Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Lehendakariak zuzenduko du Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala sinatzeko ekitaldia

2010.eko ekainak 16

Patxi Lopez lehendakariak Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolarekin batera Lehendakaritzan zuzenduko duen ekitaldi batean, gizarte- eta ekonomia-arloko 70 erakundek baino gehiagok izenpetuko dute Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala.

Era horretan, parte hartzeko eta eztabaidatzeko prozesu zorrotz bat itxi da. Prozesu horri azaroan eman zitzaion hasiera inplikatutako agenteekin etxebizitzaren alorrean datozen urteetan aplikatu behar diren politikei buruzko oinarrizko adostasunak lortzeko, eta ituna sinatu ostean izango du jarraipena, hartutako konpromisoak gauzatzeko xedez.

Ituna Euskadin lortu den ildo horretako lehena da, 15 urteko indarraldia izango du, eta eraikitzaileek, sustatzaileek, profesionalen elkargoek, kontsumitzaileek, auzo-elkarteek, familia ugariek, aita eta ama bananduek, kooperatibek, finantza-erakundeek, udal-sozietateek, unibertsitateek, birgaitze-sozietateek eta abar izenpetu dute.

Etxebizitza babestuaren parkea handitzea eta alokairuari bultzada handia ematea da Itun horren ardatz estrategiko handietako bat. Itun horren helburua, gainera, alde batetik, 90.000 familiaren etxebizitza-premiari erantzutea da, eta, bestetik, alokairuko etxebizitza kopurua handitzea, 2013an alokatzeko sustatuko diren etxebizitzak % 40 izatea, eta 2025ean % 50 izatea lortu arte. Gainera, ager daitezkeen etxebizitza-premiak zehaztu nahi dira, historikoki etxebizitza babestua sustatu ez den udalerriei laguntzeko.

Horrez gain, zuzkidura-alojamenduak bultzatzea eta hainbat egoeratan etxebizitza-premiari erantzuteko figura berriak sortzea planteatzen da.

Edonola ere, helburu horiek betetzea ahalbidetuko duten baliabide ekonomikoak lortzeko, sistema berriak bilatuko dira. Horien artean, lankidetza publiko/pribatua eta eraikitako etxebizitza babestuen jabeei lurzorua lurrazal-eskubidean saltzeko aukera aipatu behar dira.

Era berean, erabiltzeko moduko lurzoruak gehitu eta gaur egun geldituta dauden lurzoruak mobilizatu nahi dira. Horretarako, udalekiko lankidetza handiagoa eta hobea lortu, eta udalen zeregina indartu nahi da. Adibidez, jardun bakoitzean BOEen ehuneko egokiak finkatzeko garaian udalei erabakitzeko ahalmena emateko beharrezkoak diren araudi-aldaketak egitea proposatzen da sinatutako dokumentuan, betiere araudian ezarritako mugekin.

Testuan egiazta daitekeenez, etxebizitza babestuari egotz dakiokeen urbanizazio-karga berrikusi egin behar da, eraikitzeko moduko lurzorua prestatzen laguntzeko. Nolanahi ere, gaur egungo Lurzoruaren Legea aldatzea ekarriko luke horrek. Halaber, beharrezkoa da legezko baliabideak eta mekanismoak jartzea, toki-administrazioek malgutasun handiagoa izan dezaten baliabide propioak une bakoitzeko premia ekonomikora eta sozialera egokitzeko.

Itun horren beste ardatz estrategiko nagusi bat hiriak eraberritzeko eta birgaitzeko politikak sustatzea eta beste orientazio estrategiko bat ematea da. Gaur egun, 900.000 etxebizitzatik gorako parke eraikia dago, eta etxebizitza horien ia % 70 1980. urtea baino lehenagokoak dira. Hori dela-eta, datozen hamabost urteetan 250.000 etxebizitza hobetzea eta birgaitzea ezarri da. Horren bidez, gaizki aprobetxatutako guneak berreskuratu eta hiri-sarea eraberritu nahi da, eta, horretarako, hiri-sarea zerbitzuez hornitu, etxebizitzen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetu, eta eraikinen bizitza luzatu behar da, kohesio soziala eta hirien sustapen ekonomikoa bultzatzeko.

Politika berri horrek erakundeen arteko lankidetza eskatzen du kudeaketa-zereginetan eta, batez ere, birkokatzeei dagokienez, hiria biziberritzeko edo eraikinak oso-osorik birgaitzeko esku-hartzeak egin daitezen. Horretarako, Birgaitzeko Hirigintza Sozietateen esperientzia baliatuko da.

Itunean zehaztuta dauden 87 ekintzen artean, erakundeen arteko lankidetza eta erakundeen erantzukidetasuna hobetzeko ekintzak daude. Adibidez, garrantzitsua da Aldundiekiko lankidetzan sakontzea, alokairua eta birgaitzea bultzatzeko zerga-arloko neurriak aztertu eta ezar daitezen.

Bestalde, zozketetako kupoak berrikusteko aukera planteatzen da, aldez aurreko baremazioa izango duen zozketa-eredu bat lortzeko. Eredu horretan, etxebizitza-premia objektiboan oinarritutako irizpideek izango dute lehentasuna, gizarte-talde jakin bateko partaide izatean oinarritutakoen gainetik. Nolanahi ere, gizarte-kupo jakin batzuk ezarri ahal izango dira, betiere salbuespen gisa.

Halaber, erosteko aukera ematen duen alokairua ezartzea, babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak benetako eraikuntza-kostura egokitzea eta bizi-ibilbideen sistema bat abian jartzea planteatzen da. Sistema horren barruko ekintzen artean, honako hauek aipa daitezke: adinekoen etxebizitzak lagatzeko eta alokairuaren merkatuan sartzeko (adinekoen premietara egokitutako zuzkidura-etxebizitzen truk) programa onartzea, eta BOEen jabeak etxebizitza tasatuak eskuratzeko etxebizitzarik ez izateko baldintzaz salbuestea, betiere babes ofizialeko etxebizitza Administrazioaren esku uzten badute eta etxebizitza tasatuak esleipen-prozesu arruntean okupatu ezin izan badira.

Testuan sartu den beste ekintza bat etxebizitza babestuen prezioen eredua –Berme eta Konpentsazio Funtsean oinarritua– aldatzea da. Eredu berriaren bidez, prezio desberdinak aplikatu ahal izango dira etxebizitza babestuaren salmentan, erosleen errenta-mailen arabera.

Azkenik, gai publikoen gobernantza-sistema berri bat ezarriko da. Era horretan, herritarren parte-hartzea eta erantzukidetasuna sustatuko da etxebizitza-politikan.

Eusko Jaurlaritzak uda baino lehen onartuko duen 2010-2013ko Etxebizitzako eta Hiri Berrikuntzako Plan Zuzentzailean eta urtea amaitu aurretik Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko den etxebizitza izateko eskubideari buruzko Legean islatuko dira erabaki horiek guztiak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari, Consejero de Vivienda