Berriak
Eu

Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek Akitania-Euskadi euroeskualdearen 2014-2020 aldiko plan estrategikoa aurkeztu dute Hendaian

2014.eko abenduak 19
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Planak hurrengo bi urteetarako mugaz gaindiko lankidetza-ardatzak eta -lehentasunak zehazten ditu, bi lurraldeok Europar Batasunean duten pisua indartzeko

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko presidenteak Akitania-Euskadi euroeskualdearen 2014-2020 aldirako Plan Estrategikoa aurkeztu dute gaur goizean Hendaian. Bertan, euroeskualdearen ardatzak eta lehentasunak daude jasota, baita hurrengo urteetarako jarduera-ildo eta ekimen garrantzitsuenak ere.

Ekitaldia Hendaian izan da, euroeskualdearen egoitzan, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak (Ana Oregi sailburua, Marian Elorza Kanpo Gaietarako idazkaria, Mikel Antón Europako Gaietarako zuzendaria, bai eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko ordezkariak ere).

Era berean, EHUko errektorea, Hendaiako, Irungo, Hondarribiko, Errenteriako eta Biarrizko alkateak, diputatuak, euroeskualdeko gobernu-organoko kideak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluko ordezkaritza bat ere izan dira ekitaldian.

Gaur aurkeztutako plana Euskadiko eta Akitaniako gobernuek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, beste lankidetza-eragile batzuen partaidetzarekin. Hala, Akitania-Euskadi euroeskualdeak hurrengo urteetarako dituen lehentasunak zehazten ditu, bi eskualdeek Europar Batasuneko espazio erabakigarrietan duten kokapena eta garrantzia indartzeko helburuarekin. Izan ere, asmoa da mugaz gaindiko kooperazioa dinamizatzeko prozesuan euroeskualdea eragile nabarmen bilakatzea, eta esparru horretako ekimenak eta proiektuak sustatzea.

Zehazki, planak hainbat ardatz eta ekintza jasotzen ditu, euroeskualdearen lankidetza-prozesuari beste bultzada bat emateko: hizkuntza-aniztasuna, euskararen garapena, gazteen mugikortasuna, euroeskualdeko campusa (gradu bikoitzak, master bikoitzak, tesi-zuzendaritza partekatuak, euroeskualdeko Erasmus proiektuak), euroeskualdeko lankidetza (Interclustering estrategia), euroeskualdeko enplegua, garraioak (Transfermuga II), energia berriztagarriak edota gobernantza irekia.

Akitania-Euskadi euroeskualdeak 5,5 milioi biztanle baino gehiago biltzen ditu mugaz alde banatan, eta 2011ko abenduan sortu zuten lankidetzarako esparru gisa, bi erkidegook Europar Batasunean duten kokapena indartzeko helburuarekin,  eta, bereziki, fatxada atlantikoari dagokionez; guztia ere, estrategia partekatu bat artikulatzeko. Horretarako, Europa osoko estatusa duen erreminta juridiko baten potentzialitatea baliatu da, hau da, Lurralde Arteko Lankidetzarako Europako Taldea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alain Rousset, Marc Moulin