Berriak Osasuna
Eu

Galdakao ospitaleak 30 urte bete ditu

2014.eko abenduak 19
  • Martxan denetik, hirukoiztu egin du ohe- eta langile-kopurua, eta hamar bider handitu du jarduera asistentziala
  • Bere historian, zenbait sari jaso ditu, kudeaketa bikainarengatik
  • Osakidetzaren asistentzia-sarean finkatuz joan da, gaur egun duen tamaina hartu arte
  • Gaur egun, Bizkaiko zentro horrek 30 espezialitate ditu, eta estaldura ematen die Bizkai Barrualdeko 313.000 pazienteri
  • Bere urteurrena ospatzeko ekitaldi bat antolatu du, non Osasun sailburuak eta Osakidetzako zuzendari orokarrak parte hartu dute

Galdakao-Usansoloko Ospitaleak, Barrualde-Galdakao ESIren zentroak, 30 urte bete ditu. Bitarte horretan, hirukoiztu egin ditu ohe-kopurua (118 zituen 1984an eta 397 2014an) eta langile-kopurua (624 zituen lehen, eta 1744 orain), eta hamar aldiz handitu du jarduera asistentziala (urteko 2.574 ingresutatik 23.483ra).

Ospitaleak antolatutako ekitaldian, sarien banaketa egin da, baita langileei urtero egiten zaien omenaldia ere.Ospakizunean zehar, langileek protagonizaturiko bideo bat proiektatu da, urte hauetan izan duten esperientziaz hitz egiten duena.

1984ko abenduaren 14an inauguratu zen zentroa, "Hospital de Galdacano" izenarekin, eta izen horrekin eman zion atentzioa lehenengoz paziente bati. Geroztik, finkatu egin da Osakidetzaren asistentzia-sarean, gaur egun duen tamaina hartu arte; bitarte horretan, bere egiturak eta zerbitzuak berrituz joan da, herritarren asistentzia beharretara egokituz.

Lehen urtean, hamalau zerbitzu jarri ziren martxan: barne-medikuntza, nefrologia, kardiologia, pneumologia, digestio-aparatuarena, kirurgia orokorra, kirurgia baskularra, oftalmologia, otorrinolaringologia, urologia, traumatologia, medikuntza intentsiboa, bizkorketa, larrialdiak eta desintoxikazio-unitatea.

Gaur egun, Bizkaiko zentro horrek 30 espezialitate ditu, eta estaldura ematen die Bizkai Barrualdeko 313.000 pazienteri. Gainera, bere egoitzetan daude bi erakunde sanitario: Osatek-Erresonantzia magnetikoa eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa.

Galdakao-Usansoloko ospitaleko aurrekontua 25 bider handitu da (1.000 milioi pezeta ziren lehen, gutxi gorabehera, eta 165 milioi euro dira gaur egun). Igoera honetan, kontuan izan behar da bizi-kostua handitu egin dela eta sanitateak, aurrerakuntzei esker, tratamendu konplexuak, askotarikoak eta, zenbaitetan, garestiagoak ematen dituela.

Gainera, azken urteetan, zentroan ugaritu egin da patologien diagnostikorako eta tratamendurako teknologien erabilera, eta, Osakidetzaren proiektu korporatibo batetik abiatuta, historia klinikoa informatizatzeko bidean jarri du. Ez da nolanahiko aurrerapena izango, 2015erako paperezko historia klinikoa erabiltzeari utziko baitzaio.

Intereseko beste datu batzuk: 30 urte hauetan, ospitaleak pazienteen batez besteko egonaldia txikitu du (12,11 egun egoten ziren lehen, eta 4,02 gaur egun); atenditutako larrialdien kopurua ere handitu egin da (10.020tik 81.134era), eta, orobat, interbentzio kirurgikoena (1.040tik 12.195era). Kanpo-kontsultak ere ugaritu dira: 5.637 izan ziren 1984an, eta 416.430 gaur egun. 1984an, bi kirofano zituen, eta gaur, hamabost ditu; eta litrotizia-gela bat.

Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerente Jon Guajardok esan du urte hauetan "asistentzia-prozesuak sinpletu eta arindu" egin direla. Alde horretatik, adibide bat jarri du: "Katarata batetik operatzeko, egun bat edo bi lehenago ingresatu behar izaten zen, eta, interbentzioaren ostean ere, zenbait egunez egon behar izaten zuen pazienteak. Gaur egun, ordu erdian operatzen da, eta handik bi ordura alta ematen zaio. Gainera, efizientzia ea segurtasuna ere handiagoak dira, eta pazientearen denbora eta erosotasuna ere hobetu egin dira.

Hogeita hamar urte honetan izan diren aldaketetan azkena 2014ko urtarrilean etorri da; Erakunde Sanitario Integratu berriaren parte egin da, eta lehen mailako arreta eta ospitalekoa hartzen ditu bere barnean. Horrela, atenditutako pazienteei asistentzia-jarraipena bermatzen zaie, bai familiako medikua bai espezialista zirkuitu eta erakunde bakar batek kudeatzen ditu eta.

MUGARRIAK

Hogeita hamar urtean, Galdakao-Usansolok aldaketa handiak eta txikiak izan ditu. Nabarmentzekoa da kirurgiaren arloan izan den inbertsioa. Azken hamabost urteetan, martxan jarri da bloke kirurgiko berria, beste kirofano bat eta litotrizia gela bat; horiei lehendik zeuden bi blokeak gehitu behar zaizkie, osorik berrituak izan zirenak 2008 eta 2012 artean. Aurten, gainera, Gernika-Lumoko ospitalea inauguratu da, zeinak kirurgia-alde propioa duen.

Bestalde, kudeaketaren alorrean, esan beharra dago 1990ean Galdakao-Usansoloko ospitalea irakaskuntza-ospitale bihurtu zela eta behin baino gehiagotan sariak eman izan dizkiotela (Best In Class, Top 20, Avedis Donabedian, Profesor Barea…) bai proiektuen eta zerbitzuen kudeaketagatik bai erakunde mailako kudeaketagatik. Orain urte gutxi, 2007an eta 2009an, zilarrezko eta urrezko Q-ak eman zizkioten, hurrenkera horretan. 2010ean, Iberoamerikako saria irabazi zuen, eta 2012an, Europako Kalitate sariaren finalean sartu zen.

"Gainera, esan beharra dago gurearen moduko erakunde sanitarioak ahaleginetan dabiltzala Gizarte Erantzukizun Korporatiborako politikak lantzen, balio erantsia ematen baitiote gure helburu nagusiari, hau da, asistentzia sanitarioa emateari. Azken batean, kontua da saiatzea erakundeen kudeaketa arduratsua izan dadin enpresa edo organismo batek gizarte-ekintzak, ingurumen- eta ekonomia-ekintzak gauzatzen dituenean. Alde horretatik, aurrendaria izan da Galdakao-Usansoloko ospitalea, eta erreferente bihurtu da ingurumen-kudeaketan eta arlo sozialeko eta ekonomikoko proiektuak eta ekimenak lantzeko orduan", adierazi du Guajardo doktoreak.

PRENTSA KABINETEA/GABINETE DE PRENSA

OSASUN SAILA/DEPARTAMENTO DE SALUD

945 01 91 94

prensa-san@ej-gv.es

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Guajardo, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerentea