Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

"Nimbos. Argi-koroak": Euskadi eta Galiziaren arteko zubia

2014.eko abenduak 16
  • Xosé María Díaz Castroren “Nimbos / Argi Koroak” poema liburua galizieraz eta euskaraz argitaratu da, bi gobernuen arteko lankidetzan
  • Gerardo Markuletak ekarri ditu euskarara poeta galiziarraren olerkiak
  • Euskadirekin lotura estua izan zuen olerkaria izan da 2014ko Letra Galiziarren Eguneko omendua
  • Euskadik, Galiziak eta Kataluniak proposamena Espainiako Gobernuari: euskara-galiziera-katalana-gaztelania edizio eleanitzak bultza ditzala

Eusko Jaurlaritzaren eta Galiziako Xuntaren arteko elkarlanaren emaitza, Xosé María Díaz Castro poeta galiziarraren “Nimbos / Argi-koroak” liburua irakurgai dago gaurdanik euskal irakurleentzat ere, galizieraz eta euskaraz argitaratu den edizio elebidunean. Donostian gaur eguerdiz egin den ekitaldian aurkeztu dute argitalpena Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Valentín García Gómez, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak. Bi arduradunek Espainiako Gobernuari eskatu die abian jar ditzala edizio eleanitzak (euskara-galiziera-katalana-gaztelania) argitaratzeko ekimenak. Ekitaldian, euskadirekin lotura estua izan duen idazlearen semeetako bat ere, Jose Maria Díaz Zubizarreta, partaide izan da.

1961ean argitaratu zuen Xosé María Díaz Castro (1914-1990) olerkari galiziarrak Nimbos poesia liburua. Idazle honen liburu bakarra izanagatik ere, Galiziako literaturan arrasto handia utzi duen idazlea izan da, erreferentea herrialde horretako poesiagintzan. Horren erakusle, Díaz Castro izan da aurten Letra Galiziarren Egunean omendua, eta egun horren karietara antolatutako ekitaldi guztietan ardatz. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Euskadirekin hark izan zituen harreman eta loturak hartu ditu hizpide. “Xosé María Díaz Castro Urretxun ezkondu zen, bertako Teresa Zubizarreta Bengoetxearekin, 1954an”, zehaztu du sailburuordeak. “Urretxuarrak dira, era berean, bikoteak izan zituen hiru seme-alabak. Horrez gain, poetak anaia bat ere izan zuen Sestaon, 1954an hil zitzaiona”.

Zubigintza

Baina literaturak, eta bereziki liburu honek, hain berezkoa duten zubigintzan ipini du azpimarra Baztarrikak. “Díaz Castro poetaren bizitzak eta literatur ibilbideak agerian uzten digu literaturaren funtzio nobleenetariko bat, hizkuntzek ere berezkoa duten funtzio eraikitzailea: zubigintza. Eta liburu hau, poema bilduma aparteko hau, zubi bat da: idazlearen eta irakurleen arteko zubia, lehenik eta behin. Baina zubia, baita ere, Europako kostalde atlantikoan elkarrengandik ez oso urrun bizi eta etengabe aurrera egin nahi duten bi hizkuntzen eta bi hiztun komunitateen artean. Euskararen eta galegoaren arteko zubia. Euskaraz eta galegoz irakurle direnen arteko zubia”.

Era berean, edizio elebidun hau lankidetzaren emaitza dela ere azpimarratu du Patxi Baztarrikak. “Lankidetza da hitz gakoa, hizkuntzen sustapenaz hitz egiten dugunean. Bereziki galegoa eta euskara bezalako hizkuntzen arteko harremanez hitz egiten dugunean. Lan asko eginda gaude elkarrekin gure hizkuntzen sustapenerako” gogorarazi du “oso bereziki Espainiar Estatuko eta Europako instituzioen aurrean. Galegoa eta euskara Estatu eta Europa eleanitzetan duin, eroso eta berdinkidetasunean bizi diren hizkuntzak izatea da partekatzen dugun helburua. Eta gaurko ekitaldi hau langintza horretan egiten den ekarpena da. Gure hizkuntzen arteko solaskidetza bultzatu nahi dugu, eta literatura ezinbesteko lanabesa da gure hizkuntzen eta hiztunen arteko kultur komunikazioan”.

Idazleari zor

Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusi Valentín Garcíak hartu du ondoren hitza, eta Díaz Castroren olerkigintzak Galiziako letretan izan duen garrantzia nabarmendu du. “Ez da izan idazlan ugari eman duen idazlea, bai ordea kritiko eta adituen ustean, Galiziako diskurtso poetikoak sekula izan duen erreferenterik funtsezkoena. Idazle honek Galiziako Letren Errepublikan izan duen loria, Nimbos lan honi zor dio”. Jaurlaritza eta Xuntaren arteko elkarlan hau, idazleari zor zitzaion eta ongi merezitako argitalpena dela azaldu du Garcíak, hark Euskadirekin izan zituen lotura estuak direla-eta.   

Gerardo Markuletak ekarri ditu euskarara “Nimbos / Argi-koroak” laneko olerkiak. Liburuaren hitzaurrea Xesús Alonso Monterok, Galizieraren Errege Akademiako presidenteak idatzi du, Díaz Castroren bizitzaz eta obraz saiakera oparoa. Hitzatzea berriz, Euskaditik idatzia da, baina bertan aspaldi errotutako galiziar baten eskutik. Xosé Estévez, Deustuko Unibertsitateko irakasleak hartu du lan hori.

Gaur eguerdiz egin den prentsaren aurreko ekitaldiaren ondotik, beste aurkezpen ekitaldi bat burutuko da gaur iluntzean, Donostian bertan. Groseko Galizia Etxean elkartuko dira, eguerdiko ekitaldian izan direnak, bai eta Xesús Alonso, Galizieraren Errege Akademiako presidentea ere.

Xosé María Díaz Castro (1914-1990)

Xosé María Díaz Castro 1914an jaio zen Lugoko Os Vilares herrixkan (Guitirizeko kontzejuan), nekazal familia dirudunean. Mondoñedoko seminarioan egin zituen ikasketak, 1936 gerrak eten bazuen ere hango egonaldia. Gerra amaitutakoan seminariora itzuli arren, berehala utzi zuen elizbidea. Irakasle jardun zuen gerra ostean Vilagarcía de Arousan, baina Madrilen itzultzaile-oposaketak gainditurik, lanbide horretan jardun zuen zenbait erakunde ofizialetan. Hamalau hizkuntza ere ezagutzen zituen.

1954an Teresa Zubizarreta Bengoetxea urretxuarrarekin ezkondu zen, Urretxun, eta  bikotearen hiru seme-alabak ere herri horretan jaio ziren. Gerra garaiko harreman epistolarraren bidez ezagutu zuen emazte izango zuena. “Gerrako amabitxi” zen Teresa: gutunak idazten zizkien soldaduei, haien adorea pizteko asmoan..

1961ean argitaratu zuen Nimbos, bere liburu bakarra. 32 poema jasotzen ditu, zazpi ataletan banatuak: Atarikoa, Gaua, Argia, Esperantza, Miraria, Ametsa, eta Zauria.  Jakituria klasikoaren erakusle dira Nimbos laneko bertsoak. Baina arima galiziarraren sustraietan barneratzen den sakontasun filosofikoa, edo natura eta gauza ñimiñoekiko amodioa ere islatzen ditu. Esperantza izeneko laugarren atalak jasotzen du Diaz Castroren poemarik ezagunena eta gorena, “Penelope”. Galizia eta pertsonaia mitologiko horren arteko paralelismoak eraikitzen ditu olerkariak poema horretan.

Espainiako Gobernuari eskaera: edizio eleanitzak

Eusko Jaurlaritzak, Galiziako Xuntak eta Kataluniako Generalitateak proposamena egin die Espainiako Gobernuari, edizio eleanitzak argitaratzeko ekimena abian jar dezan (euskara-galiziera-katalana-gaztelania), hizkuntza hauetan idatzitako literatur lan esanguratsuekin. Proposamena litzateke, euskaraz, galizieraz edo katalanez sortutako lanen aukeraketa bat jatorrizko bertsioa eta gainerako hizkuntza guztietarako itzulpenak –gaztelania barne- jasoko lituzkeen edizioan argitaratzea. Patxi Baztarrika sailburuordeak eta Galiziako bere kide Valentín Garcíak aurkeztu dute gaur proposamena, liburuaren aurkezpen ekitaldian.

“Espainiako Estatua estatu eleanitza da, baina elebakarra bailitzan jarduten duena, gainerako hizkuntzen zabalkunderako jarrera aktiborik erakutsi gabe”, azaldu du Patxi Baztarrikak, eta ekimen honen asmoa zein den gehitu du: “Espainiako Gobernuak har dezala konpromiso aktiboa Estatuko aniztasun linguistikoa ikustarazten eta zabaltzen, Estatuaren lurralde guztian”.

“Hizkuntzen aurrean ezin da ezikusi egin eta ezin zaie bizkarra eman –esan du-, Hizkuntzak besarkatu egin behar dira. Ezagutzen ez dena e da maite izaten. Beraz, ezin da gauza onik espero izan Estatuko erkidego elebakarretako milioika herritarrei euskara, galiziera edo katalana, eta hizkuntza hauetan idatzitako literatura, Europa Iparraldeko herritar bati bezain arrotz egiten bazaie. Ona da, eta beharrezkoa, guztiok Cervantes, García Lorca, Ortega y Gasset edo Juan Ramón Jiménezen lanak ezagutzea. Ez da eragozpenik horretan. Baina ez da bat ere positiboa, guztiz negatiboa baizik, gabezia handia, Rosalia de Castro, Castelao, Maragall, Espriu, Axular, Lizardi edo Lauaxetaren lanekin gauza bera ez gertatzea Estatuko gainerako erkidegoetan. Eta zer esanik ez, gaur egungo idazleak ere euren jatorrizko erkidegoetan soilik ezagunak izatea. Hori ez da aniztasuna eta elkarbizitza sustatzea”, esan du amaitzeko sailburuordeak.        

 

Donostian, 2014ko abenduaren 16an

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @armandorequeixo
    2014.eko abenduak 17

    Comentario de Twitter:
    Vídeo da presentación dos 'Argi-koroak' de Díaz Castro en Donosti. http://t.co/WWg7FmFDsu @DiazCastro1914

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Valentín García Gómez, secretario generald e Política Lingüística de la Xunta de Galicia; Jose Marïa Díaz Zubizarreta