Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Izaskun Iriarte: «Pasaiari dagokionez, proiektu bakoitza behar bezala landu behar da; arriskutsua da proposamenak botatzea, gauza daitezkeen ala ez ziur jakin gabe»

2014.eko abenduak 12

(Mapa elkarreragilea eta ortofotografía kontsultatu ezazu: : GeoEuskadi n) 

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde Izaskun Iriarteren ustez «Eusko Jaurlaritzak Pasaiako badiaren biziberritzearekin hartutako konpromisoa sendoa da, eta hala erakutsi dute legegintzaldia hasi zenetik proiektua hobetzeko eta hainbat erakunderen lankidetza izateko etengabeko gure ekimenek».

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak La Herreran hainbat lursail –egun Pasaiako Portuko Agintaritzaren jabetzakoak– eskuratzeko proposamenari buruz gaur goizean eginiko iragarpenarekin lotuta, Izaskun Iriartek honako hau azaldu du: «Ezer baino lehen, ezinbestekoa da Pasaiako Portuko Agintaritzarekin hitz egitea gaiarekiko duen iritzia jakiteko, eta harekin batera lan egin eta La Herreraren eskuragarritasuna bideragarria dela bermatzeko».

 

«Erakunde bakoitzak bere eskumenen baitan jardun behar du». «Proiektu bakoitza behar bezala landuta eta aztertuta egon behar da, eta oso arriskutsua da gizarteari jarduteko proposamenak botatzea haiek egingarriak diren ziur jakin gabe, eta eraginpeko erakundeen oniritzirik gabe», erantsi du Iriartek.

 

«Dena dela –azpimarratu du sailburuordeak– tartean diren erakunde guztiekin, Pasaiako Portuko Agintaritza barne, lan egiteko gure konpromisoari eusteko asmoa dugu, guztion artean adostutako erabaki bat hartzeko eta ingurune sozioekonomikoa biziberritzeko eta Pasaiako badiako bizi-kalitatea hobetzeko proiektu zehatzak gauzatzeko».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)