Berriak
Eu

Udalei buruzko Lege-proiektua irailean iritsiko da Legebiltzarrera

2010.eko ekainak 15

Gobernu Kontseiluak Legegintza Egutegiaren jarraipen agiria onetsi du eta haren bidez Eusko Legebiltzarrean 7 proiekturen sustapena berresten da

Idoia Mendiak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Gasteizko Gobernuak lehenengo urte honetan legegintzaren arloan egin duen lanarekin “oso pozik” dagoela adierazi du, izan ere, Eusko Legebiltzarrera 7 Lege-proiektu bidali dira. Mendiak Jaurlaritza “gardentasunez jarduteko ahalegin” bat egiten ari dela gailendu du, eta Legebiltzarrari Legegintza Egutegia helarazteaz gain, orain proiektuak sustatzea edo atzeratzea eragin duten arrazoiak jasotzen dituen jarraipen agiria entregatzen dela azaldu du. Horrez gain, irailean udalei buruzko Lege-proiektua aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzak aste honetan “bukatuko” du alegazioetarako epea ireki baino lehen. “Gobernuaren lehenengo zirriborro honek kutsu udalista argia dauka”, azpimarratu du Mendiak.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Jaurlaritzak azaroan onartu zuen 2009-2013 Legegintza Egutegiaren seihilekoko jarraipen agiria onetsi du. Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, “oso pozik” dago egin den balantzearekin, izan ere, krisi garaian gauden arren eta horrek proiektu batzuk abian gartzea galarazi edo atzeratu badu ere (esaterako, Larrialdiak eta Meteorologia bateratuko lituzkeen Agentzia), 7 Lege-proiektu sustatu dira. Horrez gain, irailean udalei buruzko Lege-proiektua aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzak aste honetan “bukatuko” du alegazioetarako epea ireki baino lehen. “Gobernuaren lehenengo zirriborro honek kutsu udalista argia dauka”, azpimarratu du Mendiak.

Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, komunikabideen aurrean mintzatu da astero Lehendakaritzan egiten den Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Legegintza Egutegiaren jarraipen agiriari dagokionez, bozeramaileak “oso pozik” dagoela adierazi du, izan ere, egutegia onetsi zenetik sei hilabete igaro dira eta sailek Lehendakaritzaren Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiari memoria bat bidali diote beren konpromisoak zein mailatan bete diren edo, kasuan kasu, nola aldatu diren azaltzeko. Beraz, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera zazpi lege-proiektu bidali ditu onartuak izan daitezen: Aurrekontuaren inguruko Premiazko Neurriei buruzkoa (2009ko urria); Haur eta Nerabeen Arreta eta Babesari buruzko Legearen aldaketa (2009ko azaroaren 3a); 2010eko Aurrekontuei buruzkoa (abenduaren 23a); Ehizari buruzkoa (2010eko martxoaren 16a); Euskal Estatistika Planari buruzkoa (2010eko apirilaren 20a); Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoa (2010eko apirilaren 27a); eta 2010eko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legearen aldaketari buruzkoa, joan zen astean bidali zena eta egutegian jasota ez zegoena.

Horrez gain, urteko lehenengo seihilekorako aurrez ikusitako gainerako proiektuen onespenen inguruko aurreikuspenak aldatu egin dira, batzuek duten garrantzia sozialagatik, hau da, gizartea eta herritarren parte-hartze zabala barne hartzen dutelako, edo kasuan kasuko proiektua lantzeko zailtasun teknikoen ondorioz.

Halaber, hasierako egutegiak barne hartzen ez zuen beste legegintza ekimen bat sartu da, hots, 2005ean onartu zen Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legea aldatzeko Legearen aurreproiektua, Berdintasunerako Defentsa Bulegoa organo autonomo gisa ezabatzea eta Emakundera adskribatutako zerbitzu bihurtzea aurrez ikusten duena.

Hori guztia dela eta, Mendiak Jaurlaritza “gardentasunez jarduteko egiten ari den ahalegina” gailendu du, izan ere, Legegintza Egutegia bidaltzeaz gain, jarraipen agiriarekin erakunde legegileari Jaurlaritzaren lana kontrolatzeko “erraztasuna” ematen dio.

Proposamenak ZKSn

Bestalde, eta kazetariei erantzunez, bozeramaileak ostegunean, Zerga-Kideketarako Sailaren bileran, Gobernuak “proposamenak” egingo dituela eta horiek Foru Aldundiek planteatzen dituztenei gehituko zaizkiela azaldu du. Mendiak “adostasun” batera iritsi ahalko dela eta egungo krisi ekonomikorako egokiagoa den “fiskalitate eredu berri bat zehazten” joango dela espero du.

Jaurlaritzak errenta altuenei presio fiskala areagotzea planteatuko du, baita beste proposamen batzuk ere, baina nolanahi ere, proposamenen xedea sistema publikoa mantentzeko diru-sarrerak lortzea izango da.

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010.06.15)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-06-15n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea