Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak auren 48 milioi garapenerako lankidetzara bideratzea onartu du, 158 proiektu eta ekimenetan banatuta

2014.eko abenduak 21

Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, aurten lankidetzara 48 milioi euro bideratzea onartu du. Mota askotako laguntzen, proiektu-deialdien, programen, ekintza humanitarioaren eta larrialdiko laguntzaren, genero-berdintasunaren aldeko proiektuen eta elkarte eta erakundeekiko hitzarmenen bidez banatuko du kopuru hori. Kopuru honekin, Euskadi Estatuko autonomia-erkidegoen buruan dago lankidetzan.

Honela, Eusko Legebiltzarrak iragan apirilean onartutako lankidetzarako orientabideei jarraitu zaie, eta euskal gizarteak berdintasunean, giza eskubideetan, giza duintasunean eta elkartasunean oinarritutako mundu justuago bat eraikitzeko duen nahiari erantzuten zaio.

Guztira, 33 herrialdetan kokatutako 158 proiektu eta ekimen onartu ditu (Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikan, 12 herrialde; Afrikan, 12, eta Asian, 9). Proiektu hauek garatzen ari diren edo garatuko dituzten Euskadiko gobernuz kanpoko erakundeak 62 dira.

Laguntza kopuru horren zati handiena –29,5 milioi euro– 50 erakunderen 88 proiekturen artean banatu da; aurkeztutako proiektuak, guztira, 196 ziren.  Euskadiz gain, beste 18 herrialdetan garatzen ari dira proiektuak.

Proiektuak honela sailka litezke:

-       Txirotasunaren aurkako borrokan ekarpen esanguratsua egiten duten garapenerako lankidetzako proiektuak, Hegoaldeko herrialde txirotuen prozesu endogenoak eta ahalmenak indartzekoak eta laguntza teknologikoa ematekoak.

  • 63 proiektu.
  • 25,2 milioi euro.
  • Xedea. Ondorengo herrialdetarako proiektuak onartu dira: Guatemala, Peru, El Salvador, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Nikaragua, Palestina, India, Filipinak, Zimbabwe, Etiopia, Kongoko Errepublika Demokratikoa (KED), Senegal, Ruanda eta Burundi.

 -        Garapenarekin lotutako sentsibilizazio- eta hezkuntza-proiektuak.

  • 25 proiektu.
  • 4,3 milioi euro.
  • Xedea: Euskadin garatzekoak diren egitasmoak.

Onartutako proiektuak sektore hauetan sartzen dira: herri-ekonomiaren garapena, emakumeen ahalduntzea, oinarrizko gizarte-beharrak, giza-eskubideak, tokiko boterea, prestakuntza, gizarte-intzidentzia, komunikazioa eta ikerkuntza, besteak beste. Proiektu guztiek genero-berdintasunaren ikuspegia kontuan hartzen dute eta garapen integralerako dira.  

Proiektuak aztertu eta baloratzeko prozesu sakona –ekainean deialdia ireki ondoren hasia– azaroan bukatu da eta Gobernu Kontseiluak abenduan onartu du.

Proiektu hauen ebaluazioa 34/2007 Dekretuaren (eta ondorengo garapen eta ebazpenen) arabera araututa dago. Euskal lankidetza giza-garapen iraunkorraren paradigmaren barruan sartzen da, giza-eskubideetan oinarrituta dago eta genero-berdintasunaren zeharkako ikuspegia barne hartzen du.

Lankidetza-proiektuetarako laguntza-ildo honetaz gain, 2014an honako hauek onartu dira:

-       18 larrialdiko laguntzarako eta ekintza humanitariorako proiektu; 3,1 milioi eurokoak, guztira. Siria, Filipinak, Bolivia, KED, Palestina, Guatemala, Dominikar Errepublika, Hego Sudan, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ertafrikako Errepublika, SEAD eta Camerún.

-       3 proiektu Ekintza Humanitarioko Esparru Estrategiaren barruan. 2 milioi euro.  Kolonbia-Venezuela, KED, Palestina.

-       5 proiektu Genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketetarako. 131.500 €.

-       8 erakunderen 9 egiturazko lankidetza-programa. 10 milioi euro. Kolonbia, Peru, Honduras, Nikaragua, Bolivia. 

-       9 hitzarmen Euskadiko, Hegoaldeko edota nazioarteko erakundeekin. 2,6 milioi euro.

-       26 ekimen gehiago (bekak edota kopuruz txikiagoak izan diren laguntzak).

Laburbilduz, Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, 2014an lankidetzara 48 milioi euro bideratzea onartu du, 158 proiektu eta ekimen bultzatzeko.

Lankidetzarako euskal sektorea ONGD indartsu eta kualifikatuekin dago osatua. Hauekin elkarlanean dihardu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Euskadi lankidetzaren eskutik ere munduan ezagutarazteko berriro: elkartasunean oinarritutako mundu justuago bat eraikiz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)