Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak Zabalganan hirugarren ikastetxea eraikitzea onartu du

2014.eko abenduak 18

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren Azpiegitura Planaren Jarraipenerako Batzordeak atzo asteazkenez izan zuen bileran, baiezkoa eman zion Gasteizko Zabalgana auzoan hirugarren ikastetxea eraikitzeari (Haur eta Lehen Hezkuntzakoa). Auzo honek egun dituen beharren inguruko analisia egin ondoren hartu du erabaki hau Jaurlaritzak, baina batik bat, etorkizunerako auzune honetan aurreikusten den hazkundea aintzat hartuta.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko ordezkariek bihar jakinaraziko dizkiete Zabalganako guraso elkarteei analisi honen xehetasunak, elkarte horietako kideekin izango duten bileran. Era berean, proiektu berri hau amaitu bitartean eta abian dauden beste biak burutu arte Sailak hartuko dituen behin-behineko neurriak ere helaraziko zaizkie biharko bileran.

Sail honek izan ditu dagoeneko Gasteizko Udalarekin harremanak, Zabalganako ikastetxe berria eraikiko den orubearen aukeraketaz eta lagapenaz aritzeko.

Auzo honetan, erritmo onean eta aurreikusitako epeak beteaz, aurrera doaz Haur eta Lehen Hezkuntzako Mariturri ikastetxea eraikitzeko lanak. Era berean, aurki lizitatuko dira Bigarren Hezkuntzako Zabalgana Institutua eraikitzeko lanak ere. Institutu honen proiektua bertako hezkuntza komunitatearekin partekatu zen, onartua izan baino lehen.

 

Gasteizen, 2014ko abenduaren 18an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)