Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Lege-proiektua, Merkataritza Jarduerari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzen duena. (2014-12-30(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko abenduak 30

LABURPENA

MERKATARITZA JARDUERAREN LEGEA ALDATZEKO PROPOSAMEN BAT BIDALIKO DIO JAURLARITZAK LEGEBILTZARRARI.

Merkataritza-jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legeak, bere garaian eman baitzuten Autonomia Estatutuaren 10.27 artikuluak aurreikusitakoaren babesean, bideak ezarri zituen merkataritza-banaketa modernizatzeko, hargatik ahaztu gabe zailtasun bat: ohiko txikizkako merkataritzaren eta sortzen ari ziren banaketa-modu berrien arteko oreka. Hasierako erredakzioan, oso erregulazio gutxi zuen merkataritza-establezimenduen ordutegiei eta irekitzeko egunei buruz.

Legearen aldaketaren xedapen-zatiak hiru artikulu ditu, bai eta azken xedapen bat ere. Artikuluetan lehenak euskararen erabilera bultzatzea sartu du legearen antolamendu-printzipioetan. Bigarrenak, lehenengo xedapen gehigarria gehitu dio legeari, joan-etorri turistiko handiko lekuak izendatu edo deklaratzeko prozesua arautzeko. Hirugarren artikuluak, bere aldetik, erregelamenduetara jotzen du merkataritza-ordutegien geroko erregulaziorako, eta beste xedapen gehigarri bat erantsi dio legeari, bigarrena. Azken xedapena, atzenik, legeak indarra hartzeari buruzkoa da.

Orobat, kontuan izan dira Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako neurriak.

Lehenengo artikulua.- Paragrafo bat eransten zaio merkataritza-jardueraren maiatzaren 27ko 7/94 Legearen 49. artikuluari, eta idazkera hau izango du:

"49. artikulua.- Antolamendu-printzipioak

Administrazio-ekintzak gidaritzat izango ditu lehia aske eta leialaren printzipioa eta kontsumitzaileen eta bezeroen bidezko interesen defentsaren printzipioa; horrenbestez, behar adina neurri hartuko da merkataritza-jardueraren arrazionalizazioa eta modernizazioa bilatzeko, bai eta euskararen erabilera bultzatzeko ere."

Bigarren artikulua.- Xedapen gehigarri bat eransten zaio merkataritza-jardueraren maiatzaren 27ko 7/94 Legearen 49. artikuluari, eta idazkera hau izango du:

"LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.- JOAN-ETORRI TURISTIKO HANDIKO LEKUAK IZENDATZEA

1.- Lege honen ondorioetarako, joan-etorri turistiko handiko lekutzat hartuko da ondorengo inguruabarretatik edozein betetzen duena:

a) Nahikoa ostatu-plaza eta turismo-establezimendu izatea, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edo nahikoa bigarren etxebizitza, ohiko etxebizitzen kopuruarekin alderatuta.
b) Gizadiaren Ondare izendatua izatea, edo euskal kultura-ondarea osatzen duten kategorietako baten barruko ondasunak izatea, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak edo lege horren ordezko legeriak ezarritakoaren arabera.
c) Muga-guneen eragin-eremua izatea edo haien ondoan egotea.
d) Estatu-mailako edo nazioarteko kirol- edo kultura-ekitaldi handiak egitea.
e) Itsas bidaia turistikoak gelditzen diren eta bisitari asko dituzten portuetatik hurbil egotea.
f) Erakargarritasun nagusia erosketa-turismoa duen gunea izatea.
g) Hala justifikatzen duten baldintza bereziak izatea.

2.- Joan-etorri turistiko handiko lekuak zehazteko, egoki deritzoten udalek proposamen zehatza egingo diote merkataritzaren alorrean eskumena duen sailburuordetzari. Proposamen hori zio eta guztikoa izango da; gutxienez, aurreko puntuan agertutako irizpideen araberakoa. Gainera, zehatz-mehatz zedarrituko ditu barne hartutako lekua edo lekuak, bai eta urteko zer alditarako izango den (bat baino gehiago izan daiteke).

Udalek, udal-proposamenari onarpena eman baino lehen, entzunaldiaren izapidea eskainiko diete hauei, egoki iritzitako alegazioan egin ditzaten: dena delako udalerriko merkataritza- eta turismo-sektoreetako ordezkaritza handieneko enpresaburu-antolamenduei eta ordezkaritza handieneko kontsumitzaile- eta erabiltzaile-antolamenduei, halakorik bada, eta, halakorik ezean, dagokion lurralde historikoko eremukoei edo EAEkoei.

Lege honek xedatuaren ondorioetarako, ordezkaritza handieneko enpresaburu-antolamendutzat hartuko dira laneko legeriak erabilitako irizpideen arabera halakotzat jotzen direnak.

3.- Proposamena jasota, hari buruzko ebazpena emango du merkataritzaren alorrean eskumena duen sailburuordetzak; eman ere, proposamena jaso eta lau hilabeteko epean, eta aldez aurretik entzunda merkataritza- eta turismo-gai horietan eskumena duen saileko (edo eskumena duten sailetako) aholkularitza- eta kontsulta-organoak. Hauek zehaztuko dira ebazpenean: izendapenaren edo deklarazioaren iraunaldia eta zer leku edo gunetan aplikatuko den. Epe hori igarota ebazpenik eman ez bada, proposamenari onespena eman zaiola ulertuko da.

4.- Joan-etorri turistiko handiko leku izendatzeak hau ekarriko du bertan dauden merkataritza-establezimenduentzat: ordutegietarako eta irekitze-egunetarako askatasuna.

5.- Joan-etorri turistiko handiko leku izendatzeko arrazoiak desagertuz gero, aipatu sailburuordetzak bere esku izango du izendapena bertan behera uztea, interesa duen udalari entzun ondoren."

Hirugarren artikulua.- Xedapen gehigarri bat eransten zaio merkataritza-jardueraren maiatzaren 27ko 7/94 Legearen 49. artikuluari, eta idazkera hau izango du:

"BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.- GAIKUNTZA EDO HABILITAZIOA

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari merkataritza-ordutegiei buruzko erregelamendu-xedapenak eman ditzan, lege hau garatzeko beharrezkoak diren neurrian. Xedapen horietan arautuko dira guztizko ordutegiaren gehienezko mugak, eragindako merkataritza-establezimenduak eta baldintza berezietan egon daitezkeenak".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau