Berriak Segurtasuna
Eu

64 urtetik gorako pertsonak euskal errepideetan gertatutako istripu larrien % 30ean izaten dira inplikatuta

2014.eko abenduak 17

Azken urteetan trafiko-istripuetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua jaisteko joera egon arren, adinekoen harrapatzeek lehengo kopuruei eutsi diete eta areagotu ere egin dira azken bi urteetan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak argitaratutako txosten monografikoko datuek islatzen dute 64 urtetik gorako 17 pertsona hil zirela eta 79 pertsona larri zauritu zirela iaz Euskadiko kale eta errepideetako trafiko-istripuetan. Datu horiek errepideetan hildako pertsonen % 30 irudikatzen dute eta islatzen dute pertsona talde hori, biztanleria osoaren % 20 izan arren, biztanleria osoan duen pisuagatik egokituko litzaiokeen trafiko-istripu larrien kopuruan baino kopuru handiagoan dagoela nahasita.
 
Hildako adineko gehienak oinezkoak (% 47), gidariak (% 35) eta bidaiariak (% 18) ziren, eta proportzioa antzekoa da larri zauritutako pertsonen artean.

Generoari dagokionez, hildakoen % 65 gizonak ziren, eta gainerakoak, emakumeak. Alde hori ez da hain hautemangarria harrapatzeei dagokienez. Istripu mota horietan hildako edo larri zauritutako pertsona kopuru osoaren % 58 dira gizonak.

Guztira, hildako edo larri zauritutako 64 urtetik gorako pertsonak 96 izan ziren, eta nabarmentzen da horietako 51 gidariak edo bidaiariak zirela errepideetan eta 45 oinezkoak zirela. Oro har, gidarien istripu larrienak errepidean gertatzen dira; harrapatzeak, aldiz, herriguneetan erregistratzen dira.

Harrapatzeen tipologiari dagokionez, datuek adierazten dute 2013an istripu mota horiek jasan zituzten 64 urtetik gorako pertsonen kopurua jaitsi egin zela aurreko urteari dagokionez.

Errepideetako istripuen bilakaera

Azken urteetan 64 urtetik gorako pertsonek Euskadiko errepideetan izan dituzten istripuen bilakaerak jaitsiera nabarmena erakusten du 2000. eta 2006. urteetan artean. Ondoren, geldialdi bat egon zen, eta areagotze arin bat ere egon da azken bi urteetan; horrek era berean eragin die 64 urtetik gorako pertsonei eta bi sexuei.

64 urtetik gorako pertsonen istripu larrien bilakaera alderatuz gero gainerako biztanleriarenarekin, ondorioztatu daiteke adin-tarte horretan ez dela jaisten istripuen jaitsiera orokorraren erritmoan, batik bat azken bost urteetan. Kopuruek erakusten dute 2000. eta 2013. urteen artean istripu larriak % 70 jaitsi zirela euskal errepideetan; adinekoenen artean, ordea, % 30 jaitsi ziren soilik. Are gehiago, azken bost urteetan ez jaitsi ez ezik, % 45 areagotu da.

Datu horiek azterketa sakon bat egitera eramaten gaituzte, eta, horretarako, kontuan izan behar da adin-talde honetan istripuen gorakadak zerikusia izan dezakeela euskal biztanleriaren pixkanakako zahartzearekin. Arduratu behar dugun errealitate berria da”. -adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendariak. Oro har, bideak erabiltzen dituzten eta, bereziki, gidariak diren 64 urtetik gorako pertsonen proportzioa areagotzen ari da. Zenbat eta pertsona gehiago egon bidean, orduan eta aukera gehiago daude istripu batean nahasteko". Beraz, konzientziazioa eta gaurko errealitatea aurre egiteko neurri berriak lantzea bultzatu beharko genituzke- gehitu du zuzendariak.

Aztertutako datuen arabera, istripua izandakoan adinekoek gidatzen zituzten ibilgailuak turismoak ziren istripuen % 82an, eta, ondoren, bi gurpileko ibilgailuak (% 16).

2011 arte turismoak, furgonetak eta bi gurpileko ibilgailuak gidatzen zituzten eta istripua izandako adinekoen jaitsiera jarraitua alderantzizkatu egin da azken bi urteetan.

Istripuak hirian

2000. urtetik 2013. urtera 64 urtetik gorako pertsonek hiriguneetan jasandako istripuen bilakaerak agerian uzten du hildako edo larri zauritutako pertsonen % 90 harrapatutako oinezkoak zirela, eta horietako gehienak 80 urtetik gorakoak zirela. Hirigunean harrapatzea da istripu mota bakarra hildako edo larri zauritutako emakumeek gizonek baino ehuneko arinki handiagoa dutena, nahiz eta bi taldeetan antzeko moduan jaisten joan diren arestian aipatutako denbora-tarte horretan.

Hiriguneetako istripuak gertatzen diren urteko garaiari eta egunari buruz eskuragarri dauden datuek adierazten dute horietako % 57,7 neguan eta udazkenean gertatzen direla, eta % 42,3 udan eta udaberrian. Asteko lehen hiru egunetan gertatzen da harrapatzeen ehuneko handiagoa egunez eta galtzada lehorrarekin. Kasu gehienetan turismo edo moto batek harrapatzen ditu.

Aurtengo datuak

Abenduaren 16ra arte, hil edo larri zauritu diren 64 urtetik gorako 71 pertsona daude erregistratuta. Datuak behin-behinekoak izan arren, iaz aldi berean baino 22 pertsona gutxiago dira. Bidaiariei (hamaika gutxiago), harrapatzeei (bederatzi gutxiago) edo gidariei (bi gutxiago) eragiten die datu horrek.

Trafiko-istripuan hil diren edo larri zauritu diren 64 urtetik gorako pertsonen artean areagotu diren talde bakarrak dira ziklistak (bost gehiago) eta moto-gidariak (bat gehiago), iazko aldi bereko datuekin alderatuta.

monografikoa

Inkesta bidea erabiltzen duten 800 pertsonari

Monografiko horrez eta Bilboko Euskalduna Jauregian maiatzean egin zen "Herritarren zahartzea eta bide segurtasuna" jardunaldiaz gain, ekintza horien osagarri gisa, Trafiko Zuzendaritzak zortziehun inkesta egin dizkie Euskadin bizi diren gizon eta emakumeei irailetik urrira. Zuzendaritzaren asmoa da bidea erabiltzen duten pertsonen errealitate aldakorrean eta horiek trafiko-istripuetan duten nahasteetan sakontzea, eta arreta berezia jarriko du istripu horien kausetan; hala ere, ez dira deskuidatuko haien jarrerak eta iritziak, oro har istripuen kausalitateari buruzko azterketak egin ahal izateko xedearekin. Inkesta egindako pertsonen % 42 inguru gizonak izan ziren, eta % 58, emakumeak. Horiek guztiak 65 eta 99 urte artekoak izan ziren.

Euskadin bidea erabiltzen duten 64 urtetik gorako pertsonen taldearen ezaugarri nagusia da gehienbat emakumeak izatea, batik bat, 78 urtetik gora, emakumeek bizi-itxaropen handiagoa dutelako.

Gehiengo handiak ez du gidabaimenik, eta, beraz, oinezkoak dira nagusiki. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi horiek direnik kilometro gehien egiten dituztenak oinez. Emakumeak hiriguneetako kaleetan ibiltzen dira oinez batik bat; gizonak, aldiz, kaleak eta errepideak konbinatzen dituzte. (Adina aldagai mugatzailea da, baita ere, oinezkoek km-tan egindako mugikortasunari nahiz errepidearen erabilerari dagokionez.)

Talde horrek gehien erabiltzen duen ibilgailuari dagokionez, turismoa izan da maizen erabiltzen dena, eta bizikleta, ziklomotorra edo beste ibilgailu industrial batzuk ehuneko oso baxuetan erabiltzen dira. Pertsonen heren batek baino gehiagok turismo bat gidatzen du, gehienbat gizonek, eta horien erabilera ere jaitsi egiten da adinarekin.

Turismoan astean egindako kilometroen batez bestekoa 110 km da. Oro har, gizonek batez besteko askoz ere altuak dituzte, eta, ondorioz, arriskuarekiko esposizio handiagoa dute.

Inkesta egindako adinekoek gidatzeari uzteari edo ibilgailuaren erabilera murrizteari buruz emandako arrazoiak dira, besteak beste, osasun-arazoak, ikusmena edo erreflexuak eta "ez gustatzea" (asko aipatu dute emakumeek). Osasun-arazoak gehiago aipatzen dira erabiltzailea zaharragoa den heinean.

Istripuei buruzko informazioa laburbilduz, erabiltzaileen % 98 ez da nahasi istripuetan oinezko gisa. % 92k ez du izan istripurik gidari gisa, nahiz eta gizonak diren istripu gehien izan dituztenak, seguru asko arriskuarekiko esposizio handiagoa dutelako.

Adierazten diren istripuen kausa nagusia da (turismoen artean gertatutakoak adibidetzat hartuta) "deskuidua, arreta ez jartzea edo ez begiratzea". Zirkulazio-arauen atalari dagokionez, 64 urtetik gorako pertsonak, oro har, oso errespetutsuak dira arauekin. Soilik % 16ak baieztatzen du arauak oinezko gisa "batzuetan" errespetatzea. % 81 ez dute inoiz zigortu. Gizonek emakumeek baino batez besteko arinki handiagoa dute zigorrei dagokienez. Emakumeen % 95ak ez du inoiz zigorrik jaso. Hala ere, gogorarazi behar da gehiengoak ez duela gidatzen eta kilometro gutxiago egiten dituztela.

Talde horrek jasotako zigorren arrazoiei dagokienez, gehiengo zabalak aipatu du abiadura-muga gaindintzeagatik jaso duela.

Erabiltzaile talde honen iritziei eta jarrerei dagokienez, gehiengoak uste du abiadura-mugak ondo daudela. Mugak baxuak direla eta abiadura handiagoa beharko litzatekeela uste dutenen artean, emakumeak baino gizon gehiago daude. Adina ere abiadura-mugei buruzko iritzia moderatzen duen aldagaia da.

Radarrei dagokienez, gehiengoa ados badago ere gaur egun daudenekin, ia ehuneko berdinak erantzun du "ez dakit, ez dut erantzungo" aukera. Erantzun hori areagotu egiten da emakumeen kasuan eta adinarekin.

Abiadurari eta alkoholari/drogei buruzko jarrerei dagokienez, adierazten dute "Inoiz ez" edo "Kasuren batean" abiadura-mugak gainditu dituztenak emakumeak eta gizonak direla, hurrenez hurren. Sexuaren arabera, emakumeak "Inoiz ez" erantzun dute gehienbat, baina gutxiengo batek gizonak gainditzen ditu "Askotan" erantzunda. Alkohola edo drogak hartu ondoren gidatzeari dagokionez, % 23k uste du batzuetan egin duela; datu hori handiagoa da gizonen artean (% 26) emakumeen artean baino (% 11).

Mugikorrarekin izandako deskuiduei buruz hitz egitean, % 6k besterik ez du egin "batzuetan", eta ia ez dago alderik sexuen arabera.

Galdera garrantzitsua da semaforoak eta oinezkoen pasabideak errespetatzeari buruzkoa. % 21k esan du "Batzuetan" errespetatzen dituztela, eta emakume gehiagok esaten dute errespetatzen dituztela gizonek baino.

Errepikatzen den gai bat da, hain zuzen, adinekoei zirkulatzeko edo gidatzeko eragiten diena, arazo fisikoena edo osasun-arazoena. Aipatutako arazo nagusiak mugikortasuna eta erreflexuak dira, baina gehiengo zabalak uste du "Ez diola eragiten". Adina areagotu ahala, mugikortasunaren arazoa areagotzen da batik bat. Horrek behar ditzake neurriren bat hartzera arazo horiek arintzeko. Adierazitako neurrien artean daude, besteak beste, motelago eta arreta handiagoarekin joatea. Nabarmena da "Motelago joatea" aukera areagotzen dela 80 urtetik gora.

inkestak

"Harrapatzeei buruzko gogoeta egin dezagun" kanpaina

64 urtetik gorako pertsonen taldeak jasandako istripu larrienen motei buruzko datuek eramaten dute Trafiko Zuzendaritza gogoeta sakona egitera kausei eta hartu beharreko neurriei buruz, zenbateko hori murriztea lortze aldera. Adin-tarte horretako pertsonak talde zaurgarritzat hartzen dira trafiko-istripuetan duten ahultasun fisikoagatik, baina, bereziki, oinezko gisa dutenagatik.

2014an, Zuzendaritzak hainbat ekintza garatu ditu helburu hori lortzeko xedez. Ekintza horietako bat izan da "Harrapatzeei buruzko gogoeta egin dezagun" kanpainaren bosgarren edizioa gauzatzea, 64 urtetik gorako pertsonei zuzendua.

Kanpaina honek helburu izan du, lehenik, adinekoetan harrapatze-arriskuei eta horiek izan ditzaketen ondorioei buruz gogoeta egitea. Ezinbesteko helburua da babesteak duen garrantziari buruz sentsibilizatzea harrapatzeak saihesteko, eta, azkenik, harrapatzeen arazoei buruz iritziak eta iradokizunak jaso dira.

Kanpaina erretiratuen elkarteekin lankidetzan gauzatu da, eta horietako kideek udaberrian eta udazkenean egindako 20 jardunalditan baino gehiagotan parte hartu dute, Euskadiko 18 herritan. Guztira, 767 pertsonak parte hartu dute topaketa horietan. Hain zuzen, jardunaldietako parte-hartzaileei beren iritzia helarazi zuten oinezko gisa duten jarrerari eta bidea partekatzen duten ziklistei buruz. Halaber, iritziak eman zituzten hiriguneetan dauden semaforoei buruz, administrazioen jarduerari buruz prestakuntzari dagokionez eta bideko erabiltzaile guztien sentsibilizazioari buruz. Azkenik, parte-hartzaileek iradokizunak eta ekarpenak egin zituzten herri zehatzei buruz.

Segurtasun Sailak uste du beharrezkoa dela topaketa eta saio mota hauek egiten jarraitzea, bideak erabiltzen dituzten pertsonen bidez ezagutzeko gogoetak eta premiak, talde zaurgarrienen artean sentsibilizazio-kanpainak abian jartzeari begira". Hori baieztatu du, hain zuzen, Garbiñe Sáez Molinuevok, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko