Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Enplegurako Zerbitzu Publikoko (SEPE) ebazpenaren Euskadiko kautela-etetea dela eta pozik agertu da Eusko Jaurlaritza, ebazpen horrek enplegurako agentzia pribatuen kontratazioa arautu nahi baitzuen

2014.eko abenduak 22
  • Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du Euskadik 2010. urtetik Enpleguko Politika Aktiboen eskumen-transferentzia egina duela, eta enpresa enplegu-emaileen eta langabeen artean bitartekaritza-lanak nork eta nola egin behar dituen Lanbidek erabakitzen duela.
  • Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari gogorarazi dio, enpleguari dagokionez, berriz zentralizatzeko duen etengabeko jarrera berriz pentsa dezala. 

Eusko Jaurlaritza administrazioarekiko auzien Bilboko 7. epaitegi zentralak emandako autoarekin pozik agertu da; izan ere, 2014ko uztailaren 17ko (*) Estatuko Enplegurako Zerbitzu Publikoaren (SEPE) zuzendari nagusiaren ebazpena Euskadin apikatzea kautelaz eten du. Ebazpen horretan, hemendik aurrera, langabeak lan-munduan txertatzeaz arduratuko diren enplegurako agentzia pribatuekin izan beharreko kontratazio-baldintzak ezartzen ziren.

SEPEk Euskadi sartu du lizitazio-pleguetan agentzia horiek jarduteko eremu gisa, eta, horrela, 2010eko enpleguko politika aktiboetako transferentzia gutxietsi du. Transferentzia horrek garbi uzten du Euskadin Lanbidek duela eskumena enplegua sustatzeko programa guztiak egiteko eta langabeen nahiz enpresen arteko lan-bitartekaritza egiteko, langabe horiek lan-merkatuan txerta daitezen. Arrazoi horregatik beragatik, Euskadik ez zuen parte hartu 2013an Espainiako Gobernuaren eta beste autonomia-erkidegoen artean diseinatutako lankidetza publikoaren eta pribatuaren esparruko diseinuan eta abiaratzean. 

Eusko Jaurlaritzak espero du epaitegi honetako erabakia ildo horretan egotea, zeren onartezina da Espainiako gobernua, berriz ere, ez dagozkion funtzioak usurpatzen saiatzea; horrela, fluxu finantzario publikoak zailtzen dituelako, herritarrak nahasten dituelako eta zerbitzuaren eraginkortasunik eza sortzen duelako.

ENPLEGURAKO POLITIKA AKTIBOEN ALORREKO BIGARREN ERREKURTSOA

Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan aurkezten duen bigarren errekurtsoa da hau. Kasu honetan, errekurtsoa jartzeko arrazoia enpleguaren politika aktiboetan transferentzia urratzea izan da. Aurreko errekurtsoa inkonstituzionalitate-errekurtsoa izan zen, «Plan Prepara» izenekoaren aurkakoa. Adierazitako plana  2013ko urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuan zegoen jasota; horren bitartez, luzatu egin zen langabeziagatiko babesa agortuta zuten pertsonak birkualifikatzeko programa. 

Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du langabeei ematen zaien edozein laguntza Lanbideren bidez kudeatu beharko dela, Estatuko Enplegurako Zerbitzu Publikoaren bidez egin beharrean (hori egiten baitu une honetan). Une honetan, errekurtso hori Konstituzio Auzitegiak ebazteko zain dago, ez baitzen akordiorik lortu «Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebiko batzordean».

(*) Langabeak lan-merkatuan txertatzeko zerbitzu publikoekin lankidetzan aritzeko enplegurako agentziekin egindako Akordio Esparruaren (A.E. 17/13) baitan, langabeak laneko merkatuan txertatzeko lanak egiteko helburuarekin, Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoarekin lankidetzako zerbitzua eskaintzeko enplegurako agentzia baten edo gehiagoren kontratazioa arautuko duten administrazio-klausula zehatzen agirien eta preskripzio teknikoen pleguak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko