Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak, Foru-aldundiek eta Eudelek Gizarte Zerbitzuen euskal Legean aurreikusitako prestazio Zorroa onartu dute

2014.eko abenduak 19

Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoak, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) osaturikoa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio Zorroa onartu du gaurko bileran.

 

Zorroa onartzeak berekin dakar Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitako gizarte zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko eskubidearen zehaztapen praktikoa. 

Legearen 22. artikuluan jasota dago Euskadiko herritarrek jasotzeko eskubidea duten prestazio eta zerbitzu horien zerrenda; besteak beste, honakoak:

  • Lehen mailako arretaren esparruan: informazioa, balorazioa, diagnostikoa, orientazioa, etxeko laguntza, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, telelaguntza, alojamendua.
  • Bigarren mailako arretaren esparruan: mendetasunaren, desgaitasunaren, bazterketaren eta babesgabeziaren balorazioa eta diagnostikoa, egoitzak, eguneko eta gaueko zentroak, okupazio-zentroak, atseden zerbitzuak, egokituriko garraioa, familian esku-hartzea eta bitartekotza egitea, familia topaguneak, adopzioa eta harrera.
  • Eta, azkenik, dauden prestazio ekonomikoak (zainketak familia-ingurunean, zerbitzuari lotutako prestazioa, laguntza pertsonaleko prestazioa, bortizkeriaren biktima izan diren emakumeentzako prestazioak eta abar).

Legeak aurreikusi bezala, zerrenda hori landu eta osatzeko, prestazio edo zerbitzu bakoitzaren izaera, helburua, hartzaileak, jasotzeko eskakizunak eta koordainketari lotuta dagoen ala ez zehazten duen Zerbitzuen eta Prestazioen Zorro bat egin da.

Horretaz gain, zorroa osatzeko Gizarte Zerbitzuen Mapa bat sortu behar izan da, zerbitzu horien banaketa zehazteko irizpide geografikoen eta biztanleen arabera, pertsona guztiek izan dezaten haietarako sarbidea.

Era berean, Memoria Ekonomiko bat egin behar izan da, Zorroarekin eta Maparekin batera joango dena, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzu horien guztien egiazko kostu eguneratua zenbatzeko.  Kuantifikazio horrek ahalbidetu du sistemaren kostu ekonomikoak zeintzuk izango diren proiektatzea, ezarpen mailakatuaren, biztanleen bilakaera demografikoaren eta haien etorkizuneko premien arabera. 

 

Zerbitzu-zorroa

Zerbitzu eta prestazio-zorroari dagokionez, deskribatuetako asko Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Euskadiko udalek ematen dituzte; berritasuna zera da, zerbitzu, laguntza edo prestazio horiek eskubide subjektibo izatera igaro direla, alegia, herritarrek legez eskatu ahalko dituztela eta ez direla aurrekontuei lotuta egongo. 

Bestalde, zerbitzu berriak definitu eta garatu dira, eta legearen katalogoan daude aurreikusita, Euskadin halakorik ez dagoen edo haien ezarpena txikia izan arren; horien artean daude autonomia gabeziak ekarrirako beharrez arduratzeko gaueko zentroak, bizitza independenteari laguntzeko zerbitzuak, gizarte-larritasunak koordinatzeko zerbitzua, garraio egokituko zerbitzua, ingurura egokitzeko tresna eta laguntza teknikoen zerbitzua,  bazterkeria jasateko arriskua dutenentzako tutoretzapeko etxebizitzak, pertsona helduei ostatu emateko zerbitzuak eta pertsona helduentzako eguneko arreta-zerbitzuak.

Euskal Gizarte Zerbitzuetako Sistemaren Katalogoak eta Zerbitzu eta Prestazioen Zorroaren unibertsalizazioa 2015ko abenduaren 26an jarriko da indarrean, legean aurreikusitakoari jarraiki. Akordio horrek hasiera emango dio Euskadiko zerbitzuak homogeneizatzeko prozesu bati. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarte-zerbitzuak kudeaketa-tradizio eta -eredu desberdinetan dute jatorria, eta ezinezkoa da haiek epe labur-ertainean aldatzea.  Zorroari esker lortutakoa zera da, laguntza-kultura desberdinak errespetatuta, Euskadiko herritarrek arreta gero eta  homogeneagoa jaso ahal izatea.

 

Zerbitzu-mapa

Helburu horren arabera, Zerbitzu Mapa egiterakoan aintzat hartu da lurralde bakoitzeko egungo errealitatea, dagokion plangintza eta garatzeko dituen aukerak.  Adibidez, pertsona helduentzako egoitzak eta eguneko zentroak 15.000 eta 50.000 pertsona bitarteko udalerrietan kokatzeko ahalegina egin behar da.  Beste baliabide batzuk, esaterako buruko gaixotasunak dituzten edo bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako egoitzak, 200.000 eta 400.000 biztanle inguruko eremuetan kokatu beharko lirateke. 

Euskadiko lurralde historikoetan diren kobertura mailak ezberdinak izanda, zera erabaki da: guztiek, gutxienez, Euskadin den zerbitzu eta prestazioen  bataz besteko ehunekoaren  80ra heldu behar dutela.

Bestalde, eta adibide gisa, 2017garren urterako, 2011garren urterekin alderatuz, plaza berri hauek sortuko dira: pertsona nagusientzako  965 egoitza plaza eta eguneko zentroko 359 plaza;  ezgaitasuna  duten pertsonentzako 514 egoitza plaza,  eta baztertzearen egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako 134 ostatua plaza.   

 

Memoria ekonomikoa

Finantzazioari dagokionez, Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoak kalkulatu du euskal administrazioek Zorroan aurreikusitako garapenari eskaini beharreko dirua 1.101 milioi euro izango direla 2017an, hau da, 2011n – Memoriaren erreferentziako data – erabilitakoa baino 142 milioi gehiago.  

Zorroak aurreikusitako prestazio eta zerbitzu berrien garapena errazteko, Finantzen Euskal Batzordeak, 2016an, 10 milioi euroko diru kopurua egokituko du udalerriek behar izango dituzten inbertsioak egiten hasteko.  Eta 2017tik aurrera,  urtero, Foru Aldundiei eta Udalei, zerbitzu berriak garatzeko, 20 milioi euro emateko konpromisoa hartu du.

Gizarte zerbitzuen finantzazioaren alderdi garrantzitsu bat erabiltzailearen partaidetza da, zerbitzu horien kostuan parte hartzeari dagokionez; koordainketaz ari gara.  Dena den, ahulezia edo estutasun sozioekonomikoko egoeran daudenek ez dituzte beraiei zuzendutako zerbitzuak koordaindu beharko: adingabeak, bazterkeria egoeran dauden pertsonak, tratu txarren biktimak, eta abar. Aldiz, egoitzek, eguneko zentroek edo etxeko laguntzak orain arte bezalaxe jarraituko dute; hau da, koordainketari lotuta, betiere hartzaileen baliabide ekonomikoen arabera.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @caritas_bizkaia
    2014.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @zubietxe: Zubietxe informa: Gobierno Vasco, Diputaciones y Eudel aprueban Cartera de prestaciones Ley vasca Servicios Sociales http://t

  • @zubietxe
    2014.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    Zubietxe informa: Gobierno Vasco, Diputaciones y Eudel aprueban Cartera de prestaciones Ley vasca Servicios Sociales http://t.co/B9q9UacPl6

  • @juanmariaburto
    2014.eko abenduak 22

    Comentario de Twitter:
    Legeak aurreikusi bezala, zerrenda hori landu eta osatzeko, prestazio edo zerbitzu bakoitzaren izaera, helburua,... http://t.co/cFMJHAv8fp

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)