Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita lege honen zenbait aginduren aurka konstituzioaren aurkakoak direla adieraziz errekurtsoa jartzeko: 18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, hazkundea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna bultzatzeko premiazko neurriak onartzen dituena. (2014-12-30(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko abenduak 30

LABURPENA

JAURLARITZAK ERREKURTSOA AURKEZTUKO DU KONSTITUZIO AUZITEGIAREN AURREAN, MERKATARITZA ORDUTEGIAK GUZTIZ LIBERALIZATZEN DITUEN LEGEAREN AURKA, ETA IKASTEN ARI EZ DIREN ETA LANIK EZ DUTEN GAZTEENTZAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

18/2014 Legeak barne-merkataritzako eta merkataritza-ordutegiak arautzeko euskal eskumenak urratzen ditu, baita 2010ean transferitutako enplegu-politika aktiboak ere.
Eusko Jaurlaritzak bi eskumenok urratu direla salatu du eta, legegintzaldi honetan lehen aldia ez dela adierazten du.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Konstituzio-kontrakotasun errekurtsoa aurkeztea hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko urriaren 15eko 18/2014 Legearen aurka. Izan ere, Lege horrek bi eskumen urratzen ditu:

Barne-merkataritzaren eta merkataritza-ordutegien gaineko eskumena: 18/2014 Legeak merkataritza-ordutegien guztizko liberalizazioarako baldintzak jartzea Estatuari dagokiola dio eta horrek de facto eragingo lioke Donostiari, Udalaren eskaerarik ez balego edota Euskal Autonomia Erkidegoko erresoluziorik ez balego, establezimenduei urte osoan eta hirian edonon daudela ere irekitzeko askatasun osoa emango baitzaie. (4., 5. eta 7. artikuluak eta I. eranskina errekurritu dira).
Enplegu-politika aktiboen gaineko eskumena: 18/2014 Legeak Gizarte Segurantzaren kuoten hobariak arautzen ditu, ikasten ari ez diren eta lanik ez duten gazteen kontratazioa sustatzeko. (107. artikuluaren 2., 6., 12. eta 13. paragrafoak errekurritu dira).

Eusko Jaurlaritzak eskumen-urraketok errepikakorrak direla salatzen du eta orain arteko negoziazioek -legegintzaldi honetan, gutxienez birritan abiatu dira negoziazioak, Konstituzio Auzitegian errekurtsoa aurkeztu behar izatea beste emaitzarik ez dutenak izan- porrot egin dutela adierazten du:

20/2010 Errege Lege-dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa. (merkataritza-ordutegiak, beheraldiak, promozioak, salgai-hondarren araudia, etab.).
1/2013 Errege Lege-dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen dituena. (Prepara plana, luzaroko langabetuentzako 400 euroko laguntza, etab.).

MERKATARITZA ORDUTEGIEN LIBERALIZAZIOA

Lehenik, 18/2014 Legeak biztanle-kopuruaren (100.000 biztanle) eta hotel-okupazioaren (600.000 ostatu-gau urtean) atalaseak mailaz beheratu ditu, eremu bati turista-etorri handiko eremu izendatzeari dagokionez. Atalaseok beheratu izanak, Euskadiren kasuan, Donostiako merkataritza-ordutegien guztizko liberalizazioa de facto ekarriko du eta merkatariek askatasun osoa izango dute urte osoan zehar establezimendua ireki ahal izateko, hirian edonon daudela ere, baldin eta Eusko Jaurlaritzak, Udalak eskatuta, 6 hilabete baino lehen ez badu mugatzen turista-etorri handiko eremu zeintzuk diren.

Eusko Jaurlaritzak neurri horiek bere eskumenak urratu dituztela salatu du; izan ere, Euskadin, udal-eremuak turista-etorri handiko eremu gisa izendatzeko, udal interesdunak aurretiaz egin behar dio eskaera Eusko Jaurlaritzari, erkidego-eskumeneko prozesua eta izapidetzea abiaraziz. Espainiako gobernuak, barne-merkataritzaren esparruko araudiari eginiko aldaketen eta eguneraketen bidez, Euskadiren eskumenei koska handia jan die, harik eta, azken erreformarekin, barne-merkataritzako eskumena eta bere errealitate sozioekonomikoari egokitutako merkataritza-politika diseinatzeko gaitasuna, Gernikako Estatutuaren 10.27. artikuluan jasota daudenak, erabat hutsaldu arte.

Gainera, Jaurlaritzak gogora ekarri nahi du Konstituzio Auzitegiak hainbatetan esana duela Estatuak, bere oinarrizko eskumenak gauzatzean, ezin duela esparru baten gaineko araudia agortu, eta autonomia-erkidegoei beren legediak osatzeko tarterik ez utzi, erkidegoek esparru horretan bertan eskumenak badituzte.

IKASTEN ARI EZ DIREN ETA LANIK EZ DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

Bigarrenik, 18/2014 legeak neurri-sorta bat arautu du, ikasten ari ez diren eta lanik ez duten 16 eta 30 urte arteko pertsonei zuzendua, eskolaratu edo laneratu daitezen. Neurri horien artean dago Gizarte Segurantzaren kuotan 300 euroko hobaria ematea enpresei 6 hilabetez, aipatutako egoeran dauden gazteak kontratatzen badituzte.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari gogorarazi nahi dio 2010ean transferitu zitzaiola Euskadiri enplegu-politika aktiboen eta enplegu-sustapenaren gaineko eskumena, eta lan-bitartekaritzako, enplegua sustatzeko eta laguntzeko edota lanbide-heziketako ekimen oro Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa izan behar dela eta Lanbideren bidez kudeatu behar dela.

10 ERREKURTSO KONSTITUZIO AUZITEGIAN

Hizpide dugunaz gain, legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak beste 9 errekurtso aurkeztu ditu Konstituzio Auzitegian, hainbat legeren eta errege lege-dekreturen eskumen-urraketak direla medio. Ebazpena eman gabe daude guztiak ere:

1/2013 Errege Lege-dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. (Prepara Plana, 400 €-en kudeaketa)
2012rako Aurrekontuen Espainiako Legea. (Funtzionarioen aparteko ordainketa eta funtzionarioen barne-antolaketa)
2013rako Aurrekontuen Espainiako Legea. (Funtzionarioen aparteko ordainketa eta funtzionarioen barne-antolaketa)
Estatuko 20/2012 Errege Lege-dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa. (Merkataritzaren gaia: 27. eta 28. artikuluak, eta funtzionarioen gaia: 2., 8. eta 10. artikuluak)
4/2013 Errege Lege-dekretua, otsailaren 22koa, eta 11/2013 Legea, uztailaren 26koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa. (Interes orokorrekotzat jotako trenbideak)
Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege-dekretua.
Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege-dekretuaren zati bat.
8/2013 Legea, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE)
1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau