Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Eskualdeetako Komitearen gizarte-berrikuntzari buruzko lantaldea hartu du

2010.eko ekainak 14

Euskadik, lantaldeko gainerako kideekin batera, gomendio politikoak emango ditu Europar Batasunean, esparru horretan, legeak subsidiariotasun-printzipioa errespetatuz nola egin behar direnari buruz

 

Patxi López Lehendakariak iragarri zuen moduan, Eskualdeetako Komiteak gizarte-berrikuntza arduratsuaren alorreko Europako praktikarik onenak biltzen eta aztertzen dituen txostena egiteko eskatu dio Euskadiri, berrikuntza hori aurrerapenerako motor gisa ulertuz, kohesioari, enpleguari, lehiakortasunari eta hazkundeari egiten dion ekarpenaren ondorioz.

Euskadik, lantaldeko gainerako kideekin batera, gomendio politikoak emango ditu Europar Batasunean, esparru horretan, arauak subsidiariotasun-printzipioa errespetatuz nola egin behar direnari buruz.

Lan hori abian jartzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak lantalde bat zuzentzen du. Talde horren lehen bilera ekainaren 4an egin zen Bilbon, Euskadiz gain Veneto (Italia), Wielkopolska (Polonia), Flandes (Belgika), Bavaria (Alemania) eskualdeak eta Eurocitiesek biltzen dituen Europako 140 Hirien Sarea bertan zirelarik; eta Innobasque-ren babesa izan zuen, hain zuzen ere, Gizarte Berrikuntzarako Zuzendaritzarena.

Emaitza Bruselan, 2010aren amaieran, antolatuko den Subsidiariotasunari buruzko Konferentzian emango da ezagutzera.

Eusko Jaurlaritzaren Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendari Irune Aguirrezabal, Innobasqueko Gizarte Berrikuntzako zuzendari Luis María Ullibarri, Innobasque-ko Pablo Angulo eta Iker Atxa eta Wielkopolska, Flandes eta Venetoko ordezkariak ere izan ziren bileran. Bilera horretan erabaki zen txostenaren gai nagusia enpresen gizarte-erantzukizuna izango dela, subsidiariotasunaren ikuspegitik aztertuta eta 4. sektorea deiturikoaren lotuta. Halaber, Euskadin gauzatutako praktika onak aurkeztu ziren: IZAITE (ingurumen-iraunkortasuna), XERTATU (eskualde-berrikuntza eta -garapen iraunkorra) eta FIARE (ethical banking).

Ildo horretan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak honako hau adierazi du: "subsidiariotasun-printzipioa aplikatzea funtsezkoa da, hori betetzeak Euskadiren berezko eskumenak babesten baititu; aldi berean, Europako legeriaren eraginkortasuna handitzen ere laguntzen du, eskumenak gertuen eta prestatuta dauden erakunde-esparruetan garatzeko aukera ematen baitu; Euskadin, adibidez".

Lisboako Tratatuaren berrikuntzetariko bat da Europako eskualdeen papera indartu dela Eskualdeetako Komitearen bitartez eskualdeek subsidiariotasun-gaietan esku hartuta, eta beharrezkoa bada Europako Justizia Auzitegira jotzeko aukera emanda. Horrek suposatzen du Europar Batzordeak, Europaren eskumeneko edozein gairen inguruko araudian, printzipio hori betetzen den baloratu behar duela, hori betetzearen arabera handituko baita eskualdeek Europaren eraikuntzan duten papera.

Euskadik gizarte-berrikuntzari buruzko lantaldean duen lidergoarekin batera, Eskualdeetako Komiteak eskatu dio abian jarritako beste bost taldeetariko batean parte hartzeko, klima-aldaketari aurre egiteko energia-konponbideei buruzkoan, hain zuzen ere. Austriako Vorarlberg eskualdea da lantalde horren buru eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaz gain, Energia eta Meategien Zuzendaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) hartzen dute parte bertan.

Subsidiariotasunari buruzko Konferentzian Euskadik energiaren alorrari buruzko praktika onak ere aurkeztuko ditu, Europako beste eskualde batzuentzat adibide izan daitezen.

Iruzkin bat
  • @EstiLeon
    2011.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @LolaElejalde: Los vídeos de las jornadas de Salud 2.0 de los días 5 y 6 de Julio http://t.co/i4cquKx #salud20eus

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Irune Aguirrezabal, Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendaria