Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskarazko IKTak. Erabilera da erronka

2014.eko abenduak 17

Euskarazko Informazio eta Komunikazio Teknologiei buruzko mintegia ari da burutzen Bilbon, Eusko Jaurlaritzak antolatuta

Administrazio publikoko langileak, hezkuntza arlokoak, guraso elkarteetako kideak nahiz enpresetako ordezkariak. 180 lagunetik gora elkartu dira gaur Bilboko Bizkaia Aretoan, goiz eta arratsaldeko saioetan, Eusko Jaurlaritzak euskarazko IKTen inguruan antolatu duen lehen mintegian. Helburua: profesionalei –administraziokoei nahiz enpresa mundukoei- euskaraz eskuragarri dauden tresna eta baliabide teknologikoen berri ematea, erreminta horien erabilera bermatu asmoz. “Gure erronka izan behar baita produktu horiek guztiak erabiltzea eta, ondorioz, euskarazko IKTen merkatua handitzea” azaldu du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Erabileran dauka erronka euskarak, baita Informazio eta Komunikazio Teknologiei dagokienez ere. Jarduera profesionalean bezalaxe, bizitza pertsonalean egunean baino egunean pisu eta leku zabalagoa dute IKTek. Eta euskara ezin da teknologia horietatik at gelditu. “Oso garrantzitsua da euskara teknologia horietan integratuta egotea, aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada”, azpimarratu du Baztarrikak, “ez da posible hizkuntzaren, euskararen, bizi-indarra neurtzea euskararen bizi-indar digitala kontuan hartu gabe. Bizirauten duten hizkuntzak dira hiztunak dituztenak, irakasten direnak, belaunez belaun transmititzen direnak, ikasteko, gozatzeko eta dibertitzeko erabiltzen direnak, garaian garaiko herritarren premia komunikatiboetara egokitzeko gai direnak. Berritzen direnak. Hala iraun du euskarak, eta orain ere horixe dagokio euskarari: berritzen eta hiztunen premia berrietara egokitzen jarraitzea. Berritzen ez dena, hil egiten baita”, ziurtatu du.

Azken urte hauetan euskarak aurrerapauso handiak egin dituela gogorarazi du sailburuordeak, baita IKTen arloan ere. “Eta hori gertatu da, gure gizarte-ehunean komunitate digital dinamikoa daukagulako, oso komunitate ekimentsua, arlo batean eta bestean ekinean ari dena, eta publiko-pribatuaren arteko elkarlana gauzatzen jakin dugulako”. Jaurlaritzak ere hasiera-hasieratik hartu zuela tren hori gogorarazi du Baztarrikak “alde egiten utzi gabe. Aspaldi hasi zen Jaurlaritza euskarazko IKTak aztertzen, sustatzen eta zabaltzen, argi izanda alor hori gure hizkuntzarentzat ezinbestekoa zela. Ibilbide horretan, Euskadiko nahiz kanpoko agente teknologikoak izan ditu lagun. Guztion artean jorratutako bidea da euskarak IKTetan egin duena”.   Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016rako Euskararen Agenda Estartegikoak ere helburuen artean du “IKTak, hizkuntza teknologiak barne, euskararen garapenerako baliatzea, horretarako bideratutako ekimenak sendotuz” (11.helburua).      

Euskararen osasun digitala

Euskarak egun duen osasun digital onaren erakusle, zenbait datu ezagutarazi ditu Patxi Baztarrikak:

  • Munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen  Interneten, eta horietako bat euskara da
  • Interneteko nabigazio hizkuntzen artean 44. posizioa du euskarak
  • Twitterren 33 hizkuntza daude, eta horietako bat euskara da (gaur oraindik badira Europar Batasuneko hainbat hizkuntza ofizial twiterren ez direnak).
  • Wikipedian, badira 204.000 artikulutik gora euskaraz, eta 35. lekuan dago euskara entziklopedia horretan (EB-n ofizialak diren 11 estatu hizkuntzatan baino gehiago dago euskaraz)
  • Itzultzaile automatikoa Interneten edonoren eskura dago: euskara-gaztelania, gaztelania-euskara eta ingelesa-euskara norabideetan. Hilero, 350.000 itzulpen inguru egiten ditu
  • Euskara ikasteko baliabide teknologikoak badira sarean, erabilera handikoak: HABEren webgnuean, urtebeteko epean, 640.000 bisita; Ikasbil-en, urtebeteko epean, 522.000 bisita, eta erabiltzaileek emandako denbora, guztira, 45.000 ordu.
  • Euskarazko tresna ugari daude eskura sarean: hiztegiak, zuzentzaile ortografikoa, pakete ofimatikoak…

Mintegi honek espazio bat sortu nahi du, batetik, euskarazko IKTen produktuak eta tresnak elkarrekin partekatzek eta kontrastatzeko, eta bestetik, behar berriak elkarrekin identifikatzeko. Mintegiak gogoeta egiteko ere balioko du. Egungo argazkia ikusi bai, baina “hemendik aurrera zer?” galdetzeko.

Egitarau zabala, goiz eta arratsaldez:

Patxi Baztarrika sailburuordearen sarrera-hitzaldiarekin hasi da Euskarazko IKTei buruzko mintegia, “Txikiaren handitasuna edo euskara IKTetan” hitzaldiarekin. Berahala hartu dio lekukoa Google enpresako ordezkari batek, bere produktuetan euskara integratzeko egin duen lanaren berri emateko.

Gainerakoan, mintegia hiru bloke nagusitan banatu da. Lehena euskarazko softwareari eskaini zaio. Bloke honetan, Microsoft izan da gonbidatuetako bat, bere produktu nagusietan euskara integratzeko ahalegina egin baitu. Zundan enpresak berriz, software libreko euskarazko produktuen berri eman du.

Bigarren blokean, Hizkuntza-tresnak eta baliabideak izango dira ardatz, eta hamar aurkezpen: Elhuyar, UZEI, Euskaltzaindia, HABE, Wikipedia, Berria, IVAP, Herri Administrazioa eta Justizia Saila, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariek erabiltzaileen eskura dauden tresnak eta baliabideak aurkeztuko dituzte.

Hirugarren blokean, arratsaldeko saioan, App-ak eta sare sozialak bildu dira.  Iametza Interaktiboa eta Akting Ingeniaritza enpresek lagin bat aurkeztuko dute, eta Euskal Apps euskarazko app-ak biltzen dituen webgunearen berri izango da. Azkenik, sare sozialei dagokienez, Code Syntax enpresa da gonbidatua.

 

Bilbon, 2014ko abenduaren 17an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Araceli Diaz de Lezana