Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Aieten eskola berria eraikitzeko lanak hastera doaz

2015.eko urtarrilak 12

 

  • Eusko Jaurlaritzak 3,4 milioi bideratu ditu Donostiako ikastetxearentzat eraikin berria egiteko
  • Lehen Hezkuntzako Aiete Ikastetxea eraikitzeko lanak hil honetan hasiko dira, urtarrilean, Puio-Lanberrin.

Haur eta Lehen Hezkuntzako Aiete Ikastetxearentzako eraikin berria Donostiako Hiru Damatxo plazan eraikiko da, Puio-Lanberri inguruan, eta Lehen Hezkuntzako 9 gela izango ditu, 6-12 urte bitarteko 225 ikaslerentzako gaitasunarekin. Egun auzo horretako bertako Azkaratenea eraikinean ikasten ari diren neska-mutilak joango dira bertara. Behe solairuan eta gainean eraikitako beste hiru solairutan, 2.553,01 metro koadro izango ditu orotara, bai eta beste 2.115,24 metro koadro izango dituen kanpoko jolastokia ere. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 3.447.942,63 euro bideratu ditu, BEZ barne, ikastetxe berria egiteko.   

Donostiako Haur eta Lehen Hezkuntzako Aiete Ikastetxearen eraikin berria egiteko lanak hil honetan bertan hasiko dira, urtarrilean. Horretarako esleitua izan den enpresak (EBA SL) joan zen abenduaren 29an kontratua sinatu ondoren, hilabeteko epea izango du lanei ekiteko, eta 14 hilabetekoa berriz, lanak hasten direnetik eraikina amaitzeko. Instalazio berriak prest direnean, ikastetxe horretako Lehen Hezkuntzako ikasleak bertara joango dira, eta Haur Hezkuntzako umeak berriz, egungo eraikinean jarraituko dute, Azkaratenean. 

Hiru Damatxo plaza eta Arostegi kalearen artean kokatua dagoen orubean eraikiko da eskola berria, Puio-Lanberrin. Behe solairua eta gainean eraikitako beste hiru solairu izango ditu (sarrerak: Hiru Damatxo plazatik, behe solairura, eta Arostegi kaletik hirugarren solairura), eraikitako 2.553,01 metro koadro orotara. Hauei kanpoko jolastokietako beste 2.114,24 eta aterpeak izango dituen 215,33 metro koadroak gehitu behar zaizkie.

Eraikin berriak, azken urteetan hazkunde demografiko esanguratsua izan duen Donostiako auzo honetan egiten den hezkuntza publikoaren eskaintza hobetu nahi du.

Eraikin berriaren instalazioak

Behe solairua eta beste hiru solairutan, eraikin berriak honako instalazio hauek izango ditu:

Behe solairuan eraikinerako sarreretako bat izango da (Hiru Damatxo plazatik), eta bertan kokatuko dira jangela –office eta guzti-, gimnasioa –aldagela eta komunekin-, kirol materiala gordetzeko biltegia eta atezaintza eremua. Maila honetan dago aterpea ere.

Lehen solairuan, bost ikasgelaz gain, informatika gela, talde txikientzako gela bat eta bi biltegi kokatuko dira. Maila honek kanpoko jolastoki estalgabe bat ere izango du. Bigarren solairuak beste lau ikasgela, hizkuntza-gela eta talde txikientzako bi gela hartuko ditu.

Hirugarren solairuak Arostegi kaletiko sarrera izango du, eta bertan kokatuko dira erabilera anitzeko gela, liburutegia, Guraso Elkartearen gela, eta zuzendaritza nahiz administrazio eremuak. Kanpoan, azkenik, Aiete LHI-k jolaserako eta kirolerako patioak izango ditu.

 

ERAIKIN BERRIAREN EZAUGARRI NAGUSIAK:

  • Esleipenaren aurrekontua: 3.447.942,63 € (BEZ barne)
  • Solairuak: behe solairua + beste 3 gainean
  • Lehen Hezkuntzako 9 gela arrunt
  • Talde txikientzako 3 gela
  • Erabilera anitzeko gela
  • Informatika gela
  • Hizkuntza gela
  • Gimnasioa
  • Jangela
  • Liburutegia
  • Guraso Elkartearentzat gela
  • 2.115,24 m² kanpoko patioetan
  • Eraikitako azalera orotara: 2.553,01 m²
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau