Berriak
Eu

Bilboko, Gasteizko eta Donostiako memoriaren lehenengo hiru Udal-erretratuak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak

2014.eko abenduak 17

Bizitzeko eskubideari egindako urraketa guztiak, lehenengo aldiz, biltzeko argitalpen bat ari da prestatzen Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia. Bertan, biktimen izenak ere agertuko dira.

Dokumentu horri esker, 136 euskal udalerrik Memoriaren Mapa sustatu ahal izango dute, baita tokian tokiko biktimekiko errekonozimendua sustatu ere.

Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Memoriaren udal-erretratuak aurkeztu ditu gaur Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak. Memoria horretan, hiru udalerri horietan 1960 - 2010 bitartean Euskadin bizitzeko eskubideari egindako urraketak jaso dira.

Jaurlaritza prestatzen ari den «Bizitzeko eskubidearen urraketen udal-erretratuak (1906 - 2010)» argitalpeneko lehenengo hiru “koadernoak” jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordean, bakegintza eta bizikidetzarako arduradunak Memoriaren Maparen ekimenaren bilakaeraren eta egindako lanaren  berri emateko egin duen agerraldian. Aipatutako argitalpen horretan, guztira, Euskadiko 136 udalerritako erretratuak jasoko dira.

Jonan Fernándezek adierazi duenaren arabera, erretratu horien helburu nagusia Euskadiko udalei beren udalerriari buruz dagoen informazio guztia ematea da, tokian tokiko biktimen memoria eta errekonozimendurako jarduerak bultzatzen laguntzeko.

Lan horren xedea da Memoriaren Mapa garatzen jarraitzeko ekimenak antolatu eta guneak sortu ahal izateko udal-ordezkarientzat tresna erabilgarria izatea. Horrez gain, azken 50 urteetan udal bakoitzaren udalerrian indarkeriak eta terrorismoak eragin dituen biktimei buruzko behar adina informazio lortzeko beharrari erantzungo zaio. Udalek horretarako beharra zegoela adierazi baitzuten.

Udal-erretratu bakoitza tokiko datu-base bat da eta une honetara arte eskuragarri dagoen informazioa eskaintzen du. Datu-base horiek egiteko Euskadiko gobernuak, Nafarroako gobernuak, Barne Ministerioak, biktimen elkarteek, komunikabideek eta egile partikularrek biktimei buruz argitaratutako zerrenda guztiak berrikustea eta alderatzea beharrezkoa izan da. Hori guztia (Jonan Fernándezen ustez) laburbiltze-lan zaila eta tentuz ibiltzekoa izan da. Zeren kontsultatutako datu-baseen artean alde nabarmenak daude eta pertsonen zein familien sufrimenduari eragiten dio.

Lan honen emaitza informazio zehatza da eta gertakarien errealitate objektiboaren irudi oso hurbilekoa eta zehatza eskaintzen du informazio horrek. Izan ere, lehenengo aldiz, bizitzeko eskubideari egindako urraketa guztiak biktimen izenekin jaso dira (nahi gabeko akats edo omisioagatik izan ezik), ez da hilketarik kanpoan utzi ezta biktimarik ere.

Era berean, udal-esparruko memoriarako eta biktimen errekonozimendurako egutegia eta lan-plana jakinarazi ditu Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariak. Hori guztia Eudelekin adostu da hurrengo urtean egiteko eta ondorengo jarduketak egingo dira:

·Urtarrila: EAEko hiru hiriburuei dagokien «Euskal kasuko bizitzeko eskubidearen urraketen udal-erretratua (1960 - 2010)» aurkeztea hiru euskal hiriburuetako alkateei.

·Urtarrila eta maiatza bitartean: Euskadiko udalerri guztien «Bizitzeko eskubidearen urraketen udal-erretratua (1960-2010)» ren lana amaitzea.

·Ekaina eta uztaila: udal-hauteskundeen ostean, eta udal berriak eratu ondoren, «Bizitzeko eskubidearen urraketen udal-erretratuak (1960-2010)» helaraziko zaizkie EAEko alkate berri guztiei.

·Iraila eta azaroa bitartean: 10.000 biztanletik gorako udalerri guztietan eta eskualde-buru guztietan memoriari buruzko ekitaldiak egin daitezen bultzatuko da. Udal-gobernuko taldeekin zuzenean harremanetan jarrita, eta biktimen senideekin kontrastatuta, memoriari buruzko ekitaldiak egitea bultzatuko da, baita horietako udalerri bakoitzean memoria-espazio bat sortzea ere, 2015eko memoriaren egunari begira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko