Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Erabakia, Bizkaiko Abokatuen Elkargoari diru-laguntza bat emateari buruzkoa, Abokatutzan aritzeko Masterraren ondoriozko gastuak ordaintzeko (modalitatea: euskara) (2013-2014 ikasturtea). (2014-12-16(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko abenduak 16

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 9.000 EUROKO DIRU LAGUNTZA EMANGO DU ABOKATUTZAN ARITZEKO EUSKARAZKO MASTERRERAKO

Hala, master honen jarraipena bermatuko du; etorkizuneko abokatutzako profesionalak prestatzeko Euskadiko euskarazko master bakarra da.

Diru-laguntza hau prozedura judizialak osoki euskaraz izapidetzea ahalbidetzeko Auzia Euskaraz proiektuaren barruan dago.

2015ean, Eusko Jaurlaritzak 774.000 euro bideratuko ditu Justizia Administrazioko langileen hizkuntza-normalizaziora.

Gobernu Kontseiluak Bizkaiko Abokatuen Bazkun Ohoretsuari 9.000 euroko diru-laguntza ematea erabaki du gaur, abokatutzan aritzeko euskarazko masterraren gastuak ordaintzeko.

Diru-laguntza horren bidez, master honek, etorkizuneko abokatutzako profesionalak prestatzeko Euskadiko euskarazko master bakarrak, jarraipena izatea bermatuko du Eusko Jaurlaritzak. Jarraipena izatea garrantzitsua da ikasleek abokatutzan euskaraz aritzeko beharrezko gaitasunak bereganatu ditzaten, eta bide batez, Justiziaren esparruan hizkuntza-normalizaziorako ekarpen bat izango da. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazio kalitatezko, eraginkor eta elebiduna izateko konpromisoan aurrera egingo du, halaber.

JUSTIZIA ARLOKO HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA

Diru-laguntza hori Auzia Euskaraz proiektuaren barruan dago jasota. Eusko Jaurlaritzak ipini zuen martxan proiektua, Justiziaren esparruan hizkuntza-normalizazioa bultzatzeko. Zehazki, proiektuari esker, prozedura judizialak erabat euskaraz izapidetzea lortzeko asmoa dago, abokatuak demanda judizial bat jartzen duenetik dagokion ebazpena egiten den arte.

Guztira, 2015. urtean, Eusko Jaurlaritzak 774.000 euro bideratuko ditu Justizia Administrazioko langileen hizkuntza-normalizaziora, herritarren euskaraz egiteko eskubidea bermatzeari dagokionez aurrerapausoak emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau