Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2014ko Adi-adian programako garapenaren balantzea eta balorazioa aurkeztu ditu

2014.eko abenduak 19

Eusko Jaurlaritzak 2013ko azaroan Bakerako hezkuntza programak aurkeztu zituen. Adi-adian Moduluaren garapenarekin lotuta piztutako interesaren aurrean, 2014. urtea amaitu aurretik horren garapenaren nondik-norakoak zehatz-mehatz azaltzeko konpromisoa hartu zuen Jaurlaritzak. Gaur, Adi-adian moduluaren testuinguruan 2014an egindakoaren balantzea azaltzera gatoz.

LEHEN ZATIA: EGINDAKO IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

I. Adi-adian moduluaren aldez aurreko aurkezpena

Adi-adian modulua EAEko 18 Berritzegunetan, bizikidetzako eta bigarren hezkuntzako ordezkariekin izandako bileretan eta hala eskatu duten 30 ikastetxe baino gehiagotako zuzendaritza talde eta klaustroen aurrean aurkeztu dute. Hezkuntza-sare guztietako zuzendarien koordinazioko bileretan ere aurkeztu dute:

-       BIHE elkartean bildutako sare publikoa

-       Kristau Eskolak,

-       Ikastolen Elkartea,

-       IZEA,

-       EIB eta elizbarrutiko ikastetxeak

-       Ikasgiltza

Aurkezpenerako azaroan argitaratutako materiala hartu dute oinarri, baita programarako bereziki prestatutako elkarrizketak ere, hau da, biktimen grabatutako testigantzak.

Aurkezpenak eta hezitzaileekin izandako komunikazio iraunkorra programa behar bezala garatzeko lehen gakoak izan dira. Zalantzak argitzeko eta moduluaren esanahia eta xedea azaltzeko balio izan du elkarrizketa horrek.

II. Biktima parte-hartzaileen funtzioa

Programan parte hartu duten biktimak azpimarratu beharreko bigarren gakoa dira; zalantzarik gabe, programaren garapen egokia azaltzeko faktorerik erabakigarriena dira. Hildako biktimen zuzeneko senideak dira. Hain zuzen ere, ETA eta CCAA (Komando Autonomo Antikapitalistak) taldeen 11 biktima, GALen 4 biktima eta polizia-abusuen 2 biktima.

Pertsona horiek ahalegin pertsonal handia egiten dute. Gazte taldeen aurrean jarri eta beren bizitzako atal mingarria azaltzen dute helburu hezigarriarekin.

Alde batetik, ez-biolentziarekiko konpromisoaren arrazoiak hobeto ulertzen laguntzen dute, beren historiarekin biolentziak pertsonen bizitzan eragiten duen benetako inpaktua erakusten baitute. Bestetik, bizikidetzako ezinbesteko testigantza eskaintzen dute eta gorrotoaren aurrean, haien biografiak beren bizitzak modu eraikitzailean berregiteko egin behar izan duten esfortzua deskribatzen du.

Haien ekarpena aitortzea eta eskertzea ezinbestekoa da. Programa horretan beren borondatez parte hartzeko lana eta eguneroko zereginak alde batera uzten dituzten pertsonak dira. Horrez gain, entzule gazteen aurrean daudela jakitun izanik egiten dute. Kontuarekin, eskuzabaltasunarekin eta hurbiltasunarekin egiten dute.

III. Gauzatutako saioak: 50 testigantza, 21 ikastetxe eta 2.256 ikasle

Aurkezpena zabaldu den heinean, eskaerak ugaritu egin dira, baita dagoeneko esperientzia garatu duten ikastetxeek egindako balorazio positiboak beste ikastetxe batzuetan izan duen inpaktuagatik ere. Biktimen testigantzekin 50 saio eskaini dituzte guztira eta horietatik 47 zuzeneko testigantzak izan dira. 2.256 ikaslek hartu dute parte.

Moduluan parte hartu duten ia ikastetxe guztiek 2015ean esperientzia errepikatzea eskatu dute. Gainera, beste 12 ikastetxek ere eskaria egin dute. Guztira, gutxienez 30 ikastetxez eta aurrez ikusitako 60tik gora testigantzez ari gara, urtean zehar gehitu daitezkeenez gain.

BIGARREN ZATIA: BALORAZIOA

I. Hartzaileen balorazioak: ikastetxeak, ikasleak eta familiak

Ikastetxeek, ikasleek eta familiek jakinarazi dutenak ez du balio estatistikorik, baina behin eta berriz adierazi dituzten eta bat etorri diren balorazioak dira. Adi-adian programak eragiten duen efektuaren irudi leiala eskaintzen dute.

Ikastetxeen balorazioa oso positiboa izan da kasu guztietan. Biolentziaren aurrean eta bizikidetzarako mezu batek hain larria eta bidegabea den gertakari traumatikoa zuzenean bizitu dutenek ematen dutenean eransten zaion balio pedagogikoa azpimarratzen dute.

Ikasleek gehien azpimarratzen dutena, oro har, biktimek pairatu duten sufrimendu izugarria entzuteak eragiten dien inpaktua da eta horrekin batera pertsona horiek gorrotorik ez sentitzeak eragiten dien harridura. Beren bizitzari buruz hausnarketa egiteko balio izan diela diote askok. Horrez gain, gai horri buruz hitz egin duten lehen aldia izan dela aipatu dute askotan.

Moduluak biktimekiko enpatia eta giza eskubideekiko konpromisoa lantzeko balio duela batez ere azpimarratu dute irakasleek. Bizitzarako eskubidea urratzea arrazoitzen duen arrazoirik ez dagoela dioen uste oso etikoa esperientzia moduan indartzen du biolentziaren benetako ondorioak hain gertu sentitzeak.

Laburbilduz, ikasleek, irakasleek eta familiek esperientzia harrigarri eta oso positibo moduan hitz egiten dute modulu horri buruz: "uste zutena baino bizipen eraginkorragoa".

II. Biktima parte-hartzaileen balorazioa

Biktima parte-hartzaileek programaz egiten duten ebaluazioan azpimarratzekoa da oso positiboki baloratzen dituztela programaren antolaketa, printzipio etiko argi eta esplizituak eta, batez ere, programa lasaitasunez garatzeko eta "babestuta eta lagunduta sentitzeko" sortutako gune seguru eta diskretua.

Nolanahi ere, kontuan hartu behar da esperientzia pertsonal hain gogorraren testigantza emateak ahalegin handia eskatzen duela. Parte-hartzaile guztiek beren partaidetza neurtzeko eskatzen digute. Nolanahi ere, beraientzat esperientzia ordaingarria ere bada. Adierazgarri gisa balio dezatela parte-hartzaileetako baten hitz hauek:

"Zati aktibo izatea, biktimaren etiketarekin lotu ohi den markari ihes egin ahal izatea, neure burua aldaketak eragiteko eta balio positiboak eta bizitzarako irakaspenak transmititzeko gai ikustea. Gazteek ez dutela aurreiritzirik ikustea, nire historia besterik gabe entzun egiten dutela eta arretaz jarraitzen dutela ikustea, nire sufrimendua eta gainditzeko prozesua nirekin partekatuz eta bizituz, nire ikaspenetatik ikasiz, bizi-filosofia positibo, ezinbesteko, elkartasunezko, gizatiarrarekin... bustiz, izugarria da. Nire bizipena partekatzeak nire prozesuaz jabetzea ekarri dit nolabait, nire barruan dagoenaz jabetzea. Horrek harro, indartsu, oso bihozbera... sentiarazten nau. Ez dakit, zaila da azaltzea. Asko jartzen dut nigandik, nire zerizanetik, "nire erraietatik"... eta, aldi berean, asko jasotzen dut, maila sakonean...indartsuan".

Beste parte-hartzaile batek hitz hauek erabili zituen: "oinazea eraikitzailea eta positiboa den zerbaitetara bideratzeak arindu egiten du eta ordaingarria da".

III. Eusko Jaurlaritzaren balorazioa

Adi-adian modulua oso ondo ari da funtzionatzen. Hiru dira balantze positibo horren arrazoiak: lehena, agente hezitzaileekin egiten den aldez aurreko komunikazio- eta aurkezpen-prozesua; bigarrena, biktimen eginkizunak duen balio izugarria eta haien testigantzaren funtzio pedagogikoa; eta hirugarrena, esperientziari buruzko balorazio positiboa elkarri jakinarazten dioten ikastetxeen arteko ahoz ahokoa.

Duela urtebete, programa hori ikasgeletan sartu ahal izateko eztabaida mediatiko politikotik ateratzea garrantzitsua zela aipatzen zuen Jaurlaritzak. Programa liskarretik ateratzea lortu da eta hori izan da nabarmendu beharreko beste gakoetako bat. Ildo horretatik, eskerrak eman nahi ditu Jaurlaritzak bai komunikabideen aldetik, bai Legebiltzarreko alderdien aldetik jasotako laguntzagatik, Adi-adian sosegu eta lasaitasunezko testuinguruan garatu ahal izateko.

Balantze positibo kuantitatibo, nahiz kualitatibo horrek 2015ean programa horrekin modu berean lanean jarraituko dugula eta urtearen amaieran berriro ere garapenak izandako emaitzaren balantzea egingo den aurreikuspena dugu.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @djjacomenorato
    2014.eko abenduak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Fundacion_Buesa: El Gobierno Vasco presenta el balance y valoración del desarrollo del programa Adi-adian durante 2014 http://t.co/RfA

  • @Fundacion_Buesa
    2014.eko abenduak 19

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco presenta el balance y valoración del desarrollo del programa Adi-adian durante 2014 http://t.co/RfAIczqIa5

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aintzane Ecenarro