
Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua 24. promozioa osatzen duten 124 gizon eta emakumeen ikastaroaren inaugurazioan izango da
«Etorkizuneko Ertzaintza sortzen ari gara. Zuekin, ezinbesteko belaunaldi-berritze prozesua bultzatuko dugu», esan du Beltrán de Herediak, 33 urteko bere ibilbidean Ertzaintzak segurtasuneko zerbitzu publikoa eman duela gogorarazi eta berritze-prozesuaren bidez jende berria sartuko dutela adierazi ondoren.
Ildo horretatik, Segurtasuneko sailburuak esan du datorren udaberrian Ertzaintzaren beste promozio bat deituko dutela, 25.a, eta 250 leku izango dituela. «Horixe da bidea. Ertzaintzaren belaunaldi-berritzerako beharrezkoa da. Ertzaintza egonkorra baita: Euskadiko polizia integrala. Zerbitzatzen duen gizartearekiko konpromisoa du, eta bakea eta bizikidetza eta pertsonen segurtasuna eta ongizatea bultzatzen ditu», azaldu du.
Bederatzi hilabetez, hautaprobak gainditu dituzten 124 lagunek lau arlori buruzko oinarrizko eta beharrezko ezagutzak ikasiko dituzte: tekniko-profesionala, lengoaia, poliziaren esku-hartzea eta polizien trebetasunak.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aurrerapausoa emango du euskara sustatzeko arloan, eta horretarako, trebakuntza-eskaintza egoera soziolinguistikora egokituko du. Hala, adibidez, hainbat euskalduntze-ikastaro antolatu dituzte eta, lehen aldiz, EGA edo horren baliokideak dituzten ikasleek euskara izango dute lan-hizkuntza prestakuntzan.
«Ikasketa-prozesu luze eta interesgarri baten lehen pausoak dira. Beharrezko prozesua da, ikasten ari diren lanbidearen gaiei buruzko trebakuntza funtsezkoa delako, baita ibilbide profesional osoan behar bezala aritzeko gaitasunei buruzkoa ere», gehitu du Segurtasuneko sailburuak, Arkauten ikasten hasi diren ertzainei ongietorria emateko hitzaldian. Gainera, Ertzaintzaren misioa, ikuspegia eta balioak gogorarazi ditu.
Prestakuntza ikastaroa amaitu eta gainditu ondoren, ertzainek urtebeteko praktikaldia egingo dute. Praktikaldia ere gainditu egin beharko dute, kanporatzailea delako.
Langileen banaketa geografikoa
Promozio berriko 124 hautagaietatik 18 emakumeak dira, eta 106 gizonak. Hautagaiak lurraldeka sailkatuz gero, 80 Bizkaikoak dira (13 emakume eta 67 gizon), 26 Gipuzkoakoak (4 emakume eta 22 gizon) eta 16 Arabakoak (emakume 1 eta 15 gizon). Gainera, beste autonomia-erkidego batzuetako bi hautagai daude.
Adinaren arabera bereizita, gehienek 24 eta 28 urte artean dituzte. Gazteena 24 urteko emakume bat da eta helduena 34 urteko gizon bat.
-
2014-12-15
Comentario de Twitter:
Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua 24. promozioa osatzen duten 124 gizon eta emakumeen ikastaroaren... http://t.co/JqTxHWTjkK