Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Oregik denboraleek kaltetutako euskal portuak bizkor eta sendo berreraiki direla azpimarratu du eta klima aldaketak euskal kostaldean izan ditzakeen ondorioak jakinarazi ditu

2014.eko abenduak 31
  • Nazio Batuek, adituek eta zientzialariek, guztiek ohartarazi digute behin eta berriz fenomeno meteorologikoak gero eta bortitzagoak eta ikusgarriagoak izango direla: haize-boladak, itsasaldiak, olatuak, euriteak eta bero-boladak
  • «Garraioko eta, nagusiki, itsas eta arrantzako azpiegiturak etorkizuneko muturreko egoera meteorologikoak kontuan hartuta eraiki behar dira»
  • Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak 16 milioi euro gastatu ditu soilik portuetan
  • «Herritarrei eta erakundeei arduraz eta ingurumenarekiko errespetuz jokatzeko deia egiten diegu, espazioen erabilerari dagokionez, nagusiki, itsasoan».

 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritzian, «iazko neguko denboraleek kaltetutako euskal portuen konponketak bizkor eta eraginkortasunez gauzatu dira». Ohartarazi duenez, «klima aldaketaren ondorioz, gure kostaldea, aurrerantzean, fenomeno meteorologiko gogorragoek –haizea, itsasaldiak eta olatuak–joko dute. Hori dela eta, eraikuntza-oinarri berriak behar ditugu. Oraingoz, konpromiso hori bete dugu». Horren isla da Eusko Jaurlaritzak egindako 16 milioi eurotik gorako inbertsioa, portuak konpontzeko lanetan soilik. Alabaina, kontuan hartu behar da Hondarribikoak, Oriokoak eta Bermeokoak egiteke daudela.

 

«Arazoak albait lehen konpontzearren eta jakinik tartean hainbat administrazio egoteak itsasertza, errepideak, zubiak, hiri-altzariak edo kaiak konpontzeko lanak atzeratzea eragin zezakeela, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen plangintza egiteko eta Estatuko, probintzietako eta udaletako administrazioekin koordinatzeko ardura denboraleek eragindako kalteen konponketan», azpimarratu du gaur goizean Ana Oregik Donostiako kaian, Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulo eta Garraio zuzendari Marco Boronat alboan zeuzkala. «Koordinatzeko eta ebaluatzeko hainbat bilera egin genituen eta prozedura horrek emaitza ona izan du».

 

«Kosta atlantikoaren higadura naturala agerikoa da: arazoa Bretainiatik Galiziara artekoa da, eta eragin nabarmena du Akitaniako eta Euskal Herriko kostetan», gehitu du Oregi sailburuak. Orain arteko lanen kostu ekonomikoen berri ere eman du. 16 milioi euro inguru inbertitu dira –euskal administrazioaren kasuan– eta negu honetan Orioko eta Bermeoko lanak egingo dira. «Aldi berean, itsasontzia galdu zuten edo negozioa kaltetu zitzaien pertsonentzako laguntza-lerroak bultzatu dira».

 

«Iazko neguko denboraleek kaltetutako euskal portuetako konponketa-lanak eta esku-hartzeak aurreikusitakoaren arabera doaz, kalitatea eta programazioa zainduta, emandako irtenbideak ez daitezen izan kaltetutako azpiegituren berreraikuntza-lan soilak, baizik eta azken urteetan arrantzaleak eta portuen erabiltzaileak jasaten ari diren klima-aldakuntzen ondoriozko baldintza gogorrei aurre egiteko modukoak. Klima aldaketa bertan da, beraz, herrialde aurreratuenek adierazi duten bezala. Guk ere erronka berri horri aurre egin behar diogu, jokabide-ohiturak aldatuta», adierazi du Ana Oregik.

 

Jasangarritasuna

Oregiren arabera, «material jasangarriagoak erabili ditugu, siderurgiako harri-lubetak, kasu, eta beste erkidego batzuek gure ereduari heldu diote. Orain, klima aldaketaren eraginak aurreikusi behar dira, fenomeno meteorologiko indartsuagoak ekarriko dituelako, olatu, itsas-maila eta marea handiagoak, eta horiei aurre egin eta eustea izan behar da eraikuntzaren eta konponketen xedea».

 

Oregi sailburuaren iritzian, «obren lehen zatia gauzatu den epean gauzatuta, udan hondartzak eta arrantza zein kirol instalazioak erabili ahal izan dira. Horien artean aipagarrienak dira Bermeoko kai-muturreko lanak, Donostiako kaiaren urpeko zimentarriak konpontzekoak, Zumaiako itsas hondoko lurrak eta hareak erretiratzekoak eta Orion egiten ari direnak».

 

Horiei gehitu behar zaizkie gainerako portuetan egindako jarduerak eta udalenak, foru-aldundienak edo Estatuko Kostenak diren ondasunen konponketenak. Erakunde bakoitzari dagokio horiek konpontzea, bere garaian Eusko Jaurlaritzak gidatu zuen koordinazioaren barruan.

 

«Denboraleen tamaina ezohikoa izan zen. Egoera hori, hein handi batean, planeta jasaten ari den klima aldaketaren ondoriozkoa da: Nazio Batuek, adituek eta zientzialariek, guztiek ohartarazi digute behin eta berriz fenomeno meteorologikoak gero eta bortitzagoak eta ikusgarriagoak izango direla: haize-boladak, itsasaldiak, olatuak, euriteak eta bero-boladak. Garraioko azpiegitura guztiak, nagusiki, itsas eta arrantzako azpiegiturak etorkizuneko muturreko egoera meteorologikoak kontuan hartuta eraiki behar dira», gaztigatu du Oregik.

                                                                                                   

Eusko Jaurlaritzaren premisak, denboraleek kaltetutako portuen konponketei dagokienez, honako hauek dira: itsas bazterrari loturiko gaietan eskumena duten erakunde guztien jarduerak koordinatzea, berreraikuntza-lanak optimizatzeko eta ardurak egoki zehazteko; azpiegiturak sendotzea, olatu-altueraren eta energia-eraginaren kalkulu-hipotesi berrietara egokituta; obretan erabilitako lehengaietan joera aldaketa sustatzea, emandako irtenbideek hondakinak balorizatzea, zabortegira kopuru txikiagoan eramatea eta paisaiari eragindako kalteak eta isuriak gutxitzea ahalbidetu dezaten; eta eragile guztien lan-plangintza osatzea, udako denboraldiari eta, horrenbestez, turismoari, merkataritzari eta ostalaritzari kalterik ez eragiteko. «Herritarrei eta erakundeei arduraz eta ingurumenarekiko errespetuz jokatzeko deia egiten diet, espazioen erabilerari dagokionez, nagusiki, itsasoan», adierazi du Oregik.

 

Balorazio ekonomikoak

Eusko Jaurlaritzari loturiko azpiegiturek jasandako kalteak, oraingoz, 16.000.000 eurotan balioetsi dira; 6,5 Gipuzkoari dagozkio, gainerakoa, Bizkaiari. Gaur-gaurkoz eginda dauden lanak ia 8 milioi eurotan balioetsi dira; alegia, erdia. Berreraikuntzari dagokion zatia aseguruen bitartez ordainduko da. Gainera, modu orokor eta behin-behinekoan, eta ekitaldia behin betiko itxi aurretik, honakoak dira zenbatekoak: Garbiketa eta hondakinak kentzeko gastuak 130.000 eurokoak izan dira; itsas hondoak lehengoratzeko lanak 910.000 euro kostatu dira; itsas hondoak kontrolatzeko sorta anitzeko zunden bidezko batimetriak egitera eta topografiako gainerako lanetara 90.000 euro bideratu dira; eta Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako denborale ezohikoen ondorioz onartutako martxoaren 11ko 34/2014 dekretuaren, itsasontziengatiko laguntzei buruzkoaren, onuradunei ordaintzeko ordainketa-agindua izapidetu da. Guztira, 30.594,29 euro banatuko dira 14 lagunen artean, 11 gizon eta hiru emakume. Gehienek 2.500 euroko gehienekoa jasoko dute, baina 934,80 euroko laguntza bat ere eman da. Pertsona bakoitzak kontratatuta duen banako aseguruaren kalte-ordainez gain jaso daitezkeen diru-laguntza osagarriak dira, itsasontzia erosteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak