ibai-ertzetan esku hartzea, ibaien eta erreken lurraldeko sektore-planak, etab.

Horrenbestez, plan berriaren helburua uholdeek eragindako kalte pertsonalak eta materialak murriztea da, aldi berean, uholde-egoeretan zer egin adierazita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau