Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Zaldiarango hedagailua kokaturik dagoen lurzorua erabiltzeko kanon bat Itelazpiri kobratu nahi dion Arabako Foru aginduaren aurkako helegitea aurkeztuko du Jaurlaritzak

2015.eko urtarrilak 08
  • Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Zaldiarango Telekomunikazio Zentroa landa-lurtzat hartutako mendi batean kokaturik dagoela eta Arabako Ogasunak kobratu nahi duen tasa udal-bide publikoen okupaziorako diseinatu zela.
  • Interes orokorreko zerbitzuak ipintzeko mendiak erabiltzeagatik kanona kobratzea arautzen duen udal-araudirik ez dago zerga-arloan, gainera, Arabako Ariñiz herrian.

Eusko Jaurlaritzak administrazioarekiko auzietako epaitegietan errekurtsoa aurkeztuko du urriaren 31ko 471/2014 Foru Aginduaren aurka. ITELAZPI SAk, Ariñiz herriko Zaldiaran izeneko 271 zenbakidun erabilera publikoko mendian kokatuta, kudeatzen duen hedagailuaren okupazioa arautzen du aipatutako foru-aginduak.

Arabako Foru Aldundiak ITELAZPI SAri (Eusko Jaurlaritzara atxikitako sozietate publikoa) hileko tasa bat kobratu nahi dio Zaldiarango Telekomunikazio Zentroa eraikita dagoen espazio publikoa erabiltzeagatik. Eusko Jaurlaritzaren iritziz ez da egokia aipatutako tasa aplikatzea (*) udal-bide publikoak okupatzen dituzten interes orokorreko hornidura-enpresentzat diseinatu baitzen, eta hori ez da kasu honetan gertatzen, ITELAZPI SAren hedagailua landa-lurtzat hartutako mendi batean kokaturik dago eta.

Horiek horrela, Jaurlaritzak gogora ekarri du zerga-arloan ez dagoela udal-araudirik landa-lurrak erabiltzeagatik kanona ezartzen duenik.

Gainera, aipatutako foru-aginduak ez du zehazten zer erakunde baimenduta dagoen hedagailua ezartzeko; horrenbestez, ez dago jakiterik kanon hori zer enpresak edo erakundek ordaindu behar duen aplikatu beharrekoa izango balitz.

Horregatik guztiagatik, Zaldiarango Telekomunikazio Zentroa eraikita dagoen lurzorua erabiltzeagatik tasaren bat ordaindu behar den argitzeko eta zehazteko eskatuko die epaitegiei Eusko Jaurlaritzak, eta horrela izanez gero, zenbat eta nork ordaindu behar duen adierazteko.  

 

(*) Interes orokorrekoak diren edo bizilagun guztiei edo horien kopuru handi bati eragiten dieten hornidura-zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udal-mugarte bakoitzean fakturaziotik urtero lortzen dituzten diru-sarrera gordinen % 1,5eko tasa. Toki Ogasunak arautzen dituen buruzko Foru Arauaren, uztailaren 19koaren, 24. artikuluaren 1-C paragrafoa (Araba)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko