Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak euskararen biziberritze prozesua azalduko du Txilen

2015.eko urtarrilak 13
  • Euskadi da herrialde gonbidatua Txileko Hizkuntza Indigenen Kongresuan
  • Eusko Jaurlaritzak hizkuntza alorreko lankidetza hitzarmena sinatuko du CONADIrekin, Txileko Garapen Indigenarako Korporazioarekin

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkuek bilera, hitzaldi, bisita eta hitzarmen-sinaduraz beteriko agendari ekingo diete gaur Txilen. Aste guztia iraungo duten ekitaldietan, Hizkuntza gutxituen biziberritzea izango da ardatz nagusia. Euskadi izango da herrialde gonbidatua Txileko Hizkuntza Indigenen III. Kongresuan (III Congreso de las Lenguas Indígenas de Chile), eta Patxi Baztarrikak emango du sarrera hitzaldia. Baina kongresua hasi aurretik hainbat bisita eta hitzordu izango dute, jatorrizko hizkuntza indigenen berreskurapenean eta biziberritzean Txilen izaten ari diren esperientziak bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Era berean, Euskadiko hizkuntza politikaren arduradunek CONADIrekin (Garapen Indigenarako Korporazioa-Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) lankidetza hitzarmena sinatuko dute. Txileko Gizarte Garapenerako Ministerioaren baitako gobernu-erakundea da CONADI.

Euskal ordezkaritzak Txilen izango duen hitzordu zerrenda luzea gaur hasiko da, urtarrilaren 13an, La Araucanía eskualdean. CONADIren Kultura eta Hezkuntza Funtsak antolaturik, Patxi Baztarrika eta Jokin Azkue Temucon izango dira gaur, “Jatorrizko hizkuntza indigenen biziberritze esperientziak” izenburupeko lan bileran parte hartzeko. CONADIren zuzendaritzako kideek iritziak eta esperientziak trukatuko dituzte Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Hau amaitutakoan, Galvarino komunara joango dira (hau ere La Araucanía eskuladean), mapudungun hizkuntzaren ofizialtzea komunitate horretan nola egin den bertatik bertara ezagutzeko. Mapudungun hizkuntza 2013tik da, gaztelaniarekin batera, Galvarinoko hizkuntza ofiziala. Egun, 9.100 maputxe inguru bizi dira komuna horretan.

Hitzordu hauek guztiek esangura berezia dute Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak biziberritze prozesuan dauden hizkuntza komunitateekin ezarria duen lankidetza harremanen baitan, eta hurrengo egunean ere, urtarrilaren 14an, jarraipena izango dute. Santiago hiriburuan, eta Txileko Kongresu Nazionalean zehazki, hizkuntza indigenen biziberritzeari helduko zaio berriro. Baina oraingo honetan, aurrez aipaturikoez gain, lan bileran partaide izango dira Txileko parlamentarioak, Hezkuntza Ministerioko ordezkariak, bai eta haur eskolen sare eta fundazioetako arduradunak ere. Egun honetan bertan, arratsaldez, Santiagoko Udaletxean izango da lan bilera, une honetan Txilen gauzatzen ari den lege proiektu bat aztertzeko: Txileko Jatorrizko Herrien Hizkuntza Eskubideen Lege proiektua, hain zuzen ere.

Txileko Hizkuntza Indigenen III. Kongresua

Muestra tu lengua al mundo” goiburuarekin (Erakutsi zure hizkuntza munduaren aurrean) Txileko Hizkuntza Indigenen Kongresua Santiago hiriburuan burutuko da, urtarrilaren 15 eta 16an. Euskadi izango da, eta beraz, euskara ere bai, kongresuaren hirugarren edizio honetako gonbidatu berezia. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak emango du kongresuko hasiera hitzaldia, eta euskararen normalizazio prozesuan izan diren gako nagusiak azalduko. Bigarren egunean berriz, Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkueren txanda izango da, eta honen hitzaldiaren izenburua: “Euskal Eskolaren esperientzia eta parte hartze soziala euskararen biziberritzean”.

Bi egunetan zehar, hizkuntza gaietako hainbat adituk, kultura eta hezkuntza eragileek, unibertsitate ikerlariek eta komunitate indigenetako ordezkariek esperientziak trukatu eta estrategiak adostuko dituzte, bi xede nagusirekin: Txileko hizkuntza politikan aldaketak eragiten jarraitzeko, eta elebakartasunetik eleaniztasunerako jauzia egiteko. Parte hartzaileak txiletarrak izango dira nagusiki, baina izango da Peru, Bolivia edo Argentinako aditurik ere, beste zenbait herritakoren artean. Nazioarteko kongresua izango da beraz, bere oihartzuna Hegoamerika osoan zabaltzeko asmoz burutuko dena.

Txileko Herri Indigenen Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Sareak (Red por los Derechos Educativos y Lingüísticos de los Pueblos Indígenas de Chile) antolatu du kongresua. Herrialde hartako gizarte zibil indigenak osatzen duen ekimen horretan, honako herri hauek dira partaide: aymara, kitxua, diaguita, rapa nui, kawesqar, likan antay, yagan, selknam eta maputxe herriak.

CONADIrekin lankidetza protokoloa

Kongresu hau, Eusko Jaurlaritza eta Txileko zenbait erakunde eta elkarteren arteko hitzarmenak sinatzeko abagunea ere izango da. Hauetan lehena, urtarrilaren 16an sinatuko da, ostiralean, CONADIrekin. Protokolo honi esker, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza teknikoa eskainiko dio CONADIri, besteak beste, honako gai hauetan: hizkuntza indigenen erabilera sustatzeko estrategiak eta neurriak ezartzen; irakasle, hezitzaile eta monitoreak gaitzen, testuinguru elebidunetan hizkuntzak irakats ditzaten; edo Hizkuntza Indigenen Akademiak sortzen eta sendotzen.

Gainera, kongresuaren egunekin bat etorriz, HABE eta Txileko hiru Euskal Etxeren arteko hitzarmena ere berrituko du Patxi Baztarrikak, alfabetatze eta berreuskalduntze erakundearen presidenteorde izenean. Hitzarmen hauen bidez, Eusko Jaurlaritzak herrialde honetako Euskal Etxeei hiru motatako laguntza ematen die: batetik, diru-laguntzak, euskara eskolak eman ditzaten; bestetik, ikasmaterial espezifikoa eskaintzen zaie; eta hirugarrenik, irakasleen hizkuntza formazioaz eta formazio didaktikoaz ere arduratzen da Jaurlaritza.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Begonazpiikas
    2015.eko urtarrilak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @Poziktibity: El Gobierno Vasco expondrá en #Chile el proceso de revitalización del #euskera, http://t.co/KJUEIK4ZD9 vía @irekia

  • @Poziktibity
    2015.eko urtarrilak 15

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak #euskara-ren biziberritze plana azalduko du #Txile-n, http://t.co/prXr3pdCSN @irekia bidez.

  • @Poziktibity
    2015.eko urtarrilak 15

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco expondrá en #Chile el proceso de revitalización del #euskera, http://t.co/KJUEIK4ZD9 vía @irekia

  • @anamarti4
    2015.eko urtarrilak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [#BASQUECOUNTRY] @Gob_eus euskararen biziberritze plana azalduko du Txilen ➡ http://t.co/SxauvuPJ2g #eusgara

  • @Gob_eus
    2015.eko urtarrilak 13

    Comentario de Twitter:
    [#BASQUECOUNTRY] @Gob_eus euskararen biziberritze plana azalduko du Txilen ➡ http://t.co/SxauvuPJ2g #eusgara

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)